Ecowaseko kide ia guztiak prest daude Nigerren militarki esku hartzeko

Burkina Faso, Mali, Ginea, Cabo Verde eta Afrikako Batasuna erabakiaren aurka azaldu dira

Ecowaseko estatu kideetako zenbait ordezkari, atzo, Akkran eginiko bileran, Ghanan. CHRISTIAN THOMPSON / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak bigarren bilera hasi zuen atzo Ghanako hiriburuan, Akkran, Nigerko militarrek estatu kolpea eman zutenetik, uztailaren 26tik. Bada, hamabost estatuk osaturiko blokeak adierazi zuen kide gehienak prest daudela Nigerren esku hartze militarrean parte hartzeko, «ordena konstituzionala berriz ezartzeko» ahalegin diplomatikoek huts egiten badute. Agintean junta militarrak dituzten herrialdeek —Burkina Fasok, Malik eta Gineak— eta Cabo Verdek, aldiz, ez zuten bat egin erabaki horrekin, Ecowaseko komisario Abdel-Fatau Musahk zehaztu zuenez. Afrikako Batasunak ere baztertu egin du operazio militarra egitea, iturri diplomatiko batek Efe agentziari atzo baieztatu zionez. Beraz, ikusteko dago Ecowasen hautuak zer bide izango duen.

Nigerko militarrek Mohamed Bazoum presidentea kargutik kendu zuten estatu kolpea eman zuten egunean, eta orduz geroztik, Bazoum eta haren familia preso daude presidentearen jauregian. Are, junta militarreko bozeramaile Amadou Abdramanek berriki esan du epaitu egingo dutela estatuburu ohia, «traizioa» egotzita. Nazio Batuen Erakundeak, Ecowasek eta Mendebaldeko potentziek kolpistei eskatu diete agintea utz dezatela, baina haiek uko egin diote horri. Bide horretan, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak prest jarri ditu Nigerren sartzeko esku-hartze indarrak.

«Demokrazia defendatzen dugu, eta sustatu egiten dugu», esan zuen atzo Nigeriako armadako jeneral buru Christopher Gwabin Musak, Akkrako bi eguneko bilkuraren atarian. Zehaztu zuen, halaber, bileraren helburua ez dela soilik egoerari erantzutea, «bakea lortu eta egonkortasuna sustatuko duen norabide aktiboa marraztea baizik».

Blokeak Nigerko krisiaz eztabaidatzeko bilera bat egin zuen abuztuaren 6an, hain zuzen, matxinaturiko soldaduek Bazoum askatzeko epea amaitu ondoren. Ecowasek asteak daramatza operazioa egiteari buruz hitz egiten, «azken baliabidetzat» jo baitu, Niameira bidalitako ordezkaritza taldeak ez zuelako lortu militarrekin ados jartzea. Ecowaseko komisarioak militarrei leporatu die blokearekin «katua eta sagua» bezala aritzea, ez direlako ordezkariekin mahaian eseri eta agintean segitzen dutelako, kosta ahala kosta.

Bien bitartean, junta militarra, CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala, trantsizio gobernua osatzen ari da; esaterako, Mahamane Lamine Eine izendatu dute lehen ministro, 1999tik 2010era Mamadou Tandjak gidatutako gobernuko Finantza ministroa izan zena. Gobernuak 21 ministerio izango ditu, eta horietatik sei—Defentsa, Barne, Osasun, Garraio, Gazteria eta Baliabide Hidrikoen ministerioak— militar ofizialen eskuetan geratuko dira. Hedapen militarra indartzeaz eta aire eremua ixteaz gain, ohartarazi dute Ecowasen esku hartzeari «berehala» eta «zehatz» erantzungo diotela.

Errekrutatze kanpaina

Larunbatean, CNSPkoen aldeko Nigerren Defentsako Boluntario Taldeak kanpaina bat abiatuko du 18 urte baino gehiago dituzten herritarrak errekrutatzeko. «Edozertarako prest egon behar dugu», esan zion atzo taldeko kideetako batek, Amsarou Bakok, AEBetako Associated Press agentziari. Haren arabera, 18 urtetik gorako «edonork eman dezake izena», eta zerrenda juntari emango diote, behar izanez gero mobilizaziora deitzeko.

CNSPkoak babesten dituzten Burkina Fasoko eta Maliko —junta militarren esku daude— agintariek gogorarazi dute Nigerren edozein esku hartze militar «gerra ekintza» gisa deklaratuko dutela, eta horrek, zehazki, agerian utziko luke Sahelgo herrialdeen arteko haustura. Ginea ere gobernu militar baten menpe dago, eta atzerriko edozein eraso gaitzetsi du, baina ez du bestelako adierazpenik egin.

Nigerrek garrantzi estrategikoa du Afrika mendebaldean; uranio eta petrolio erreserbetan aberatsa izateagatik eta Sahel eskualdean matxino islamisten aurkako borrokan parte hartzen duten atzerriko tropen operazio eremuagatik, besteak beste. Zehazki, Frantziako, Alemaniako, AEBetako eta Italiako tropak daude han, eta Mendebaldea arretaz erreparatzen ari zaio Nigerko egoerari, haren auzoko Maliren bidea har dezakeelako. Izan ere, iaz, Maliko gobernu militarrak herrialdetik kanporatu zituen Frantziako tropak, bederatzi urteren ostean.

Bestalde, Frantziak, Nigerko potentzia kolonial ohiak, ukatu egin ditu junta militarrak eginiko salaketak: Parisi egotzi dio herrialdearen ezegonkortasunaz baliatu izana. Kontrara, Eliseoak adierazi du Ecowasek «ordena konstituzionala» berriz ezartzeko egiten dituen ahaleginak babesten dituela. Horrekin lotuta, Musahk baztertu egin du Mendebaldeko edozein potentziak blokea «manipulatu» izana: «[CNSPkoei] Ahaztu egin zaie Ecowasen protokolo eta arau propioak ditugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.