EBren eta Marokoren arteko arrantza akordioak baliogabetu ditu EBko Justizia Auzitegiak

Auzitegiak arrazoia eman dio Fronte Polisarioari. Ebatzi du Europako Batzordeak ez duela kontuan hartu Mendebaldeko Saharako herritarren iritzia.

Fronte Polisarioaren abokatuak EBko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, iaz. BRUNO FORTEA MIRAS / EFE
Fronte Polisarioaren abokatuak EBko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, iaz. BRUNO FORTEA MIRAS / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 4a
15:30
Entzun

Bost urtez luzatu da EB Europako Batasunaren, Marokoren eta Mendebaldeko Sahara askatzeko erakunde Fronte Polisarioaren arteko katramila judiziala. EBko Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio Fronte Polisarioari, gaur, eta bertan behera utzi ditu talde komunitarioak eta Marokok 2019an sinatutako arrantza akordioak. Hitzartutakoak Mendebaldeko Saharako herritarren «autodeterminazio eskubidea urratzen» duela argudiatu du auzitegiak. EBko Justizia Auzitegiko erabakiei ezin zaie helegiterik jarri; hortaz, erabakia behin betikoa da.

Gainera, Marokoren eta EBren arteko nekazaritza produktuen salerosketa errazte aldera bi aldeek sinatutako hitzarmena ere baliogabetu du EBko Justizia Auzitegiak. Hitzarmen horren kasuan, ordea, hamabi hilabetez bere horretan mantentzea erabaki du, gaurtik bertan behera uzteak EBren atzerri politikan izan ditzakeen kalteak direla medio.

Auzitegiak ebatzi du Mendebaldeko Saharako herritarrei eragiten diela 2019an sinatu zuten Arrantza Jasangarrirako Lankidetza Hitzarmenak; eta, hortaz, akordio hori indarrean sartu ahal izateko sahararren oniritzia behar da. Izan ere, EBko organo judizial gorenaren arabera, akordioak sahararrei betebehar juridikorik ezartzen ez dien arren, ez die eskubide edo abantaila jakinik ematen. Are gehiago, epaian azaldu dutenez, Mendebaldeko Saharako herritarrek ez dute ezein onura ekonomikorik lortzen, haien baliabide naturalak ustiatzen dituzten arren.

Auziak iraun duen bitartean, Europako Batzordeak bere jarrera eta hitzarmenen balioa defendatu ditu, argudiatuta adostutakoak Mendebaldeko Saharako eremu batzuei eragiten diela, eta hitzarmenaren inguruan galdetu zietela han bizi direnei. Iritzi bilketa horrek baliorik ez duela iritzi dio EBko Justizia Auzitegiak. Adierazi duenez, Mendebaldeko Saharako herritarrak ote diren kontuan hartu gabe galdetu zitzaien. Izan ere, Marokoren okupazioa dela eta, sahararren ehuneko handi bat sorterritik at bizi da; eta, hortaz, Europako Batzordeak planteatutakoak ez du Mendebaldeko Saharako herritarren iritzia jasotzen.

Sahararren ordezkaria

Azken epaira heltzeko bide luzea egin dute, erabaki behar izan baitute Fronte Polisarioa sahararren ordezkaria ote den. Izan ere, Arrantza Jasangarrirako Lankidetza Hitzarmena sinatu eta gutxira hori deuseztatzeko errekurtsoa aurkeztu zuen EBko Auzitegi Orokorrean Fronte Polisarioak. EBko lehen auzialdiko epaitegia da hori, eta 2021ean arrazoia eman zion Fronte Polisarioari: gaur EBko Auzitegi Nagusiak legez, hitzartutakoak «sahararren autodeterminazioa urratzen» duela argudiatu zuen.

Helegitea aurkeztu zuen Europako Batzordeak, Fronte Polisarioa sahararren ordezkaria ez dela argudiatuta, eta, beraz, EBko Auzitegi Orokorrean salaketarik jarri ezin zuela adieraziz. Gaurko epaiak Europako Batzordeak argudiatutakoa ezeztatu du: «Hitzarmenen xedea eta horiek sahararren autodeterminaziorako eskubidean duten eragina kontuan hartuta, Fronte Polisarioak Mendebaldeko Saharako herritarrak ordezkatzeko baldintzak betetzen ditu».

«Bakearen alde», baina borroka armatua baztertu gabe

Mendebaldeko Sahararen gatazkan «bakearen alde» egiteko prest dagoela adierazi zion atzo Fronte Polisarioak NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako mandatari berezi Staffan de Misturari. Hala ere, gatazka konpontzeko «bide legitimotzat» jo zuen borroka armatua. Bilera, Tindufen (Aljerian) egin zuten, sahararren errefuxiatu esparruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.