Nigerko estatu kolpearen ondotik, esku hartze militar posible bat aztertzeko bilkura egin du, gaur arratsaldean, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak, Abujan. Nigeriako presidente eta blokeko txandakako buruzagi Bola Tinubuk diplomaziaren aldeko mezua zabaldu du goi bilera hasi aurretik. «Negoziazio diplomatikoak eta elkarrizketa lehenesten ditugu gure posizioaren oinarri gisa». Baina bilkuraren ostean, interbentzio baten aukera haizatu du blokeak berriz. Ecowasek ez du «aukera bat bera ere baztertzen» Nigerren «ordena konstituzionala berrezartzeko», eta jakinarazi du esku hartze indarrak aktibatu zituela Nigerren sartzeko prest egon daitezen.
Tinubuk ez du xehetasun gehiago eman blokeak erabaki duenari buruz, eta ez dago argi adierazitakoak zein mugimendu militar ekarriko dituen. Zenbait iturriren arabera, Nigeria eta beste zenbait herrialde hasiak dira tropak Nigerko mugara mugitzen. Tinubuk nabarmendu du Nigerren uztailaren 26an gertatu zen estatu kolpea «mehatxu bat» dela «Afrika Mendebalde osoarentzat». 2020 urtetik, eskualdean kolpe militar bat jasan duen laugarren estatua da Niger —Maliren, Ginearen eta Burkina Fasoren ondotik—.
Joan den astean, Ecowasek militar kolpistei exijitu zien kanporatu zuten presidentea, Mohamed Bazoum, askatzeko. Joan den igandera arteko epemuga ezarri zien. Nigerko junta militarrak, baina, entzungor egin die Ecowasen ohartarazpenei, eta ez du boterea uzteko keinurik egin, aurkakoa baizik. Blokeko goi bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, juntak behin-behineko gobernu bat osatu, «trantsiziorako». 21 pertsonak osatuko dute, eta Mohamed Bazoum presidente kargugabetuarekin Ekonomia ministro izandako Ali Lamine Zeine ezarri dute gobernuburu karguan; berak jarraituko du Ekonomia eta Finantza ministerioen arduradun gisa ere. Aldiz, militarren esku geratuko dira Defentsa, Barne, Atzerri, Osasun, Nekazaritza, Hezkuntza, Presidentetza eta Kirol ministerioak.
Nigeria da blokean armada handiena duen kidea, baina, joan den astean, presidenteak esku hartze militar baterako baimena eskatu zionean Senatuari, hark ezezkoa eman zion, eta bestelako bideak topatzeko eskatu. Alde horretatik, Ecowas ahalegindu da azken asteetan junta militarrarekin biltzen, baina hark uko egin dio elkarrizketak hasteari, «segurtasunik eza» argudiatuta. Azken orduetan, ordea, elkarrizketarako bide bat irekita izan da, Nigeriako Banku Zentraleko gobernadore Sanusi Lamido Sanusik adierazi duenez. Nigerian, zenbait kazetariri jakinarazi die Nigerko juntako buruzagiekin bildu zela asteazkenean, eta mezu bat duela Nigeriako presidenteari helarazteko.
Zenbait iturriren arabera, Nigerko junta militarrak Ecowasi eskatu dio arindu ditzala estatu kolpeaz geroztik herrialdeari ezarritako zigorrak. Baina blokeak hori onartuko balu, militarren agintea aitortuko lukete, eta horrek ahuldu egingo luke koalizioaren irudia, batez ere, kontuan izanik militarren kontrolpean erortzen den aliantzako laugarren herrialdea dela Niger. Bestetik, gerrara jotzea ere ez da erraza izango blokearentzat, kontuan izanik Malik eta Burkina Fasok esan dutela Nigerren alde jarriko direla —bietan daude junta militarrak agintean—. Horri gehitu beharko litzaioke Ecowaseko estatuek eurek finantzatu beharko luketela esku hartzea.
Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres kezkatuta agertu da azken egunetan, Bazoum presidente kargugabetuaren eta haren familiaren osasun egoeraren inguruan. Izan ere, Demokrazia eta Sozialismorako Alderdiko iturrien arabera, argindarrik, edateko urik eta ia jatekorik gabe daude. «Idazkari nagusiak beste behin aldarrikatzen du hura [Bazoum] berehala eta baldintzarik gabe askatzeko, eta estatuburu karguan berrezartzeko», jakinarazi zuen atzo NBEko bozeramaile batek.
Aire eremua, itxita
Joan den igandean amaitu zen Ecowasek junta militarrari atzera egiteko jarritako epemuga, eta herrialdeko aire eremua itxi zuen egun horretan bertan Nigerko armadak; baita ohartarazi ere «prest» daudela «herrialdearen osotasuna defendatzeko». Bide beretik, kolpistek ohartarazi zuten «erantzun indartsua eta berehalakoa» izango duela Nigerko aire eremua urratzen duen edonork.
Frantziarekiko harremanak ere eten egin dituzte militarrek, eta Parisek zigor ekonomikoak ezarri dizkio herrialdeari. Atzo, berriz, aire eremuan sartzeko debekua urratu eta «hainbat terrorista» askatu izana leporatu zion juntak Frantziako armadari. Parisen esanetan, ordea, «aurrez hitzartuta» zegoen hegaldia, eta militarrek ez zuten «inongo terroristarik» askatu.
Estatu kolpea zuzendu duten militarrek argudiatu dute herrialdeko «segurtasun krisia amaitzeko» egin zutela gobernua desegiteko urratsa, hark ez zuelako «luzera begirako irtenbiderik aurkezten». Hala azaldu zuen abuztu hasieran Abdourahamane Tchianik, kolpearen aurretik Segurtasun Nazionaleko buru zenak eta orain estatuburu kargua hartu duenak.