Egiptok proposamen bat egin du Gazarako menia berriz indarrean sartzeko

Hamasek beste bost bahitu askatuko lituzke, eta, trukean, Israelek erasoak eten, ehunka preso palestinar askatu eta Gazan laguntza humanitarioa sartzen utziko luke. Israelgo N12 hedabidearen arabera, mila lagunek Gazatik ihes egin dute martxoan.

Khan Yunisko Nasser ospitalea, Israelgo armadaren erasoaren ostean, gaur. HAITHAM IMAD / EFE
Khan Yunisko Nasser ospitalea, Israelgo armadaren erasoaren ostean, gaur. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 24a
14:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar astebete beteko da Israelek Gazaren aurka erasoak areagotu eta zerrendarako menia hautsi zuenetik. Aurreneko egun hartan gutxienez 400 palestinar hil zituen Israelgo armadak, eta, hartatik, erasoak ez ditu eten. Egoera irauli eta Tel Aviv su etenera birbideratzeko ahaleginak abiatu dituzte zenbait herrialdek; azkena, Egiptok. AP Associated Press berri agentziak Egiptoko armadako iturriak aipatuz argitaratu duenez, Kairok gaur aurkeztu duen proposamenaren oinarrian Hamasek oraindik Gazan dituen gatibuak askatzea dago.

APk kaleratu duenez, talde islamistak beste bost bahitu askatuko lituzke, eta, horren truke, Israelek zerrendan laguntza humanitarioa sartzen utziko luke; baita «aste luzez iraungo duen su eten bat» ezarri ere. Gainera, Tel Avivek «ehunka» preso palestinar askatuko lituzke su etenak iraun bitartean. APk ez du zehaztu zenbat preso palestinar askatu beharko liratekeen eta su etenak zenbat iraun beharko lukeen. Egiptok proposatutako akordioa AEB Ameriketako Estatu Batuek azken egunetan mahai gainean jarri dutenaren oso antzekoa da, horretan ere jasoa baitzegoen Hamasek bost bahitu askatzea eta su etena berrabiaraztea.

Ez Hamasek, ez Israelek ez dute adierazpen ofizialik egin Egiptoren proposamenaren inguruan, baina, APk talde islamistaren iturriak aipatuz kaleratu duenez, «begi onez» ikusi dute proposamena.

Israelek, bitartean, erasoan jarraitzen du. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken 24 orduetan gutxienez 61 palestinar hil ditu Israelgo armadak, eta beste 134 zauritu. Gauean bonbardaketak areagotu ditu Tel Avivek, eta, zerrendako agintariek salatu dutenez, zenbait ospitale izan dituzte jomugan. Horietako bat Khan Yunisko Nasser ospitalea da; eta hango langileek Ekialde Hurbileko zenbait hedabideetan salatu dutenez, ebakuntza departamentua «guztiz suntsitu» dute bonbek. Horri Israel egiten ari den blokeoa gehitu behar zaio, salatu dutenez, gero eta sendagai gutxiago baitituzte.

Erasoa gaitzetsi du Gazako Osasun Ministerioak ─Hamasen esku dago─, eta, ohar bidez salatu duenez, «gerra krimena» da Israelek Nasser ospitalearen aurka egin duena: «Pertsona errugabeen bizitzaren inguruko begirunerik eza agertzeaz gain, bizitza salbatzeko beharrezkoak diren osasun zerbitzuak ematea eragozten du, noiz eta pazienteek eta zaurituek ahalik eta arreta handiena behar dutenean».

Gazatik kanporatu

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du palestinarrak Gazatik kanporatzea dela bere nahia. Horiek horrela, Palestinatik «beren borondatez» ihes egin nahi duten herritarrei hori errazteko plana abiatu du Israelgo Defentsa Ministerioak. Iragan astean aurreratu zuen gobernuaren nahia Israel Katz Defentsa ministroak, eta, atzo, Israelgo Segurtasun Kabineteak onartu egin zuen helburu horretara bideratutako bulego bat sortzea. Defentsa Ministerioak ikuskatuko du, eta oraindik zehazteko dute nor izango den bulegoko burua.

Israelek Gaza husteko urratsak egiten jarraitzen duen bitartean, oraindik ez da herrialderik prest agertu palestinarrak hartzeko. Katzek hauspotutako bulegoa oraindik lanean ari ez den arren, gazatarrak ihes egiten hasi dira. N12 Israelgo hedabideak gaur kaleratutako informazioaren arabera, martxo hasieratik mila lagun inguruk egin dute ihes zerrendatik. Gainera, aste honetan 600 lagunek Gazatik alde egingo dutela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.