EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera bota du ERC Esquerra Republicanako buru eta Generalitateko presidenteorde ohi Oriol Junquerasek Europako Parlamentuko eserlekua galtzearen aurka aurkeztutako helegitea. David Sassoli europarlamentuko orduko presidenteak haren eserlekua hutsik uztea erabaki zuen 2020ko urtarrilean.
Gisa horretara, EBko Justiziak Auzitegiak talde komunitarioko Auzitegi Nagusiaren lehen erabakia babestu du, Junquerasek 2020ko abenduan jarritako lehen errekurtsoa onartezintzat jo baitzuen; izan ere, auzitegi horrek ondorioztatu zuen Sassolik «aurretik zegoen egoera juridiko bati buruzko informazioa helarazi baino ez ziela egin Europako Parlamentuko gainerako kideei». Hori dela eta, EBko Auzitegi Nagusiak «ez zuen zuzenbide akatsik egin» 2020ko urriko epaian, Justizia Auzitegiak dioenez.
Gainera, epaiak berretsi egiten du hauteskunde prozedurak zuzenbide nazionalaren pean jarraitzen duela; ez bakarrik bozkatzeko eta agindutakoak emateko arauei dagokienez, baita Europako ganberako kideen hautaketari dagokionez ere. Hain zuzen, auzitegiak 2020ko abenduan ezarri zuen Europako Parlamentuak «ez duela eskumenik estatu kide bateko agintarien erabakia kontrolatzeko»; hau da, «eurodiputatu batek zuzenbide nazionala aplikatuz emandako agindua baliogabetzeko erabakia kontrolatzeko, ezta erabaki hori onartzeari uko egiteko ere».
Junqueras eurodiputatu aukeratu zuten 2019ko maiatzeko Europako Parlamenturako hauteskundeetan, baina, ez zuenez baimenik lortu Espainiako Konstituzioari men egingo ziola zin egitera edo hitza ematera joateko, Espainiako Hauteskunde Batzordeak hutsik utzi zuen haren eserlekua.
Luxenburgoko auzitegiak 2019ko abenduan ebatzi zuen eurodiputatua zela, iritzita Konstituzioari men egiteko urrats formala ez dela beharrezkoa diputatu hautatua izateko, eta, beraz, immunitatea zegokiola. Bost egun lehenago zigortu zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak ERCko burua, eta hamahiru urteko espetxea eta inhabilitazioa ezarri zizkion. Luxenburgoren epaiari entzungor eginez, inhabilitazioari eustea erabaki zuen Gorenak, eta europarlamentuak irizpide horri jarraitu zion Junquerasen eserlekua hutsik uzteko erabakian.
2020ko urtarrileko osoko bilkuran, europarlamentuko presidenteak jakinarazi zien ganberako gainerako kideei Junqueras aukeratu zutela eurodiputatu 2019ko uztailaren 2an, baina, era berean, bere eserlekua hutsik geratuko zela 2020ko urtarrilaren 3tik aurrera; izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak uste zuen buruzagi independentistak ez zuela immunitate parlamentariorik zuzenbide nazionalaren arabera, eta, beraz, «ez zela bidezkoa lekualdatzeko baimena ematea, ezta haren askatasuna erabakitzea ere».
Testuinguru horretan, Luxenburgon egoitza duen auzitegiak arrazoitu du EB Auzitegi Nagusiak ez zuela akatsik egin zuzenbide nazionala Europako Parlamentuaren 2020ko urtarrilaren 13ko erabakiaren oinarri juridikotzat jota. Horrez gain, argitu du Espainian zigor penal baten ondorioz eurodiputatuaren agintaldia amaitzea «agintaldia baliogabetzea» dela, eta ez dela «bateraezina».
«Hautagarritasun araua»
Europako Parlamentuak lege nazionalean jatorria duen agintaldia baliogabetzearen ondorioei buruz duen iritzia alde batera utzita, EBko Justizia Auzitegiak nabarmendu du agintari nazionalek soilik jakinaraziko diotela zuzenbide hori aplikatuz agintaldia amaitzen dela. Horregatik, epaiak azaltzen duenez, zuzenbide nazionalak arautzen du oraindik ere hauteskunde prozedura. Halaber, azpimarratu du —Junquerasen arrazoien aurka— prozedura hori ez dela soilik bozketarako eta agintaldiak adjudikatzeko arauei buruzkoa, baizik eta baita ganberako kideen «hautagarritasun arauei» buruzkoa ere.
Hortik ondorioztatzen da Espainiako Hauteskunde Legea aplikatuz ERCko buruaren agintaldia deuseztatzea ekarri zuen hautaezintasuna zuzenbide nazionalak arautzen duen «hauteskunde prozeduraren» parte dela, eta hori errespetatzea ez dagokiola parlamentuari.
Azkenik, EBko Auzitegi Nagusiak lehen helegitea onartezintzat jotzeko erabili zituen zuzenbideko oinarriak aurkaratzeari dagokionez, talde komunitarioko Justizia Auzitegiak uste du ezin dela ontzat hartu Junquerasen arrazoia, eta «ezetsi» egin behar dela, ez duelako aukerarik ematen lehen auzialdiko ondorioa zalantzan jartzeko, zeinaren arabera 2019ko abenduaren 20ko eskaeraren ukapena baliogabetzea lortzeko jarritako helegitea existitzen ez zen egintza juridiko baten aurkakoa baitzen.