25 gobernadore probintzialek Egiptoko behin-behineko presidente Adli Mansurren aurrean beraien karguen zina egin dute. Mohamed Mursi presidente ohia boteretik kentzeko egindako estatu kolpetik trantsizio agintariek egindako azken izendapenak dira. Gobernadore hauetatik hogei berriak dira, eta bost lehendik zeuden karguan. Hasiera batean 27 gobernadore probintzial izendatzeko asmoa zegoen, baina hautagaien inguruan adostasunik ez dute lortu eta Itsaso Gorria eta Manufiya probintzietarako ez dute inor izendatu. Horietaz gain, bederatzi gobernadoreordek ereberaien karguaren zina egin dute Mansurren aurrean.
Egiptoko Konstituzioa zuzentzeko zereginekin aurrera segitzen dute. Jurista talde batek testu konstituzionalaren gainean dihardu lanean, egin nahi diren aldaketak proposatzeko. Egiptoko 50 adituk osatutako batzorde baten aurrean azalduko dute egin nahi dituzten aldaketen inguruko proposamena. Hurrengo iganderako aditu taldeak guztia prest izatea espero da.
Komunikatu batean, 50 kideko batzordean parte hartuko duela jakinarazi zuen Al-Nur alderdi salafistak. Agintariei konstituzioan oinarrizkotzat dituen gaiak ez ukitzeko eskatu die. Al-Azhar erakundeak, berriz, herrialdeko alderdi guztiekin elkarrizketak izango ditu aurrerantzean ere Egiptoko adiskidetze nazionala lortu nahian.
Atzo, bestalde, Kairon protesta gehiago izan ziren. Poliziak negar gasekin erantzun zuen Mursiren aldeko protesta baten kontra. Manifestariak Auqaf ministerioaren aurrean zeuden kontzentratuta Xerif kalean. Han, gazte talde batek, tartean adin txikikoak, kristalezko botilak botatzeari ekin zion. Imamek errieta egin zieten, baina gazte gehiago heltzen hasi ziren, eta Poliziak esku hartu zuen. Islamistak ondoko Mohamed Nagib plazara lekualdatu ziren, eta presidente ohiaren aldeko jarraitzaile gehiago elkartu zitzaizkien. Mursi boterera itzultzea eta «demokrazia errespetatzea» eskatzen dute kanpamentuetan bildutakoek.
Egiptoko gobernadore probintzial berriek karguen zina egin dute
Protestetan, poliziak negar gasekin egin die eraso Mohamed Mursiren aldeko manifestariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu