Donald Tusk Poloniako lehen ministroak hauteskundeetako kanpainan hitzeman zuen baldin eta gobernuburu bilakatzen bazen beharrezko aldaketak sustatuko zituela EB Europako Batasunak blokeatuta zeuzkan funtsak berreskuratzeko. Kanpainan esaten direnak, baina, esan huts izaten dira askotan; Tusken hitzak, ordea, ekintza bihurtu dira, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur jakinarazi du 137.000 milioi euroko funtsa desblokeatu egingo diotela Poloniari datorren astean.
Talde komunitariotik zetozen laguntzak 2017tik izan ditu kolokan Poloniak, eta, 2020an, funtsak izoztu zizkioten, argudiatuta iaz arte gobernuan egon den alderdi ultrakontserbadoreak, hau da, PiS Legea eta Justiziak ezarritako neurriak «demokraziaren aurkakoak» zirela. PiSek 2015ean botere judizialean egindako aldaketa izan zen EBn hautsak gehien harrotu zituen neurria, Bruselak iritzi baitzion «independentzia judiziala eta epaiketa inpartzialak» ezeztatzen zituela; eta, hala, 2022ko otsailean, EBko Justizia Auzitegiak zuzenbide estatua errespetatzearekin lotu zuen funtsak jasotzea.
Next Generation EU funtsetik —koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko funtsa da— eta EBren estatu kide izateagatik estatuek jasotzen dituzten kohesio funtsetatik dator dirua. Kide izateagatik, 2021etik 2027ra bitarte 76.500 mila milioi euro jasotzeko eskubidea du Varsoviak. Bruselak kide pobreenei ematen die diru hori, EBko biztanleen bizi baldintzak hobetzeko. Next Generation EU funtsa, bestalde, pandemiaren ostean banatuz joan da Brusela; guztira, 60.000 milioi euro baino gehiago dagozkio Poloniari. EBren zigorra dela medio, baina, soilik 5.100 milioi euro jaso ditu oraingoz.
«Txundituta gaude ikusita zuek [Poloniako Gobernua] eta Poloniako herritarrak zer ahalegin egiten ari zareten zuzenbide estatua gizartearen bizkarrezur gisa berrezartzeko».
URSULA VON DER LEYENEuropako Batzordeko presidentea
«Nahi genuena lortu dugu», esan du Tuskek Von der Leyenekin batera egindako agerraldian: «Guretzat, gaurkoa egun garrantzitsua da oso, [desblokeatzea] lortzeko neurri erraldoiak eraman behar izan baititugu aurrera». Tuskek badaki funtsen dirua «ezinbestekoa» dela Poloniak aurrera egin dezan; hori dela eta, funtsak «zentzuz» inbertituko dituztela azpimarratu du. «Diru asko da, eta ditugun erronka handiei erantzuteko baliatuko dugu», adierazi du lehen ministroak.
Poloniako lehen ministroak hitzemandako neurriak ezarri izana, horixe dago erabakiaren atzean. Europako Batzordeko presidenteak gaur adierazi duenez, Polonia eginahalean ari baita sistema judiziala hobetzeko: «Txundituta gaude ikusita zuek [Poloniako Gobernua] eta Poloniako herritarrak zer ahalegin egiten ari zareten zuzenbide estatua gizartearen bizkarrezur gisa berrezartzeko». Are gehiago, Europako Batzordeko lehendakariak iritzi dio Polonia eraikitzen ari den gizarte horretan modua egongo dela «herritarrek eta enpresek erakunde publikoetan konfiantza izan dezaten». Gaineratu du «denek arauen arabera jokatzen duten gizarte bat» lortzeko bidean direla.
Europako Batzordeak duela gutxi izan zuen ahalegin horien berri, eta azkar erantzun die. Izan ere, iragan asteartean bildu ziren Bruselan EBko kide diren herrialdeetako Europako Gaietarako ministroak. Bilkura horretan, Adam Bodnar Poloniako Justizia ministroak herrialdearen ekintza plana aurkeztu zien kideei. Planak bederatzi lege proposamen biltzen ditu EBren zigorrak eten daitezen. Proposamen horien xedea, Bodnarrek adierazi zuenez, Poloniako sistema judiziala aldatzea da, «auzitegi gorenetatik hasi, eta arruntetaraino».
Bilera hartatik «pozik» irten zen Europako Gaietarako Poloniako ministroa. Kideen artean «giro ona» nabaritu zuela esan zuen. Irudipen hori berretsi dute Von der Leyenek gaur egindako adierazpenek.
Dirua, pixkanaka
137.000 milioi euro ez dira egunero jasotzen; ezta egun bakarrean ere. Izan ere, Poloniak ez ditu aldi bakarrean kobratuko. Pixkanaka jasoko du diru hori —EBko beste kide guztiek bezala—. Oraingoz, Ebk bide. eman dio 6.300 milioi euroren sorta bat jasotzeko eskaerari.
EBko kideek, batetik, herrialde bakoitzean gauzatzen diren proiektuen arabera jasotzen dituzte kohesio funtsak. Bestetik, pandemiatik berreskuratzeko dirua sortaka banatuta dago, eta, horiek lortzeko, inbertsio eta helburu jakin batzuk bete behar dituzte gobernuek. Hala ere, azken horiek betetzeko, 2026ko abuztura arteko tartea dute.
Hala ere, Poloniako egoera ez dago guztiz bideratuta. Funtsetako dirua «zuzenbide estatuan aurrerapausoak» ematearen menpe dago. Horretarako, Varsoviak hainbat neurri hartu beharko ditu datozen urteetan ere. Gobernuaren nahia horiek sustatu eta garatzea den arren, ez du erraza izango. Izan ere, Andrzej Duda presidenteak beto eskubidea du, eta PiS alderdiaren aliatua da.