EB Europako Batasuneko hamabi estatu kidek eskatu diote Europako Batzordeari finantzatu ditzala papergabeen aurkako «hesi fisikoak», batasunaren kanpoko mugak «babeste» aldera. Austriak, Bulgariak, Ziprek, Txekiak, Danimarkak, Estoniak, Greziak, Hungariak, Lituaniak, Letoniak, Poloniak eta Eslovakiak sinatutako gutunaren arabera, hesiak babes neurri «eraginkorra» dira, eta «EB guztiaren intereserako» dira; «ez soilik [migrazioa jasotzeko] lehen lerroan dauden estatu kideen intereserako».
Gutunean gehitu dute «zilegi» dela eskatzen duten neurria, eta EBk «modu gehigarrian» finantzatu beharko lukeela. Ylva Johansson EBko Barne komisarioari horri buruz galdetu diote, eta erantzun du ez duela gaizki ikusten hesiak altxatzea, baina ez dela «ideia ona» horretarako batasunaren dirua erabiltzea. «Estatu kideek mugak babesteko eskubidea eta ardura dute, eta nola egin erabakitzeko posizioan daude, batasunaren tradizioa errespetatuz egiten badute«, esan du. Nabarmendu du batasunaren izenean ari zela hitz egiten. Hori bai, ez dute aurrekontu bateratua horretara bideratu nahi, gutunaren sinatzaileek eskatu bezala, uste baitu beste neurri batzuetarako erabili beharko zela; esaterako, migrazio eta asilo itunaren erreformarako. Horren negoziazioak, ordea, blokeatuta jarraitzen du.
Hain zuzen, EBko estatuetako Barne ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, migrazio bideen egoeraz hitz egiteko, eta ondoren mintzatu da Johansson. Brusela «kezkatuta» dago, gainera, hirugarren herrialde batzuek, kasurako Bielorrusiak, migrazioa helburu politikoekin erabiltzen dutela iritzita. Batzordeak ohartarazi zuen, duela gutxi, gero eta gehiago direla modu horretan jokatzen ari diren estatuak, eta klubeko kideak erantzutera deitu zituen.
«Migrazio fluxuen instrumentalizazioari erantzun berehalako eta eraginkor bat emateko, irtenbide europarrak behar ditugu berandu baino lehen», nabarmendu dute hamabi herrialdeek gutunean.