Egipto berriro sutan dago

Oposizio laikoak indar erakustaldia egin du Anaia Musulmanen kontra, Mubaraken aurkako mobilizazioen bigarren urtemuganMursik esan du erregimen zaharreko jende ezaguna kontrairaultza prestatzen ari dela

Kairo
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Lehen, Hosni Mubarak izan zen, eta, orain, Mohamed Mursi da. «Mubaraken aurkako iraultzaren urteurrena Anaia Musulmanen kontrako iraultza batekin ari gara ospatzen». Argi dauka Israa Helmi gazteak, ozpinez bustitako zapia ahoan, Poliziak jaurtitako negar gasak Alexandriako kaleak lainotzen dituen bitartean. «Oraingoan, lana amaitu egin nahi dugu». Gobernu islamistak sei hilabete hauetan egin dituen gehiegikeriez mintzatu da: «Bi urte daramatzagu iraultzan, baina aldaketarik ez dugu nabaritzen kasik».

Mohamed Mursi presidentearen aurkariak eta polizia indarrak aurrez aurre izan ziren atzo Egiptoko hiri askotako kaleetan, herri altxamenduaren bigarren urteurreneko protestetan. Hamarka mila lagunek salatu zuten Anaia Musulmanek, agintean egin dituzten sei hilabeteotan, agintekeria erabili eta boterea erabat berenganatzeko nahia erakutsi dutela. Istiluetan, ehun lagun baino gehiago zauritu ziren. Tahrir plaza, inguruetan liskarrak izan arren, iraultzako egunik handienetan bezala bete zen atzo.

Muturreko larrialdi egoera aurreikusi zuen Egiptoko Barne Ministerioak, eta, matxinatuen erasoen beldur, polizia etxeetan zeuden atxilotu guztiak espetxeetara eramanak zituzten. Protesten antolatzaileek lasai egoteko deia egin arren, eguna argitzerako hasi ziren liskarrak Kairoko Tahrir plazan, Poliziak kanpalekuan zirenei eraso egin eta hainbat lagun zauritu baitzituen. Liskarrak herrialde guztian zabaldu ziren, egun osoan.

Kairon ez ezik, Suezen, Ismaliyan, Mahalla al-Kubran, Zagazigen eta beste zenbait lekutan izan ziren polizien eta manifestarien arteko liskarrak; Zagazigen, Mursiren jaiotetxe aurrean. Alexandrian, udaletxe aurrean eta Mansheiako epaitegien ondoan izan ziren liskarrik gogorrenak. Han, igandean ere istiluak izan ziren, manifestariak hiltzeaz akusatutako ofizialik oraindik ez baitute zigortu: bi urtean, 840 manifestari baino gehiago hil dituzte. Senideak haserre bizian dira, are gehiago auzitegiek ebatzi dutenetik Mubaraken eta haren Barne ministro Habib al-Adliren aurkako epaiketa berriro egin behar dela; zeharka, baina bi urteotan manifestarien kontrako errepresioagatik zigortutako bakarrak haiek baitziren.

Istiluak hasi orduko, armada hiri nagusien sarreretan kokatu zen. Gobernuak ez zuen nahi duela bi urteko irudiak berritzea, tankeek kaleak hartu zituztenekoak, eta armadako bozeramaile Ahmed Mohamed Alik zehaztu zuen armada kalera ateratzea «badaezpada hartutako neurri bat» izan zela, baina ez zutela asmorik istiluetan esku hartzeko.

Oposizio laikoak deitu zuen atzoko mobilizazioetara. Salbazio Nazionalerako Frontea dute gidari, Anaia Musulmanei aurre egiteko indar ez-islamistek osatutako koalizioa. Koalizio horren buru Mohamed al-Baradei diplomazialari eta Bakearen Nobel sariduna dago, eta atzo dei zuzena egin zion Mursi presidenteari, kalearen oihua entzun eta orain arteko politikak aldatu edo kargua uzteko.

Twitter bidez egin zuen mobilizaziorako deia Al-Baradeik, artean protestak hasi gabeak zirela: «Irten plazetara, azkenean iraultzaren helburuak eskuratzeko». Hamdeen Sabahi naseristak, berriz —presidentetzarako hautagai izan zen—, «inork estatuaren gain monopolioa izatea» baztertzen dutela esan zuen gisa berean.

Iraultza prozesua «bahitzen» saiatzea eta jarduera errepresibo eta monopolistak ezarri nahi izatea leporatzen die oposizioak egungo agintariei. Ezein joera politiko edo erlijiosotik independentea izango den estatu zibil berri bat ezartzea nahi dute, eta, horretarako, konstituzioa bertan behera utzi —islamistek bakarrik onartu zuten— eta fiskal nagusi izendatu berria kargutik kentzeko eskatzen dute. Bi eskakizun horiei erantzun egoki bat eman artean, kanpaldiekin eta protestekin jarraituko du oposizioak.

Anaiartea, egoitzak zaintzen

Anaia Musulmanek esana zuten ez zirela kalera irtengo Egiptoko mobilizazioen bigarren urteurrena ospatzera. Horren ordez, 1.800 eskola berreraiki eta 650.000 botika banatzeko ongintza kanpaina bat antolatu zuten. Proiektu hori, baina, Hosni Mubarak presidente ohiak antolatu ohi zituen propaganda kanpainen kutsukoa dela adierazi du oposizioak.

Anaiarteak, nolanahi dela, kritika horiek salatu ditu. Bere zilegitasuna hauteskundeetan herritarrek emandako babesean oinarritzen dela argudiatu, eta programa betetzeko denbora eskatu du. Bezperan, Mursik berak, Mahoma profetaren jaiotza gogoratzeko hitzaldi batean, adi egoteko eskatu zien egiptoarrei, erregimen zaharreko jende ospetsuak gidatutako kontrairaultza bat martxan dela eta. Salbazio Nazionalerako Frontea dago kontrairaultza horren atzean, Anaia Musulmanen arabera, koalizioko kideen artean Amr Moussa eta halakoak dituelako —Arabiar Ligako idazkari nagusi ohia eta Egiptoko Atzerri ministro izana, Mubarak presidente zela—.

Mobilizazioen bigarren urteurrenean kalera atera ez arren, ordea, Anaia Musulmanek galtzak bete lan izan zuten beren egoitzak babesten. Iazko abenduan, anaiartearen 28 bulegori eraso zieten, Mursiren kontrako protestetan, eta atzo segurtasun neurri handiak hartu zituzten. Hala ere, Anaia Musulmanen webgunearen bulegoak kalte handiak jasan zituen, Kairon, eta Ismaliyan anaiartearen egoitza erre zuten.

Islamista kontserbadoreagoek, berriz, kontuz ibiltzeko ohartarazi zieten manifestariei: «Inor saiatzen bada estatu kolpe bat ematen, estatu islamikoa ezarriko dugu», egin zuen mehatxu Hazem Abu Ismail salafistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.