Egoera zertxobait baretu da Libiako hiriburuan. Ia 24 orduz borrokaldi betean egon ostean, gauean liskar horiek lasaitu egin direla zabaldu dute berri agentziek. Hala eta guztiz ere, hildakoen eta zaurituen datuak ez dira poztekoak: Libiako Osasun Ministerioaren arabera, 32 pertsona hil eta 159 zauritu dira azken egunotan piztutako liskarretan. Zaurituak artatzeko, ospitale berezi bat jarri du Osasun Ministerioak Tripoliko Unibertsitate Ospitalean, eta gutxienez 102 pertsona daude ospitaleratuta oraindik.
Abdul Hamid Dbeibe GNU Batasun Nazionaleko lehen ministroak Barne Ministerioari eta Fiskal Militarrari eskatu die «berehala» har ditzatela neurriak hiriburuko liskarretan lagundu zuten guztiak atxilotzeko, «militar izan zein zibil izan». Halaber, Dbeibe lehen ministroak The Lybia Observe hedabidean adierazi du hauteskundeak nahi dituela, eta Libia «kolpeen, armen eta suaren bidez» gobernatu nahi duten horiei esan die jai dutela, «ametsetan» ari direla.
Nazioartean ere eragina izan du Libiako hiriburuan azken 24 orduotan gertatutakoak. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak indarkeria «berehala» uztea galdegin du, eta bi aldeei eskatu die «elkarrizketa erreal bat hasteko, egungo geldialdi politikoari aurre egiteko eta indarra ez erabiltzeko». Halaber, zibilen babesa ere aldarrikatu du, eta galdatu du ez egitea tentsioa handituko eta zatiketa sakonduko duen ezer.
«Gerra zibil bat pizteko arriskua»
Otsailetik, bi gobernu ditu herrialdeak: mendebaldeko GNU Batasun Nazionaleko Gobernua, eta ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernua. Tripolin dago lehena, eta Tobruken du egoitza bigarrengoak, baina azken horiek gerturatzen ari dira Tripoli erdigunera. Horrez gain, hirian gogortu egin dira azken egunotan milizien arteko borrokaldiak. Hori ikusita, Abdul Hamid Dbeibah GNUko lehen ministroak armen aldeko hautua egin zuen atzo, eta ohartarazi zuen datozen orduotan «gerra zibil bat pizteko arriskua» dagoela.
«Gizon eta emakume libiar guztiak deitzen ditugu jarrera nazional serio eta benetakoa har dezaten hiriburuan irabazi pertsonalak lortzeko gerra bat hasi nahi duen edonoren aurka», esan zuen. Haitham Tajurik zuzentzen duen Iraultzaileen Brigaden eta Abdel-Ghani al-Kikli buru duen beste milizia baten artean piztu ziren borrokaldiak joan den ostegunean.