Asilo eskarien kopuruak, hirugarren urtez jarraian, gora egin du EB Europako Batasuneko 27 estatu kideetan, Norvegian eta Suitzan. EEUA Europako Batasuneko Asilo Agentziak gaur jakinarazitako datuen arabera, iaz 1,14 milioi eskaera egin zituzten Europako herrialde horietan, 2022an baino %18 gehiago. Hortaz, urteotako goranzko joerari eutsi zaio; are, duela urtebeteko datua 2017tik izandako handiena da —urte hartan 673.418 izan ziren—.
EEUAk argitaraturiko kopuruek agerian utzi dute Siriako eta Afganistango herritarrak izan zirela, beste behin ere, asilo eskari gehien egin zituztenak iaz: 181.000 eta 114.000, hurrenez hurren. Horien ondoren Turkiakoak izan ziren, 110.000, duela bi urte baino %82 gehiago.
Datu horiez aparte, Palestinako herritarren asilo eskarien kopuruak eman du atentzioa, inoizko handiena izan baitzen: 11.561, 2022an baino bi heren handiagoa. Erakunde horren arabera, batez ere urte amaieran sumatu zuten gorakada; hain justu, Gazako gerra hastearekin batera. Halere, zehaztapen bat egin du: herrialde askok ez dutenez Palestinako Estatua aitortzen, zaila egin zaiela egiazko kopurua zehaztea.
Europako herrialde horien datuak banaka aztertuz gero, Alemania izan zen, berriz ere, eskaera gehien jaso zituen estatua; alde handiz, gainera, ia herenak izan baitziren, 334.009. Horren atzetik Frantziak —167.000—, Espainiak —162.000— eta Italiak —136.000— kudeatu zuten eskaera gehien; hala, lau herrialde horien datuak batuta, eskaeren ia bi heren izan ziren.
334.009Alemaniak zenbat asilo eskari jaso zituen iaz. Europako Batasuneko Asilo Agentziaren datuak banaka aztertuz gero, Alemania izan zen, berriz ere, eskaera gehien jaso zituen estatua joan den urtean; alde handiz, gainera, ia herenak izan baitziren, 334.009.
Asilo eskarien datuez gain, agentziak iazko onarpen datuen berri ere eman du: %57ri ezezkoa eman zieten, %24ri errefuxiatu estatusa eman zieten, eta %20ri, bigarren mailako babesa. Azken bi kopuru horiek ere 2017tik izandako altuenak dira.
Hori bai, EEUAk argitara ateratako datuek ez dute aintzat hartzen Errusiako armadaren 2022ko otsaileko inbasioa dela-eta Ukrainatik atera diren herritarren kopurua; 4,4 milioi lagun inguruk behin-behineko babes estatusa jaso dute EBko herrialderen batean, eta, babes hori berezia denez, agentziak ez ditu txertatu azterturiko kopuruetan. Gainera, hori lortzeko, ez dute asilo eskaririk egin behar.
Migrazioak geroz eta pisu handiagoa du
Migrazioaren afera geroz eta pisua handiagoa hartzen ari da Europako herrialde askotan, eta baliteke gai hori izatea nagusi datorren ekainean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpainan; batez ere, eskuin muturreko alderdientzat —inkestek aurreikusi dute ordezkaritza handituko dutela—.
Eta hori aintzat harturik Europako Batzordea, Europar Kontseilua eta Europako Parlamentua migrazioari buruzko neurriak negoziatzen aritu direla urteotan, eta joan den abenduan migraziorako akordio askoz ere zorrotzago bat adostu zutela. Horren bidez, helburutzat jarri dute Europa hegoaldeko eta iparraldeko estatuen artean «oreka bat» aurkitzea iheslarien aferan, eta EBko estatu kideen arteko «elkartasuna» sustatzea; besteak beste, herrialdeek izkin egin ahal izango diote migranteak jasotzeari.
Kanpora begira, gainera, talde komunitarioak akordioak egin ditu Afrikako eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialderekin, migratzaileen etorrera gelditzea xede hartuta; kasurako, Tunisiarekin hitzarturikoa, joan den uztailean. Hori guztiari eta mugak gogortzeari esker, EBrako asilo eskatzaileen kopurua ez da 2015eko eta 2016ko datuetara itzuli: 1,31 milioi eta 1,19 milioi izan ziren orduan hurrenez hurren, EEUAren arabera.