Egiptoko iraultzaren epitafioa

Hosni Mubarak duela hilabete aske utzi izanak balio sinbolikoa du giza ekintzaileen ustez; diotenez, kontrairaultzak aspaldi eten zion bidea trantsizio demokratikoari.

Herritarrak Hosni Mubaraken irudi bat hondatzen, 2011ko urtarrilaren 25ean, Alejandrian. AHMED YOUSSEF / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Orain hilabete bat, hain modu mediatikoan atxilotua izan eta ia sei urtera, Hosni Mubarak aske atera zen; isilean atera ere, preso zegoen ospitale militarreko atzeko atetik. Egiptoko erregimen militarrak ez zuen beste irudirik eman nahi izan Tahrir plazatik mundua txunditu zuen iraultzaren epitafiorako, Udaberri Arabiar izenez eskualdeko beste herrialde batzuetara matxinadaren haizea zabaldu zuen iraultza haren epitafiorako. Jada 88 urte beteak dituen diktadore ohia aske utzi izanak, batez ere, balio sinbolikoa du, zeren kontrairaultzak aspaldi eten baitzion bidea trantsizio demokratikoari. Tunisian izan ezik, erreboltek astindutako beste herrialde arabiarretan 2011koa baino okerragoa den amesgaizto batean murgilduta daude egun.

Abdelfatah Al-Sisi presidenteak aste honetan bertan sinatutako legea da horren erakusle; auzitegietako magistratu eta epaileak zuzenean aukeratzea izango du aurrerantzean, baita Auzitegi Gorenekoa ere. Giza eskubideen elkarteen kritika ozena izan da. Nayia Bunaim Amnesty Internationaleko bozeramailearen hitzetan, justiziarentzako «kolpe latza» da.

Giza ekintzaileen kritika, baina, lehenagokoa da. Martxoaren hasieran, kasazio auzitegi gorenak jenerala behin betiko absolbitu zuen, matxinadak iraundako hemezortzi egunetan 850 bat manifestari erailtzeagatiko karguak bertan behera utzita. Hala, sententzia hark amaiera eman zion aro bati. «Mubarak aske utzi izanak guztiz birrindu du biktimen senideen esperantza, maite zituzten horien heriotzagatik noizbait justizia egingo zelako esperantza», esan du Hussein Baumik, Amnesty Internationaleko Egiptoko arduradunak.

Mubaraken absoluzioak, izan ere, esan nahi du libre geratuko dela hiru hamarkadaz modu ezinago gogorrean herrialdea gobernatu zuen erregimen osoa. Diktadorearen konfiantzako gizon gehienak errugabetzat joak dituzte lehenagotik. Gaur egungo erregimenaren oinarriak, dena den, Mubarakek gora egin baino lehenagokoak dira. «Behiala hasi bai, baina sekula burutu ez zen iraultza baten beste erakusgarri bat da Mubarak askatu izana... Aldaketa gutxi batzuk gorabehera, muin-muinean, 1952an boterea bereganatu zuen taldean errotuta dago egungo gobernua», azaldu du Timothy Kaldasek, TIMEP izeneko think tank-eko analistak, gogoan harturik Gamal Abdel Naser buru zuen militar talde batek boterea hartzeko egindako ekinaldia.

Berriz aske geratu zenean, presidente ohia Kairoko Heliopolis auzo aberatsean duen etxe dotorera joan zen. Mubaraken gobernuarekin lotuta herrialdeko baliabideak indarrez ebatsi zituzten garaiaren sinboloa da presidente ohiaren luxuzko etxe hori —eta ebasketa handi hura izan zen, hain justu ere, herritarren matxinadaren pizgarrietako bat—. Eraikina estatuarena izan zen 2002ra arte, baina urte hartan Mubarak familiak bereganatu zuen, isilpean eta iruzur bidez: etxea pribatizatu, eta beste pertsona batek eskuratu zuen haientzat. Gero, familiak funts publikoak erabiliz berritu zuen, eta horren ingurukoa da, hain zuzen, iraultzaren ondoren Mubaraki jarri dioten zigor bakarra: hiru espetxe urte; eta beteak ditu dagoeneko. Nolanahi ere, agintaria ezin da herrialdetik irten, beste auzi bat baitu zabalik ustelkeriagatik.

