Sei egun besterik ez da falta Nicolas Maduro berriro Venezuelako presidente izendatzeko: hala, hurrengo sei urteetan eutsi egingo dio orain duen karguari. Urtarrilaren 10ean izango da ekitaldia, eta, eguna hurbiltzen den heinean, ikusmina geroz eta handiagoa da. Izan ere, oposizioko buru Edmundo Gonzalezek esana du egun horretan berak hartuko duela Venezuelako presidente kargua, eta ez Madurok. Haren asmoen erakusle da, hain justu, Latinoamerikako hainbat liderren babesa berresteko bira diplomatikoa hasi duela: Argentinan izan da gaur, eta hango presidente Javier Mileirekin elkartu da. Goizean goizetik, Buenos Airesko erdigunean dagoen Etxe Arrosaren aurrean bildu dira Argentinan bizi diren ehunka venezuelar, Gonzalezi babesa erakusteko.
Ultraeskuindarra buru duen gobernua izan zen Gonzalez presidentetzarako bozen irabazletzat jo zuten aurreneko herrialdeetako bat; ordutik, Mileik behin baino gehiagotan adierazi dio babesa chavismoaren oposizioko hautagaiari. Iazko uztailaren 28an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Venezuelan, eta, herrialdeko Hauteskunde Batzordearen arabera, Madurok bildu zuen boto gehien. Oposizioak eta haren alde lerratu diren nazioarteko hainbat herrialdek, ordea, salatu dute «iruzurra» egon zela, eta, gaur-gaurkoz, ez dute Maduro irabazle gisa aitortzen.
Mileirekin bildu ondoren, Gonzalez Uruguaira joatekoa da gaur iluntzean; gero, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente Joe Bidenekin biltzekoa da. Urtarrilaren 8an, asteazkena, Panaman izango da, eta hango presidente Jose Raul Mulinorekin elkartuko da; 9an, berriz, Dominikar Errepublikako presidente Luis Abinader bisitatuko du. Argentinako Gobernuak bezalaxe, herrialde horietako gobernuek ere Gonzalez aitortzen dute Venezuelako presidente gisa. Ondorioz, hainbatek eten egin dituzte Maduroren aginpeko gobernuarekin zituzten harreman diplomatikoak; esaterako, Panamako Gobernuak.
Ekitaldirako prestaketak
Venezuela bera izango litzateke oposizioko presidentegaiaren azken geltokia: urtarrilaren 10ean, ostirala, egitekoak diren kargu-hartze ekitaldian. Maduro ere han izango da, ordea. Venezuelako Gobernuak atzo jakinarazi zuen dagoeneko hasiak direla egun horretako prestakizunak antolatzen; adibidez, 1.200 polizia agente eta militar inguru zabaldu dituzte herrialde osoan. Venezuelako segurtasun indarrek hainbat hedabideri azaldu diotenaren arabera, helburua da «bakea eta segurtasuna» bermatzea; baita Madurok presidente kargua hartzen duela ziurtatzea ere.
Horren berri eman aurretik, herenegun, Venezuelako Poliziak mezu hau zabaldu zuen: 100.000 dolarreko saria emango dio Gonzalez zehazki non dagoen dakien eta jakinarazten duen edonori. Venezuelako Fiskal nagusi Tarek William Saabek haren aurkako atxilotze agindua berriro ere indarrean jarri ondoren zabaldu zuten mezua. Gonzalez Espainian erbesteratua dago iazko irailetik, gaurko bira diplomatikoa hasi aurretik, eta ez da zabaldu non gordeko den Venezuelara itzultzen denean.