Europako Batzordean gizonezkoak emakumezkoak baino nabarmen gehiago izango dira. Batzordeko presidente eta Alemaniako komisario Ursula von der Leyenek Europako Batasuneko estatu kideei eskatua zien bakoitzak bi izen proposa zitzala: gizon bat eta emakume bat. Horren helburua genero parekotasuna lortzea zen. Ez du lortu, ordea. Herrialde gehienek izen bakarra proposatu dute; eta gehienak, gizonak.
Are gehiago, gaur arte proposatutako 24 izenetatik soilik zazpi herrialdetako komisarioak dira emakumeak: Dubravka Suica (Kroazia), Kaja Kallas (Estonia), Henna Virkkunen (Finlandia), Ursula von der Leyen (Alemania), Maria Luis Albuquerque (Portugal), Teresa Ribera (Espainia) eta Jessica Roswall (Suedia). Emakume eta gizonen arteko balantzak are gehiago egin du gizonen aldera: Italiak Europako gaien ministro Raffaele Fitto proposatu du.
Emakume bat eta gizon bat proposatu dituen EBko kide bakarra Bulgaria izan da: Atzerri ministro ohi Ekaterina Zaharieva (2017-2021) eta Ingurumen ministro Julian Popov (2023-2024). Belgikak, berriz, ez du oraingoz proposamenik egin.
Orain, Von der Leyenen txanda da; uztailaren 18an berretsi zuten karguan, eta bigarren aldiz jarraian arituko da. Herrialdeek proposatutako izenei oniritzia eman behar die, eta, ondoren, estatu kide bakoitzari komisariotza bat eman behar dio. Ezustekorik ezean, erabakia bi aste barru jakinaraziko du Von der Leyenek, irailaren 11n, hain zuzen. Hala ere, Europako Parlamentuak batzordeko presidentearen erabakia onartu behar du.
2025era arteko prozesua
Batzordeko komisarioak onartzeko saioa irailaren 23an egitea aurreikusten dute; hau da, urte politikoko aurreneko saioa egin eta astebetera. Komisarioen proposamenak aurrera eginez gero, azaroaren 1ean hartuko dute kargua; parlamentuak Von der Leyenek proposatutako komisarioren bati ezezkoa emanez gero, ordea, beste hilabete batez atzeratuko litzateke kargu hartzea. Europako Parlamentuak behin baino gehiagotan ezezkoa emango balu, 2025ean hartuko lukete komisario berriek kargua; urtarrilaren 1ean, hain zuzen.
Prozesu hori, hala ere, Von der Leyenek herrialdeek proposatutakoa onartuko balu gertatuko da; eta, ikusita emakume bat eta gizon bat proposatzeko eskaria ez dutela bete, nazioarteko politikan espezializatutako hainbat hedabidek iturri komunitarioak aipatuta adierazi dutenez, Europako Batzordeko presidenteak proposamen prozesua berrabiaraz dezakeela.