Egonkortasunaren bozak

73 urtean lehen aldiz, presidente ordezkapena demokratikoki egingo dute Liberian. George Weahek irabazi zuen lehen itzulia (%38,4), Joseph Boakairi (%28,8) hamar punturen aldea aterata

Egonkortasunaren bozak.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Liberian presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egin zuten atzo, eta hurrengo egunetan emango dute emaitzaren berri. George Weah futbolari ohia eta Joseph Boakai presidenteordea dira Ellen Johnson Sirleaf Bakearen Nobel sariduna ordezkatzeko bi hautagaiak. Bigarren itzuli hau azaroaren 7an egitekoak ziren, baina Charles Brumskinek, bigarren itzulitik at geratu diren hautagaietako batek, jarritako helegiteak urte amaierara arte atzeratu zituen. Liberiako Auzitegi Gorenak, ordea, ez dio arrazoia eman. Demokratikoki hautatutako bi presidenteren arteko lehen ordezkapena izango da Liberian, 73 urtean ez da halakorik gertatu.

Aldaketa Demokratikorako Kongresuko hautagaia da Weah, eta faboritoa presidente izateko bere bigarren saialdian. Izan ere, Weahek bozen %38,4 lortu zuen urriaren 10eko lehen itzulian, eta hamabost konderritatik 11tan gehiengoa eskuratu zuen. Futbolari ohiak ia hamar puntu atera zizkion Boakairi (%28,8), Batasunaren Alderdiko kideari. Gainera, haren alde egin dute lehen itzulian kanpoan geratu ziren hautagaietako bik: Charles Brumskinek (%9,6) eta Prince Johnsonek (%8,2). Halere, Brumskinen alderdia zatiturik dago, eta hainbat kide esanguratsuk Boakairen mitinetan parte hartu dute. Beraz, erabakigarria izan daiteke lehen itzulian Brumskinen aldeko boza eman zutenek zer erabaki har dezaketen. Ez du Weaheren alde egin Bosgarren hautagaiak, Alexander Cummingsek (%7,2), baina gogor kritikatu du Boakai, eta «zaharkitua» dagoela adierazi du. Sirleaf ere ez da aktiboki aritu hamabi urtez presidenteorde izan duenaren kanpainan.

FIFAren arabera XX. mendeko futbolari afrikarrik onena izan zena 2005ean aurkeztu zen lehen aldiz estatuko presidente kargurako hauteskundeetara. Kasu hartan, Sirleafen aurka galdu zuen, bigarren itzulian, baina orain indartuago dago. 2011n senatari izateko hauteskundeetan garaile atera zen Montserradoko konderrian —populaziohandienekoa—, bozen %78 lortuta. Hauteskunde horietan,Weahek Robert Sirleaf garaitu zuen, egungo presidentearen semea.

Weahek doako hezkuntza sustatu eta enplegu sorrera bizkortuko duela agindu du. Boakai hautagai ofizialistak, berriz, Sirleafen agintaldiko datu onak jarri ditu mahai gainean, eta jarraipena emango diela agindu du.

Liberiako BPG barne produktu gordina %248 igo da duela 11 urte agintera iritsi zirenetik, eta bizi itxaropena 56 urtetatik 62 igaro da. Esportazioek ere gora egin dute, eta 4.000 milioi euroko kanpo zorra kentzea lortu.

Halere, datu horiek bigarren mailan geratu dira azken urteetako gertaeren ondorioz. 2014an, ebolak 4.000 lagun baino gehiago hil zituen herrialdean. Horrek eragin zuzena izan zuen herrialdeko ekonomian —BPGaren beherakada eragin zuen—, eta oraindik ez da suspertu.

Bakeari eustea helburu

Presidente berriaren helburua bakeari eustea izango da. 150.000 lagun hil ziren bi gerra zibilen (1989-1996 eta 2000-2003) ostean, bake garaian daude Liberian, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bake misioak ere alde egin zuen iaz, hamahiru urtez segurtasunaren kontrola izan ostean. Orduan NBEko idazkari nagusi zen Ban Ki-moonek ere Sirleafen gobernua zoriondu zuen, bakea lortzeko eginiko «izugarrizko aurrerapenengatik».

Orain, hamabi urtez karguan egon den presidentea ordezkatuko dute, lehen aldiz demokratikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.