Ebrahim Raisi aise gailendu da Irango presidentetzarako bozetan

Klerikoak botoen %62 eskuratu ditu. Inoizko parte hartzerik txikiena izan da. Printzipalistenak izango dira botere exekutiboa eta legegilea

Ebrahim Raisi kleriko kontserbadorea, hauteskunde egunean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Iraultza Islamikoa gauzatu zenetik presidentetzarako bozek izan duten parte hartze txikienarekin, botoen %62 bereganatu ditu Ebrahim Raisi Irango Botere Judizialeko buruak. Hala, ez da bigarren itzulirik egin beharko, eta abuztuan hartuko du kargua, lau urterako. Printzipalistenak izango dira, beraz, herrialdeko kargu nagusi guztiak, eta egungo presidente Hassan Rohanik hasitako ibilbidea baztertu eta biraketa kontserbadore bat egitea espero da.

Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak Exaq Jahangiri egungo presidenteordea eta Ali Larijani parlamentuko presidente ohia, hurrenez hurren, hautagai erreformista eta moderatu ezagunenak, lehiatik kanpo utzi izanak bidea erraztu zion Raisiri, eta ez du bere neurriko aurkaririk izan bozetan. Haren ia 18 milioi botoetatik urrun, Mohsen Rezai Guardia Iraultzaileko komandanteburu ohiak 3,4 milioi bereganatu ditu, Irango Banku Zentraleko gobernadore zen Abdolnaser Hemmatik —hautagai moderatu bakarra— 2,4 milioi, eta Amir-Hossein Qazizadeh Haxemi parlamentuko presidenteordeak ia milioi bat. Hiru horietako bakoitzak jasotakoak baino gehiago izan dira indargabetutako botoak, Barne Ministerioaren arabera; denera, 3,7 milioi boto paper baliogabetu dituzte.

Ali Khamenei lider gorenak bozetako parte hartze «epikoa» txalotu du, eta adieraziIrango herria izan dela «irabazlerik handiena». Haren arabera, COVID-19aren pandemiak eta abstentziorako deiek ez dute moldatu herritarren nahia. Halere, datuek bestelako panorama bat erakusten dute. Botoa emateko aukera zuten 59 milioi herritarretatik ia 29 milioik eman dute; hau da, parte hartzea %48,8koa izan da. Halere, iazko parlamenturako hauteskundeetakoa baino 6,8 puntu handiagoa izan da.

Emaitza ofizialak izan aurretik, Raisi lortzen ari zen abantaila ikusita, gainerako hautagaiek euren porrota onartu zuten, eta kleriko kontserbadorearen garaipena onartu. Rezairen esanetan, emaitzek argi adierazi dute herritarrek «Errepublika Islamikoa eta segurtasuna babestearen alde» egin dutela, Rohani moderatuaren ildoa alde batera utzi eta Raisi kontserbadorearen aldeko aldaketa ahalbidetuz. Bide beretik, Qazizadeh Haxemik eskerrak eman dizkie parte hartu duten herritarrei, «egungo administrazioarekiko nahigabeari» aurre eginda bozkatu dutelako. Hemmatik, berriz, etorkizunera begirako mezua zabaldu du: «Espero dut herritarren egoera hobetzea, eta Errepublika Islamikoarentzat harrotasuna sorraraztea».

Gora begira

Raisiren garaipenarekin, fundamentalismo islamikoaren aldeko indarrek espazio handiagoa bereganatuko dute herrialdeko politikan. Iazko bozen ostean, koalizio kontserbadoreak Irango Parlamentuko eserlekuen hiru laurden bereganatu zituen, eta orain gobernua ere haiena izango da. Kontserbadoreak dira buru militar eta judizial nagusiak ere. Raisi, gainera, Khameneiren ondorengo izateko hautagai gisa ere aurkeztu dute hainbat hedabidek. Izan ere, lider gorenaren gertukoa da, eta horren adierazle da iraganean Botere Judizialeko buru eta Astan Quds Razavi fundazioko arduradun izendatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.