EBk pozik hartu du Moldaviako hautagai europazalearen garaipena

Botoen %55 lortuta, Maia Sanduk presidente karguari eutsi dio; erabakigarriak izan dira atzerritik emandako botoak. Oposizioak iruzurra salatu du, eta esan du ez duela aitortzen Sanduren garaipena.

Moldaviako presidente Maia Sandu, botoa ematera bidean, Chisinaun, atzo. DUMITRU DURU / EFE
Moldaviako presidente Maia Sandu, botoa ematera bidean, Chisinaun, atzo. DUMITRU DURU / EFE
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 4a
14:51
Entzun

Moldaviako presidente karguari eutsiko dio Maia Sandu hautagai europazaleak, herrialde horretako presidentetzarako bozen bigarren itzulian botoen %55 lortuta. EB Europako Batasunak pozik hartu du haren garaipena, Sanduren helburuetako bat baita Moldavia talde komunitarioaren estatu kide bihurtzea; are, murgilduta dago 2030. urtea heldu baino lehen taldean sartu ahal izateko negoziazioetan. Poz horren adierazle da, kasurako, atzo gauean, behin-behineko emaitzak jakin eta berehala, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak X sare sozialean idatzitako mezua: «Irrikan nago zurekin lanean jarraitzeko eta, hala, Moldaviarako eta hango jendearentzako etorkizun europar bat eraikitzeko». Halaber, garaipenarengatik zoriondu dute Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta Alemaniako kantziler Olaf Scholzek.

Helburu hori betetze aldera, Von der Leyenek urriaren 10ean iragarri zuen EBk 1.800 milioi euroko diru laguntza emango diola Moldaviako Gobernuari. Sanduk iragan ekainean jarri zuen abian EBko estatu kide bihurtzeko bide orria, eta esan izan du «gau eta egun» egingo duela lan hori lortu arte. Hain justu, horri buruzko galdeketa bat egin zuten herrialdean iragan urriaren 20an; herritarrek erabaki behar zuten nahi ote duten EBn sartzeko plan bat konstituzioan jasotzea.

Baiezkoa gailendu zen, baina alde txikiarekin. Moldaviako Hauteskunde Batzordearen arabera, botoa emateko eskubidea zuten herritarren %50,6k hartu zuten parte galdeketan, eta horien %50,4k egin zuten proposamenaren alde. Presidentetzarako bozen lehenengo itzuliko egun berean egin zuten galdeketa hori. Horietan, Sanduk botoen %42 lortu zituen, eta haren aurkari nagusi eta oposizioko buru Alexandr Stoianoglok, %25.

Botoa emateko eskubidea duten herritarren erdiek, %54,2k, hartu dute parte bozetan, eta, Moldaviako Hauteskunde Batzordeak emandako datuei erreparatuta, erabakigarriak izan dira atzerritik emandako botoak; hots, 300.000 baino gehiago —%17 inguru—. Izan ere, boto horiek zenbatu baino lehen Stoianoglok aurrea hartua zion Sanduri. Hautetsontziak itxi eta berehala, adierazpenak egin zituzten bi hautagaiek: «Zenbaketa zehatz eta kontu handiz» egiteko eskatu zuen Sanduk; Stoianoglok, berriz, «irregulartasunak» salatu zituen, eta esan zuen Transnistria eskualdeko biztanleek zailtasunak izan zituztela botoa emateko.

Bada, gaur goizean zabaldutako komunikatu baten bidez, Stoianoglo buru duen taldeak, Moldaviako Sozialisten Alderdiak, jakinarazi du ez duela aitortzen Sanduren garaipena: «Maia Sandu diasporako presidente bat da». Moldavian lehen ministroa da gobernuburua, baina presidenteak rol esanguratsua dauka, besteak beste, atzerri politikan.

Errusiaren orbitan

Bigarren itzuliaren aurretik izan zuten eztabaidan, Sanduk leporatu zion Stoianoglori «Errusiaren menpeko Troiako zaldi bat» izatea, iritzita Errusiako presidente Vladimir Putinen asmoa dela haren bitartez Moldaviaren kontrola eskuratzea. Asteon herrialdeko hainbat hedabideri egindako adierazpenetan, akusazio horiek ukatu ditu Stoianoglok; are, The Guardian egunkarian urri hasieran egindako elkarrizketa batean, esan zuen bera ere prest egongo litzatekeela EBn sartzeko, baina joan den urriaren 20ko galdeketa «parodia bat» baino ez zela.

Hauteskundeen aurretik egindako ekitaldietan, Stoianoglok esan izan du Errusiarekin «harremana estutzen» ahaleginduko litzatekeela bozak irabaziz gero. Horiek hala, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Sanduren aldeko adierazpenak egin ditu azken asteotan, argudiatuta haren garaipenari esker Ukrainako herritarrek «lasaiago» hartuko luketela arnasa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.