Tratu berezia

Mubaraken kontrako prozesu mediatikoa —mendeko epaiketa izen arranditsua ere jarri zioten— prozesu politikoagoa izan zen, prozesu legala baino. Esanguratsua da, alde horretatik, jeneralak ospitale militar batean eman izana bere zigor ia osoa, eta ez kartzelan, gizon sasoitsua izan arren osasunez ustez delikatu zebilela eta. Analisten arabera, agintari militarrak hasieratik ibili dira gai honetan orekari eutsi nahian: batetik, tratu berezia eman nahi zioten beretarra zuten gizon hari, baina, aldi berean, beharra zuten herritar batzuen justizia egarri gero eta apalagoa asetzeko.

2013an, botere tradizionalek estatu kolpea jo zuten hauteskunde bidez aukeratutako aurreneko presidentearen kontra, hots, Mohamed Mursi islamistaren kontra, eta Mubarak kartzelatik atera izana, egiaz, garai hartan hasitako leheneratze prozesu arrakastatsuaren emaitza logikoa da. Kaldasen aburuz, «beti izan zen erronka bat Mubarak epaitzea Mubarakek berak idatzitako legeen arabera, Mubarakek kontratatutako poliziek jasotako frogetan oinarritutako legeei jarraituz, Mubarakek izendatutako fiskalen ardurapean, eta sententziak Mubaraken epaileek ematen zituztela».

Absolbitu zutenean, haren erregimenaren polizia bortizkeriaren biktimek ezinegona adierazi zuten, eta, orain, hura aske geratzea beste kolpe izugarri bat izan da haientzat. Dena dela, Basem Janubiek—protestak hasieratik akuilatu zituzten ekintzailetako batek— uste du garrantzi handiegia eman zaiola presidente ohiaren etorkizunari. «Hanka sartzea izan zen Mubaraki hainbesteko inportantzia ematea. Nik ez diot ematen halako balio ikonikorik. Erregimenak distraitu egin gintuen kontu horrekin, baina demokrazia lortzea, horixe zen benetan garrantzitsuena. Al-Sisiren erregimena Mubarakenaren jarraipen bat baino ez da», esan du.

Gaur egun, egoera neurtzeko zernahi parametro erabilita ere, Egiptoko bizimodua gogorragoa da, Mubaraken mende zegoenean baino. Esate baterako, giza eskubideen aldeko erakunde batzuen kalkuluen arabera, baliteke 60.000 preso politiko ere egotea, manifestazio lege drakoniar baten ondorioz zigortuak gehienak. «Ikusten ari gara giza eskubideak okertzen ari direla, baita Mubaraken garaiko baldintza eskasekin konparatuta ere. Izugarri ugaritu dira bortxazko desagerpenak eta epaiketa bidegabeak, eta askoz ere gehiago erabiltzen da indarra jendea hiltzeko», esan du Baumik, etsita.

Ekintzaileak, jomugan

Zapaltzaileek, batez ere, militante islamisten kontra jo dute —Anaia Musulmanen aurka, nagusiki—, baina iraultzaren ikur bihurtutako gazte aktibista askoren kontra ere bai: Ala Abdelfata da horietako bat. Giza eskubideen alde dabiltzanei ere inoiz ikusi ez bezala jazartzen ari zaizkie: ondasunak izozten dizkiete, bidaiatzea debekatu, eta batzuk auzipetuak ere badaude, bizi guztiko kartzela zigorra ekar liezaieketen karguekin. Mubaraken garaian, baziren marra gorri batzuk zorrotz zehaztuak, eta, horien berri izanik, disidenteek hobeto neur zezaketen zenbateraino arriskatu. Orain, ordea, segurtasun indarrek zigorgabetasun osoz eta nahieran jokatzen dute.

«Demokraziak jadanik ez die inporta: iruditzen zaie luxu bat dela», adierazi du Janubiek, goibel. 2011n, Amnesty Internationalek protestaren belaunaldia izendatu zituen Janubie eta haren kideak; gaur egun, baina, kartzelaren belaunaldia dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.