Europako Auzitegi Orokorrak —Europako Auzitegi Nagusiaren lehen instantziako auzitegiak— EB Europako Batasuneko lurraldeari dagokion immunitatea indargabetu zien atzo Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Toni Comin europarlamentariei. Haren iritziz, ez dute atxilotuak izateko arriskurik. Azaldu zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenak JxCko hiru diputatuen aurka igorri zituen euroaginduak indargabetuta daude, Pablo Llarena Goreneko epaileak arazo aurrejudizial bat aurkeztu zionetik Europako Justizia Auzitegiari, atxilotze agindu horiekin lotuta. Auzitegi Orokorrak gaineratu du kautelazko neurriak berriro aztertuko lituzkeela, arazo aurrejudiziala argitu ostean euroaginduak indarrean sartuko balira berriz.
Joan den martxoan, Europako Parlamentuak immunitatea kendu zien Puigdemont Kataluniako presidente ohiari, eta Ponsati eta Comin kontseilari ohiei, eta kaltetuek helegitea aurkeztu zuten erabaki horren kontra. Aldeen argudioak hobeto aztertu artean, kautelazko neurriak ezartzea erabaki zuen Luxenburgoko auzitegiak, eta immunitatea berrezarri zien, behin-behinean. Kautelazko neurri horiek indargabetzea erabaki zuen atzo, beharrezkoak ez direlakoan.
Auzitegiak Puigdemonten, Ponsatiren eta Cominen helegitea aztertzen jarraitu behar du oraindik, auziaren muinari buruz erabakitzeko.
JxCko hiru europarlamentariek ez dute Espainiako Estatuaren muga zeharkatu erbestean direnetik, ezta immunitatea indarrean izan dutenean ere. Saihestu egin dute egoera hori, Espainiako Auzitegi Gorenak ez baitu erretiratu horien aurkako atxilotze agindua. Hiru politikariek hainbatetan eskatu diote EB Europako Batasunari Espainia behartu dezala izan duten immunitatea errespetatzera.
Gainera, Europako Auzitegi Orokorrak zehaztu du Europako Parlamentuaren suplikatorioak ez diela immunitatea erabat indargabetu; EBko lurraldean mugitzeko immunitatea eten diela soilik, baina aske direla Europako Parlamentuaren egoitzetara—Bruselara eta Estrasburgora—joateko, eta, beraz, ez dutela inolako eragozpenik ganberaren jardunean parte hartzeko.
Europarlamentuak suplikatorioa onartu zuen aldeko 400 botorekin, aurkako 248 botorekin eta 45 abstentziorekin. JxCko parlamentariek suplikatorioaren kontra aurkeztutako helegitean argudiatu zuten erabakiak ez diela «bermatu batasuneko herritarren ordezkari gisa dituzten oinarrizko eskubideak erabiltzea».
EBko epaileek immunitatea kendu diete Puigdemonti, Ponsatiri eta Comini
Europako Auzitegi Orokorraren iritziz, diputatu katalanek ez dute atxilotuak izateko arriskurik, euroaginduak ez daudelako indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu