Egipto, bi urte bor-bor egiten

Gaur, bi urte dira Mubarak agintetik kentzeko mobilizazioak hasi zirela. Egiptok gobernu zibil bat lortu duen arren, oposizioak dio Anaia Musulmanek erregimen haren pareko bat sortu nahi dutela.

Kairo
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Egiptoko kaleak bero-bero daude. Kafetegiak, merkatuak eta plazak. Galdera bakarra leku guztietan, 2011n askok egiten zutenaren antzekoa: «Zer gertatuko da urtarrilaren 25ean?». Bi urte igaro dira gazte talde batek segurtasun indarren mehatxuei aurre egin eta, Tunisian aste batzuk lehenago gertatuak inspiratuta, Egipton kaleak hartu zituztela. Gazteek, hasieran, ez zuten nahi Polizia erreforma zedila eskatu baino, baina Egipton eta Ekialde Hurbilean izan zen aldaketa historikoaren motor bihurtu dira.

«Ogia, askatasuna eta justizia soziala» eskatzeko oihu haiek Mubaraken erreinua desegin zuten, baina, urtarrilaren 25 hartatik bi urte pasatu direla, ez dirudi bideak distira berbera duenik denentzat. Milaka egiptoar irtengo dira gaur kalera, haserre, Anaia Musulmanen gobernuaren kontra daudela adierazteko: leporatzen diete beste erregimen bat osatu nahi dutela beren alderdiaren inguruan. Hainbat herritar esaten ari dira beste iraultza bat izango dela, anaiarte horren kontrako iraultza bat oraingoan. Duela hilabete, talde islamistak eta oposiziokoak aurrez aurre jarri zituen konstituzio gatazkatsu bat onartu zen, eta gizartea hautsiko den mamuak mehatxu egin du berriz ere. Egiptoko trantsizio politikoa motela, zaila eta, batez ere, oso gogorra izaten ari da.

Herrialdea, ezbairik gabe, aldatu egin da. 84 urteko ostrazismoaren ostean, Anaia Musulmanek presidentetza lortu dute. Historian lehen aldiz, herritar zibil bat ari da gobernatzen Egipto. Herrialdeak atzean utzi du mende erdian baino gehiagoan gobernu militar bat eduki izana, baina armadaren itzal luzea bizimodu politikoaren zelatan dabil oraindik ere, eta presidentetza nola edo hala ari da moldatzen giltzarri diren instituzio batzuen erreformaren inguruan.

Egipto kolapso erabatekoaren ertzera ari da hurbiltzen isil-gordeka, ekonomia azkenetan baitago, eta gizartea, berriz, zatituta herrialdearen etorkizunaren inguruan. Aldekoak, denbora eta pazientzia eske dabiltza aldaketak egin ahal izateko; oposizioak, berriz, uste du Mursi faraoi bihurtu besterik ez duela nahi. Gobernu berriari erlijio kutsu bat eman eta Mubaraken eredua ezarri nahi izatea leporatu dio oposizioak anaiarteari, baita estatuko instituzio guztiak kontrolatu nahi izatea ere. Ondorio hori atera dute, alde batetik, Mursik epailetzari eraso egin ziolako azaroan, konstituzioaren testua onartu aurretik; beste batetik, zenbait ministro aldatu dituztelako gobernuan; eta, azkenik, prentsari eraso egin diotelako azkenaldian. Giza Eskubideen Inguruko Informazioaren Sare Arabiarrak atera berri duen txosten baten arabera, Mubaraken gobernu osoan —28 urte iraun zuen— presidentea difamatzeagatik auzipetutako kazetariak halako sei auzipetu dituzte Mursi gobernuan izan den berrehun egunetan.

Poliziaren jokabide txarra ere ez da, itxuraz, bukatu. Nadim torturaren aurkako zentroaren arabera, Mursi presidente izan zen aurreneko ehun egunetan, 34 pertsona hil ziren Poliziaren zaintzapean, eta beste 88k torturatu egin zituztela salatu zuten. Amnesty Internationalek berriki azaldu duenez, presidentetza islamistak iraun duen sei hilabeteetan beste hamabi pertsona hil dira polizia indarrak hainbat manifestaziotan eginiko oldarren ondorioz.

Bizia iraultzaren alde eman zutenentzat ere ez da etorri justiziarik, itxuraz. Herriaren matxinada hartan, 840 manifestari hil ziren, eta, urtarrilaren 25 hartatik bi urtera, oraindik ez dute inor ere kondenatu erantzule gisa. Akusatutako polizia gehien-gehienek lanean jarraitu dute prozesu judizialak iraun bitartean, eta ia denak errugabetzat jo dituzte; dena den, giza eskubideen aldeko zenbait erakundek salatu dutenez, epaiketa horietan froga ugari ezkutatu, manipulatu eta ezabatu zituen Barne Arazoetako Ministerioak, hots, epaitzen ari ziren erakundeak berak.

Berriki, Mubaraken epaiketa berriz egingo dutela iragarri dute, eta baliteke haren zigorra txikitzea; horrek, noski, suari su eman besterik ez du egin. Martirien senideek honela ohartarazi dute: «Auzitegien bidez lortzen ez badugu gure seme-alabentzako justizia, geure kabuz lortuko dugu».

Aurreko erregimeneko agintari batzuek bere egindako zenbait estatu ondasun berreskuratu nahian, gobernua adiskidetzearen alde agertu da azken asteetan. Amnistia judiziala eskaini die ustelkerian ibili baina estatuari lapurtutako ondasun batzuk itzultzeko prest daudenei. Zenbait iheslarik onar lezakete eskaintza hori; esate baterako, Mohamed Rashid Industria ministro izandakoak eta Yussef Butros Ghali Ekonomia ministro izandakoak. Mubaraken garaian Egiptoko Gobernuan zeudelarik, biek ardura handiko postuak izan zituzten Nazioarteko Diru Funtsean ere. Hain zuzen, Mursiren gobernua 3.600 milioi euroko kreditu bat negoziatzen ari da orain NDFrekin. Mubaraken garaian, Anaia Musulmanek kritikatu egin zituzten laguntza horiek; orain, ordea, Anaia Musulmanen Egipto honen garaian, ez dirudi hori arazo bat denik.

Kalea, berriz, gori-gori dago: manifestazio ugari egiten ari dira gobernuari bidea zuzen dezala eskatzeko. Eta gogoratzeko, bi urteren ondoren, zertarako zen orduko hura. Baina Egipto honetan ezer aldatu bada, hauxe aldatu da, dudarik gabe: orain kalea taupaka ari dela, inoiz ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.