Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak bigarren bilera hasi du gaur Ghanako hiriburuan, Akkran, Nigerko militarrek estatu kolpea eman zutenetik, uztailaren 26tik. Bada, hamabost estatuk osaturiko blokeak adierazi du kide gehienak prest daudela Nigerren esku hartze militarrean parte hartzeko, ahalegin diplomatikoek huts egiten badute. Aldiz, agintean junta militarrak dituzten hiru herrialdeek —Burkina Fasok, Malik eta Gineak— eta Cabo Verdek ez dute bat egin erabaki horrekin, Ecowaseko komisario Abdel-Fatau Musahk zehaztu duenez. Afrikako Batasunak ere baztertu egin du operazio militarra egitea, iturri diplomatiko batek Efe agentziari baieztatu dionez. Beraz, ikusteko dago Ecowasen hautuak zer bide izango duen.
Nigerko militarrek Mohamed Bazoum presidentea kargutik kendu zuten estatu kolpea eman zuten egunean, eta orduz geroztik, Bazoum eta haren familia presidentearen jauregian preso daude. Are, junta militarreko bozeramaile Amadou Abdramanek berriki esan du epaitu egingo dutela estatuburu ohia, «traizioa» egotzita. Musahk, berriz, esan du «ironikoa» dela «bahituta» dagoen norbaiti hori leporatzea. Kolpistek uko egin diete Nazio Batuen Erakundearen, Ecowasen eta Mendebaldeko potentzien eskaerei, agintea utz dezaten. Bide horretan, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak prest jarri ditu Nigerren sartzeko esku hartze indarrak.
Ikusi gehiago: Nigerko presidente kargugabetua epaituko dute «traizioa» egotzita
«Demokrazia defendatzen dugu eta sustatu egiten dugu», esan du Nigeriako armadako jeneral Christopher Gwabin Musak, Akkrako bi eguneko bilkuraren atarian. Zehaztu du, halaber, bileraren helburua ez dela soilik egoerari erantzuna ematea, «bakea lortu eta egonkortasuna sustatuko duen norabide aktiboa marraztea baizik».
Blokeak Nigerko krisiaz eztabaidatzeko bilera bat egin zuen abuztuaren 6an, hain zuzen, matxinaturiko soldaduek Bazoum askatzeko epea amaitu ondoren. Ecowasek asteak daramatza balizko operazioari buruz hitz egiten, «azken baliabidetzat» jo baitu, Niameira bidalitako ordezkaritza taldeak ez zuelako militarrekin adostasun batera heltzea lortu. Ecowaseko komisarioak militarrei leporatu die blokearekin «katua eta sagua» bezala aritzea, ordezkariekin mahaian ez esertzeagatik eta agintean jarraitzeagatik, kosta ahala kosta.
Bien bitartean, junta militarra, CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala, trantsizio gobernua osatzen ari da; esaterako, Mahamane Lamine Eine izendatu dute lehen ministro, 1999tik 2010era artean Mamadou Tandjak gidatutako gobernuko Finantza ministroa izan zena. Gobernuak 21 ministerio izango ditu, eta horietatik sei —Defentsa, Barne, Osasun, Garraio, Gazteria eta Baliabide Hidriko ministerioak— militar ofizialen eskuetan geratuko dira. Hedapen militarra indartzeaz eta aire eremua ixteaz gain, ohartarazi dute Ecowasen balizko esku hartze operazioak «berehalako» erantzun «zehatza» izango duela.
Testuinguru horretan, CNSPkoen aldeko Nigerren Defentsako Boluntario taldeak 18 urte baino gehiago dituzten herritarren errekrutatze kanpaina abiatuko du larunbatean. «Edozertarako prest egon behar dugu», esan dio Amsarou Bako taldeko sortzaileetako batek AEBetako Associated Press agentziari. Haren arabera, 18 urtetik gorako «edonork eman dezake izena», eta zerrenda juntari emango diote, behar izanez gero jendeari deitzeko.
CNSPkoak babesten dituzten Burkina Fasoko eta Maliko —junta militarren esku daude— agintariek gogorarazi dute Nigerren edozein esku hartze militar «gerra ekintza» gisa deklaratuko dutela, eta horrek, zehazki, agerian utziko luke Sahelgo herrialdeen arteko haustura. Ginea ere gobernu militarraren menpe dago, eta atzerriko edozein eraso gaitzetsi du, baina ez du bestelako adierazpenik egin.
Niger, estrategikoa
Nigerrek garrantzi estrategikoa du Afrika mendebaldeko bloketik harago; uranio eta petrolio erreserbetan aberatsa izateagatik eta Sahel eskualdean matxino islamisten aurkako borrokan parte hartzen duten atzerriko tropen operazio eremuagatik, besteak beste. Zehazki, Frantziako, Ameriketako Estatu Batuetako, Alemaniako eta Italiako tropak daude han. Hala, Mendebaldeko herrialdeak arretaz erreparatzen ari zaizkio Nigerko egoerari, baliteke-eta haren auzoko Maliren bidea hartzea. Izan ere, iaz, Maliko gobernu militarrak Frantziako tropak kanporatu zituen herrialdetik, bederatzi urteren ostean.
Bestalde, Frantziak, Nigerko potentzia kolonial ohiak, ukatu egin ditu junta militarrak eginiko salaketak; Parisi egotzi dio herrialdearen ezegonkortzea bilatu izana edota aire eremua urratu izana. Kontrara, Eliseoak adierazi du Ecowasek «ordena konstituzionala» berrezartzeko egiten dituen ahaleginak babesten dituela. Horrekin lotuta, Musahk baztertu egin du Frantziak edo Mendebaldeko beste edozein potentziak blokea «manipulatu» izanaren akusazioa. «[Kolpistei] Ahaztu egin zaie Ecowas arauetan oinarritutako erakundea dela. Protokolo eta lege propioak ditugu, eta babesteko prest gaude», nabarmendu du.
31 zibil hil dituzte
ISGS Sahara Handiko Estatu Islamikoak hainbat eraso egin ditu azken egunotan Nigerko Tillaberin eskualdean, hego-mendebaldean. Actuniger albiste atariak gaur jakinarazi duenez, ISGSko hainbat kide Dessa eta Mehanna herrixketan sartu ziren asteartean, eta gutxienez 31 zibil hil zituzten.
Aste honen hasieran, gainera, talde armatu batek Nigerko militarrei eraso zien Torodi eta Boni eskualdeetan, baita Tillaberin ere. Liskar horien ondorioz, hamazazpi militar hil eta beste hogei zauritu ziren, Defentsa Ministerioaren arabera.