Europako Batasuneko goi karguak banatzeko ituna egin dute gaur EAP Europako Alderdi Popularreko, S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistako eta Renew Europeko (liberalak) negoziatzaileek. Adostu dute talde komunitarioaren hurrengo legegintzaldian Ursula von der Leyen kontserbadore alemaniarrak jarraitzea Europako Batzordeko presidentetzan, Antonio Costa sozialista portugaldarra bihurtzea Europar Kontseiluko presidente, eta Kaja Kallas Estoniako lehen ministro liberala izatea klubeko diplomaziaburua. Europar Kontseiluak goi bilera egingo du etzi eta ostiralean Bruselan, eta gehiengo kualifikatua beharko du negoziatzaileen proposamena onartzeko.
Besteak beste Le Monde eta El País egunkariek negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea izan dira sozialdemokraten ordezkariak; Donald Tusk Poloniako lehen ministroak eta Kyriakos Mitsotakis Greziakoak ordezkatu dute kontserbadoreen taldea; eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak liberalena. CDU Batasun Kristau-Demokratakoa da Von der Leyen, eta alderdi horretako presidente Friedrich Merzek esan die hedabideei gaur goizean egin dutela ituna, bideokonferentziaz.
Negoziatzaileak joan den ekainaren 17an hasi ziren akordioa fintzen, Europar Kontseilu informal batean. Talde komunitarioko estatuetako gobernuburuek eta estatuburuek parte hartzen dute horretan, eta duela astebete pasatxokoaren ondoren haserre agertu zen Giorgia Meloni Italiako ministroa. Izan ere, joan den ekainaren 9an, Europako Parlamenturako hauteskundeetan, popularren eta sozialdemokraten atzetik boto gehien lortutakoetan hirugarrena izan zen ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak talde politikoa —familia horretako kide da Meloniren alderdia, Italiako Anaiak ultra—, baina ez dute negoziazioetara gonbidatu.
Eta, horien hasieran, popularrek planteatu zuten Europar Kontseiluaren presidentetzan egotea legegintzaldi erdiz. Azkenean, baina, ez dute halakorik adostu; ezta Roberta Metsola Maltako kontserbadoreak Europako Parlamentuko presidentetzan jarraitzea ere, nahiz eta egintzat ematen duten segituko duela. Ezustekorik ezean, planteamendua onartuko du Europar Kontseiluak. Horretarako, behar da EBren biztanleria osoaren gutxienez %65 ordezkatzen duten estatuen %55ek alde bozkatzea.
Dena den, izendapena Europako Parlamentuak berretsi beharko du —ez dute saio horretarako datarik jarri oraindik—. 720 eserleku ditu ganbera horrek, eta Von der Leyenek 361 boto beharko lituzke. Popularren, sozialdemokraten eta liberalen artean 399 dituzte. Nahikoa dirudi, bai, baina bozketa sekretua da, eta azken legegintzaldian presidente izan denak bere talde politikoko parlamentarien botoak ere ez dauzka ziurtatuta.