Azken egunetako tentsioa lehertu da Egiptoko Tahrir plazan. Iragan azaroaren 28an, hauteskundeen lehen fasea hasi aurretik, milaka herritarrek protesta egin zuten bertan, eta orduz geroztik, ehunka lagun geratu dira plazan eta inguruetan kanpatuta, Junta Militarrak gobernuaren gain duen erabateko kontrola buka dadin eskatzeko. Herenegun, bozen bigarren fasea amaitu ondorengo lehen ostiralean, Egiptoko armada Tahrirren sartu zen, eta kanpalekuei su eman zien, manifestariak bertatik botatzeko. Militarren eta ekintzaileen arteko aurrez aurrekoetan indarkeria nagusitu da, eta plazak iragan otsaileko protestaldien irudia berreskuratu du. Osasun Ministerioak jakinarazi du erasoetan, gutxienez, bederatzi lagun hil dituztela eta 600 baino gehiago zauritu.
Armada Tahrir plazan sartu izana oso esanguratsua izan da, otsaileko protestetan herritarrakMubaraken erregimenarengandik babestu zituelako; orduan bat egin zuten Poliziaren aurkako erasoetan. Oraingoan, baina, hainbat lekukok aditzera eman dutenez, indarrez sartu eta elkarretaratze baketsuan ari zirenak kaleratu dituzte indarkeria erabiliz. Ehunka lagunek handik alde egin behar izan dute, eta gobernuaren eta parlamentuaren egoitzen ingurura lekualdatu dira borrokak; ekintzaileak harrika erantzun diete militarrei, eta hainbat autori su eman diete. Berriro ere Tahrir plazan sartzea lortu dute manifestariek, eta Egiptoko Akademia Zientifikoari su eman diote. Hussein TantauiJunta Militarreko mariskalaren aurkako oihuek indarra hartu dute orduan. Manifestarien arabera, baina, militarren erasoak geratzen saiatu dira, baina haiek ez diete jaramonik egin. Oposizioak salatu du erietxean artatu behar izan dituzten ekintzaileetako batzuek bala zauriak dituztela.
Ganzourik, ordea, ukatu egin du militarrek suzko armak erabili dituztela, eta liskarren eragileak manifestariak izan direla baieztatu du. «Duela aste batzuetatik Ministroen Kontseiluaren egoitzarako sarbidea oztopatzen ari dira hainbat gazte; horren aurrean pazientzia handia izan dugu, eta hala jarraituko dugu. Polizia militarrak egin duen gauza bakarra egoitzak babesteko neurriak hartzea izan da, besterik ez». Dena dela, Junta Militarrak ohar baten bidez adierazi du heriotzengatik «atsekabetuta» daudela eta hildako «martirren» familiei kalte-ordainak emango dizkietela.
Bozak, bere horretan
Tahrir plazako liskarrak berriro indartu diren bitartean, bozen bigarren faseko lehen zenbaketak hasi dituzte. Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiak lehen fasean eskuratutako indarra sendotzeko asmoa azaldu du; hain zuzen, botoen %36,6 lortu zituen orduan, eta bigarren itzulian %70. Oraingoan Egiptoko bederatzi probintzietan bozkatu dute herritarrek, eta Hauteskunde Batzordearen arabera, lehen fasean baino irregulartasun gutxiago izan dira. Alderdi laikoek ez dute indarrik galdu nahi.
Herritarrak asteazkenean eta ostegunean joan ziren boza ematera; dena den, ez daude konforme Kamal Ganzouri Egiptoko lehen ministroaren izendapenarekin. Duela astebete Junta Militarrak hari eman zizkion presidente postuari dagozkion ardurak, armada eta botere judizialari lorturikoak salbu; gainera, 1996. eta 1999. urteen artean ere, Hosni Mubaraken aginte garaian alegia, lehen ministro izan zen. Horregatik, herritarrek ez dute bat egin haren izendapenarekin. Egiptoko agintaritza Junta Militarraren eskutan dago Mubarakek, protesten ondorioz, boterea utzi zuenetik, eta herritarrek batasun nazionaleko gobernua osatzeko eskaria egin dute behin eta berriro, Poliziaren, eta orain, armadaren, aurka borrokek jarraitzen duten bitartean.
Egiptoko armadak izua eragin du Tahrirren, manifestariei erasota
Plazako kanpalekuei su eman diete militarrek, eta gutxienez bederatzi ekintzaile hil eta 600 bat zauritu dituzteProtestak Tahrirretik kanpora zabaldu dira; Egiptoko Akademia Zientifikoa erre dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu