Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldia egin zuen atzo Europako Parlamentuan. 2014an hartu zuen kargua, eta maiatzean utziko du, Europako hauteskundeen ondoren. Azken urteetako ildoari eutsiz, atzo aldarrikatu zuen EB Europako Batasunak egitura indartsuagoa behar duela, «Europa batu eta indartsua» beharrezkoa dela kidetzat dituen estatu bakoitzaren boterearen aldean. «Perfektua ez den batasun hau gero eta batasun perfektuagoa bihurtu behar dugu».
Azken bi urteetako hitzaldietan brexit-ak izan du garrantzi gehien, eta Erresuma Batuak EB utziko du Junckerren agintaldiaren bukaeran. Batzordeko presidenteak Londresi atzo ohartarazi zion EB utzi ondoren merkatu bakarra ere utziko duela, eta ezinen duela mantendu orain arteko «posizio pribilegiatu berbera», baina erran zion «hurbileko bizilagun eta bazkide» gisa tratatuko dutela.
Brexit-az gain, Junckerrek bertzelako gaiak ere jorratu zituen, eta guztietan defendatu zuen jarrera bateratu baten beharra; migrazio politikan, errate baterako. Gogor defendatu zuen Schengen eremuari eusteko beharra, baina, ordainetan, EBren kanpoko mugen kontrola gogortzea proposatu du, 10.000 polizia gehiago ezarrita eta zenbait neurri hartuta batasunean gelditzeko baimenik ez duten migratzaileak errazago kanporatzeko. Europar Kontseiluak erabakiko du horren inguruan.
Euroa indartzearen alde
Ekonomian ere EBk rol nagusi bat hartu beharko luke, Junckerrenustez. Bertzeak bertze, «zentzugabe» iritzi zion urteroko energia inportazioen %80 baino gehiago dolarretan ordaintzeari eurotan beharrean.
EBren eragina indartzeko eskatu du Junckerrek azken hitzaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu