EBko estatu eta gobernuburuek porrota saihestea dute erronka

Berlusconik esan du proposamen bat daukala bilkura arrakastatsu bihurtzeko, baina ez du argitasunik eman

Erredakzioa
2003ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Bruselan gaur hasiko den eta bihar amaitzekoa litzatekeen Europako Batasunaren estatu eta gobernuburuen goi bileraren atarian jarrera kontrajarriak bateraezineko azaltzen ziren, bilkura honen gai nagusia izango den EBko Konstituzioaren auziaz. Aurrez aurre egongo diren jarrera aldenduenak dira, alde batetik, Alemania, Frantzia eta bizilagun kopuruz handienetan sailkatzen diren Erresuma Batua eta Italiarena zein ere EBren sortzaile historikoetatik dauden Belgika, Holanda eta Luxenburgo, eta bestetik, herrialde txikiagoen edo EBn kide bilakatuko direnen interesen zaintzaile bezala agertu nahi diren Espainia eta Polonia. EBko Ministroen Kontseiluan erabakiak hartzeko gehiengoa, Europako Batzordearen komisario kopurua, Europako Parlamentuan herrialde bakoitzaren ordezkaritza maila eta gehiengo kalifikatua izango dira mintzagai kalapitatsuenak.

Italiaren esku zen sei hilabeteko agintaldiaren amaieran, Bruselako goi-bilera hau porroterat joan ez dadin «proposamen bat» egingo duela adierazi zuen herenegun Silvio Berlusconi Italiako gobernuburuak. Haatik, honen edukia azken unean baino ez duela zehaztuko gaineratu zuen.Alabaina, Italiaren esku den EBko presidentetzak herrialde bakoitzeko gobernuei herenegun helarazitako 70 orriko zuzenketek behintzat ez zuten orain arteko ezadostasun eta jarrera kontrajarriak konponbidean jartzeko aukerarik ematen. Izan ere, Berlusconik eta haren ingurukoek, Valery Giscard d'Estaing buru zuen Europako konstitzuzio batentzako Konbentzioak egindako proposamenak ez zituzten funtsez aldatzen, proiektu hori «orekatua» dela argudio nagusitzat emanda. Gatazkaren korapilo nagusia da datorren maiatzaren 1etik aurrera 25 herrialde partaidez osatuta egongo den eta etorkizunean gehiago izango dituen EBko konstituzioaren atal instituzionalak. Ibilmolde eraginkor bat bermatzeko xedez, Konbentzioak proposatu du EBko jendetza osoaren %60 osatuko duen %50eko gehiengoaren bidez hartzea erabakiak, etorkizuneko batasunean. Gehiengo bikotza izendatutako eredu honi erabateko arbuioa azaldu diote Espainiak eta Poloniak, estatu handienen mesederako izango dela iritzi baitiote. Madrilek eta Varsovik, ordea, 2000. urtean Nizan, nekearen nekez, hitzartu zen itunak finkatutako arauak gorde nahi dituzte, hauek, botoen ponderazio bati esker, herrialde kopurutsuenen maila berean jartzen baitzituzten. EBko estatu handieneta historikoen jarrera da, berriz, Konbentzioak moldatutako testutik hurbilenik geratu behar dela, beti ere eraginkortasunaren argudio nagusiaren izenean.

Komisarioen kopurua auzian

Bigarren kontu kalapitsatsuena da, Europako Batzordearen osaketa eta, zehazki, estatu partaideetako Ministroen Kontseiluek finkatutako politikak obratzen dituen egitura honenkomisarioen kopuruari lotutakoa. EBn sartzekoak diren herrialdeek gutxienez komisario baten ordezkaritza edukitzea nahi dute. Konbentzioaren proiektuak, aldiz, planteatzen du gaur egun indarrean den 20 komisarioren kopurua herrialde jendetsuenek bi dauzkate 15era murriztea eta txandakatze sistema bat abian ezartzea EBko partaide bakoitzak ordezkariak izan ditzan une batean edo bestean Europako Batzordean. Gatazkatsu egon daitekeen hirugarren kondu bat da, berriz, gai batzuei dagokienez, gehiengo kalifikatuaren araua aplikatzea eta ez, orain arte bezala, ahobatezko erabakiak ezinbestez lortzea.

Adoste bat lortzeko ahaleginetan, «tratukerian» ez sartzeko zinki eskatu zien atzo Romano Prodi Europako Batzordeko presidenteak, gaurtik hasita Bruselan bilduko diren EBko estatu eta gobernuburuei. Prodik gogorarazi zuen, halaber, Europako Batzordeak bat egiten duela gehiengo bikoitzaren proposamenarekin. Komisarioen kopuruaren kontuaz, Prodik iritzi dio, aitzitik, estatu partaide bakoitzak gutxienez ordezkari bat izatea zilegi dela: «Esperientziaz baitakit herrialde baten arazo bat hizpide delarik, batzordean bertako norbait egotea mesedegarria dela». Kontu honetan, haatik, Europako Batzordeko buruak ez du bat egiten Europako Parlamentuko presidentearekin. Parlamentuko buru Pat Coxek EBko egituretan erabakiak hartzeko moldeak sinpletzeko deia egin baitie estatu eta gobernuburuei.Instituzioen gai korapilatsu hauez gain, Bruselako goi bileran erabakiak hartu behar lirateke ere ekonomia alorrean, hala nola hazkundea bultzatzeko ekimen bateratu bat abian jartzea, baita Defentsa bateratuaren kontuan aurrera egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.