Joan den maiatzetik, gose greban daude Txileko Angol espetxeko hamazazpi preso politiko maputxe, eta ura edateari ere uko egin zioten astelehenean. Maputxe guztiak modulu berean bizi ziren Angol espetxean, baina modulu hori desegin egin zuen kartzelako poliziak maiatzaren 7an, eta herrialdeko beste kartzela batzuetara eraman zituzten presoak. Besteak beste, Temucoko kartzelara bidali zituzten sei preso. Txileko kartzelen artean baldintzarik gogorrenetakoak izateagatik da ezaguna espetxe hori.
Angoleko kartzelan izan zen gertakari baten harira hasi zuten gose greba, baina gertakari hori azaltzen duten bi bertsio daude. Poliziaren arabera, moduluko maputxeak espetxeko hiru funtzionario bahitzen saiatu ziren egun hartan. Zenbait irudi eta bideo zabaldu zituzten herrialdeko hedabideetan, erasoa frogatzeko, baina horietan presoen eta funtzionarioen arteko liskar bat baino ez da ikusten. Maputxeek ukatu egin dute bahiketa saiakera.
Haien esanetan, bi funtzionario horiek modulura sartu ziren, eta, ondoren, uko egin zioten handik irteteari, bahiketa salatu zuten funtzionarioak iritsi ziren arte. Gainera, salatu dute egun hartako otorduak eta bisitak «arbitrarioki eta aurretik abisatu gabe» eten zituztela funtzionarioek, baita haien aurka negar gasa erabili zutela ere.
Horiek hala, gertatutakoa «aurretik prestatu» izana leporatzen diete komunitate maputxeek Poliziari eta Txileko Gobernuari. Herrialdeko zenbait hedabideri adierazi dietenez, liskarrak hasi baino lehen bidali zituzten bahiketaren inguruko prentsa oharrak, eta telebista kateetako kazetariak «oso azkar» iritsi ziren espetxera.
Maputxeen eskakizuna argia da: modulu berezia berriz ezartzea eta Temucoko espetxean dauden sei presoak Angolekora itzultzea. Haien arabera, modulu hori «ezinbestekoa da» herri indigena gisa duten elkartasuna zaintzeko eta Isabel xamanarekin duten loturari eusteko.
Dena den, ehun egun igaro dira gose grebari ekin ziotenetik, eta haien eskaerek ez dute oraindik erantzunik izan. Auzia «ahalik eta lasterrena» konponduko zutela hitzeman zuten Txileko Gobernuak eta Poliziak maiatzean. Baina, Victor Queipul komunitate maputxeko buruak salatu duenez, oraindik ez dute haiekin hitz egin. «Presoek aldarrikatzen dituzten eskubideak ez dira pribilegioak; OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. itunean oinarritzen dira». Hain justu, herri indigenen kultur aniztasuna eta eskubideak aitortzen dira hitzarmen horretan. OITk onartu zuen 1989an, eta 24 herrialdek sinatu dute, hala nola Espainiak, Alemaniak, Nikaraguak eta Txilek.
Herri indigenetako kideek kartzelan dituzten eskubideak ere zehazten ditu dokumentuak: batetik, eskubidea dute komunitateko ohitura eta erakunde propioak mantentzeko, betiere horiek ez badira bateraezinak sistema juridiko nazionalak definitutako oinarrizko eskubideekin edo nazioarteko giza eskubideekin; bestetik, haien «ezaugarri ekonomiko, sozial eta kulturalak» kontuan hartu beharko dira zigor penalak ezartzean. Ildo horretan, lehentasuna izango dute espetxeratzeaz aparteko zigor motek.
Osasun egoera «larrian»
Preso politiko maputxeen dozenaka senide bertaratu dira egunotan Angoleko kartzelara. Horietako askok kanpadendak jarri dituzte, eta haiekin bat egitera deitu dituzte gainontzeko kide maputxeak. Senideek salatu dute Poliziak ez ziela presoen lekualdatzeen berri eman, eta haien eskaerei «ahalik eta lasterrena» kasu egiteko galdegin diote Txileko Gobernuari.
Zenbait hedabideren arabera, preso maputxeak «torturatu eta jo» zituzten maiatzaren 7ko goiz hartan, eta horietako hiru tiroz zauritu zituzten. Salatutako «torturen», gose grebako ehundik gora egunen eta hasi berri duten egarri grebaren ondorioz, Angoleko ospitalean daude horietako asko. «Oso egoera larrian» daude preso gehienak, baina familiek jakinarazi dutenez, gehienen egoera «egonkortzea» lortu dute osasun langileek. Halere, familiek salatu dute Angoleko erizaindegiak «higiene falta larriak» dituela.
Hamazazpi preso politiko maputxeen gose eta egarri grebek oihartzuna izan dute Angoleko eta Temucoko kartzelen ingurutik harago ere. Maiatzaren 7ko gertakaritik hamar egunera, maiatzaren 17an, ehunka ikasle maputxek manifestazio bat egin zuten Temucoko polizia etxearen aurrean. Besteak beste, Angol espetxetik ateratako presoak beren jatorrizko espetxeetara itzultzeko eskatu zuten.
Egarri eta gose greban daude Txileko hamazazpi preso politiko maputxe
Angol espetxeko preso politikoak joan den maiatzetik daude gose greban. Besteak beste, maputxeen modulu berezia berriz ezartzeko eskatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu