Europako Parlamentuak onartu egin du Migrazio eta Asilo Ituna

EBren migrazio politika gogortzeko akordioak urratsik zailena gainditu du. Europar Kontseiluaren oniritzia behar du orain testuak. Onartuz gero, 2026an sartuko litzateke indarrean.

MIgratzaile batzuk Ravennako portuan (Italia), joan den urtarrilean. FABRIZIO ZANI / EFE
MIgratzaile batzuk Ravennako portuan (Italia), joan den urtarrilean. FABRIZIO ZANI / EFE
ander perez zala
2024ko apirilaren 10a
12:30
Entzun

Zortzi urte iraun duten eztabaiden eta negoziazioen ostean, EB Europako Batasuneko migrazio politika aldatzeko eta, batez ere, gogortzeko hitzarmena urratsik zailenaren aurrean zegoen asteazken honetan: Europako Parlamentuko bozketa. Eurodiputatuek  Asilo eta Migrazio Itunaren alde bozkatu dute, azkenean. Akordioaren sustatzaileak baikor ziren arren, horien adierazpenek agerian utzi zuten ziurtasuna ez zutela erabatekoa. Zenbait alderdik eta ganberako diputatuk zalantzak eta kritikak  egin dituzte, eta abstenitzeko edota kontra egiteko prest agertu ziren. Bozka iragan aurretik protestariak agertu dira parlamentuko publikoan, This pact kills! Vote no! (Itun hori hiltzailea da! Bozkatu: ez!) aldarrikapena oihukatuz eta idatzirik agertuz. Papertxoak ere bota dituzte eurodiputatuei buruz. Parlamentu buruak saioa geldiarazi du une labur batez bozka egin aitzin.

Hitzarmenak, praktikan, gogortu egingo lituzke EBn sartzeko baldintzak. Neurri sorta bat da, hamar araudiz osaturikoa, eta talde komunitarioaren migrazio politika bateratzea, eguneratzea eta «hobetzea» du helburu, Europako Batzordeak urteotan hainbatetan argudiatu duenez —2015etik iaz arte negoziatu dute—. Besteak beste, asilo eskariak onartzeko edo ukatzeko prozesua azkartuko luke —hamabi astera—, eta «elkartasun mekanismoa» deiturikoa jarriko lukete indarrean.

Azken hori da eztabaidarik handiena eragin duen neurrietako bat; bai kritikoen artean, baita EBko estatu kideen artean ere. Hautazko elkartasun moduko bat litzateke; migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzuteko betebeharra izango lukete herrialdeek, baina hori egiteko bi aukera izango lituzkete: kontinentera iristen diren asilo eskatzaile guztietatik herrialde bakoitzak urtean 30.000 pertsona jasotzea, eta, bestela, ukatuko luketen iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea.

Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioaren arabera, hitzarmenak eskuin muturrari «argudioak kentzen» dizkio, atzo egindako agerraldi batean adierazi zuenez: «Proposamen onargarri bat da, eta talde politiko handien eta estatu kide gehienen babesa du». Baina kritikoek —besteak beste, eurodiputatu batzuek eta gobernuz kanpoko erakundeek— kontrakoa uste dute, eta bide horretatik jo dute argudiatzeko, hain justu, ultraeskuinaren ideiak jasotzen dituela.

Eskuin muturra, kontra

Edonola ere, asteotako adierazpenak aintzat hartuz gero, eskuin muturreko alderdiak kontra agertu ziren aurretik, uste baitute itunaren edukia ez dela «nahikoa». Eta ezkerreko eurodiputatuek ere antzera egin dute, baita Europako Alderdi Popularreko eta Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistako talde parlamentarioko zenbaitek ere.

Europako Parlamentuak araudi sorta onarturik, EBko estatu kideen baiezkoa falta da, orain, prozesua amaitzeko. Zehazki, negoziaketa bat hasiko da Europako Kontseiluarekin. Azken horretan ez da arazorik espero; hortaz, Migrazio eta Asilo Ituna 2026an sartuko litzateke indarrean.

Iaz, talde komunitarioan, Norvegian eta Suitzan 1,1 milioi asilo eskaera egin zituzten; kopururik handiena da 2017tik, EBko Asilo Agentziaren arabera. Eta 380.000 bat lagun iritsi ziren estatu kide batera «modu irregularrean», 2016tik joan den urtera arte izandako gehien.

Erresuma Batuak udaberrirako nahi du lehen deportazio hegaldia

Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak eta Ruandako presidente Paul Kagame atzo batzartu ziren deportazio planez aritzeko, eta bilkura horren ondoren Londresek jakinarazi zuen, atzo gauean, datorren udaberrirako antolatu nahi dutela migratzaileak Afrikako herrialde horretara kanporatzeko lehen hegaldia. Horren aurretik, baina, Erresuma Batuko Komunen Ganberak oniritzia eman behar dio Ruandarako deportazio planari buruzko lege proiektuari; datorren astelehenean itzuliko da behe ganberara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.