EBk politika berde «ausartagoak» behar ditu 2030erako ingurumen helburuak betetzeko

Europako Ingurumen Agentziak aztergai izan ditu EBren Ingurumen Arloko Ekintza Programa betetzeko orain arte hartutako neurriak. Behatutako 28 adierazleetatik soilik bost daude guztiz ondo bideratuta konpromisoak gauzatu ahal izateko.

Lehorteak jotako mahastiak, Belgikan, 2022an. OLIVIER HOSLET / EFE
Lehorteak jotako mahastiak, Belgikan, 2022an. OLIVIER HOSLET / EFE
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 20a
13:30
Entzun

«Lehiakortasuna eta autonomia estrategikoa» dira EB Europako Batasunaren aurkezpen txartelak orain, eta agenda berdea bigarren mailan geratzen ari da. Otsoaren babes maila jaistea, deforestazioaren aurkako legearen ezarpena atzeratzea eta Mercosurrekin merkataritza askerako akordioan aurrera egitea adibide batzuk besterik ez dira. Bada, EIA Europako Ingurumen Agentziak ondorioztatu du ezinbestekoa dela «neurri ausartak» hartzea EBren klima eta ingurumen helburuak betetzeko. 28 adierazle aztertu ditu agentziak, eta nabarmendu gehienetan ez doazela bide onean.

«Egin dugun azken behaketa lanean ikusi dugu funtsezko jarduketa batzuetan bilakaera positiboa dela, bereziki kutsadura atmosferikoa murriztean, berotegi efektuko gasen isurketan eta finantzaketa berdea hobetzean. Baina lan erabakigarri bat egin behar da EB beste bide batean jartzeko, eta horrek eskatzen du egungo legedia hobeto aplikatzea, neurri gehiago hartzea eta nahikoa finantzaketa dagoela ziurtatzea», azaldu du Leena Yla-Mononen EIAren zuzendari exekutiboak.

Behaketaren alde ilunak ez ditu nabarmendu Yla-Mononenek, baina alde pozgarriak baino gehiago dira, eta larriagoak. Aztertutako 28 aldagaiak lau kategoriatan sailkatu dituzte, jakiteko bide onean edo txarrean dauden EBk 2030erako jarrita dauzkan helburuak lortzeko: bideratuta, nahiko bideratuta, bidetik kanpo samar eta guztiz kanpo. Aldagai hauetan antzeman dituzte emaitzarik onenak: kutsaduraren ondoriozko heriotza goiztiarren murrizketa —%55 gutxitu dira 2005etik—, ingurumena babesteko inbertsioak, berrikuntza berdea, eta ingurumen sektorearen enplegu eskaintza eta ekonomia berdearen pisua handitzea. Hau da, bilakaera onena duten aldagaietako gehienek harremana dute berdetzat jotako ekonomiaren zabalpenarekin, kontsumitzaileen ardurak hauspotuta batez ere.

«[Egoerak] Eskatzen du egungo legedia hobeto aplikatzea, neurri gehiago hartzea eta nahikoa finantzaketa dagoela ziurtatzea»

Leena Yla-MononenEIA-KO ZUZENDARI EXEKUTIBOA

Nahiko bideratuta daudenen artean sailkatu dituzte, besteak beste, ingurumen zergak, bonu berdeak eta berotegi efektuko gas isurien murrizketa. Azken horri dagokionez, txostenean jaso dute isuriak %37 murriztu direla 1990eko neurketekin konparatuz. Aldagai hori garrantzitsuenetako bat da, klima aldaketari aurre egiteko gakoetako bat baita isuriak murriztea; bada, nahiz eta txostenean esan arlo hori nahiko bideratuta dagoela, gehitu dute orain arteko neurriak ez direla nahikoa.

Datozen urteetarako proiekzioa erakusten duen grafikoan ikusten da 2030. urterako jarrita dagoen helburua ez dela beteko ez egun onartuta dauden politikekin, ez ezarri asmo direnekin ere. «Horrek adierazten du beharrezkoa dela anbizio handiko politikak garatzen jarraitzea». Hala ere, emisioak nabarmen apaldu dira azken urteetan; 2022tik 2023ra, esaterako, %8 apaldu ziren berotegi efektuko gasen isuriak. 

Kezkatzeko puntuak

Aldagai askoren egoera kezkatzeko modukoa da, eta horregatik adierazi dute txostenaren egileek beharrezkoa eta «premiazkoa» dela adostuta dauden araudiak eta oraindik eztabaidatzen ari direnak indarrean sartzea. Lurraren erabilera aldaketen eta basogintzaren karbono fluxuaren bilakaera da EIA gehien larritzen duten aldagaietako bat. Izan ere, lurra erabiltzen duten zenbait jardueratan karbonoa isurtzen dute, eta beste batzuen bidez, aldiz, hartu. Bada, EBren helburua da 2030. urterako balantzea -310 milioi tona karbono dioxidorena izatea; hau da, guztira 27 herrialdeetako lurrek 310 milioi tona karbono dioxido xurgatzea urtean.

DATUak

-236

EBko lurraren karbono balantzea, milioi tonatan. Karbonoa isurtzen eta xurgatzen duten lur erabileren alderaketa eginda, 2022an guztira 236 milioi tona karbono dioxido xurgatu zituzten EBko lurrek. 2030erako helburua da balantze hori -310 milioi tonakoa izatea.

%41

Ur eskasiak kalte egindako EBko biztanleriaren portzentajea. Asko handitu da EBn ur eskasiagatik kaltetutako biztanleriaren ehunekoa: 2000n %30 izan zen, eta  2022an, berriz, %41.

%16,6

Garraio publikoaren erabilera tasa EBn. 2005. urtetik, gutxitu egin da EBn garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen ehunekoa, %17,6tik %16,6ra.

Lurrak karbonoa xurgatzeko duen ahalmena motelegi handitu da, EIArentzat: 1990. urtean -217 milioi tonakoa zen balantzea, eta 2022an, berriz, -236koa. Karbonoa isurtzen duten lurren emisioak 150 milioi tonakoak ziren 1990ean, eta ehun tonatik beherakoak izan dira 2022an, baina karbonoa xurgatzen duten lurrek, basoek eta industriarako zuhaiztiek orain askoz karbono gutxiago xurgatzen dute mendearen hasieran baino. Ia 500 milioi tona xurgatu zituzten 1990eko hamarkadan, eta orain 350 milioi tonatik beherako ahalmena dute. Bestalde, proiekzioek erakusten dute zenbatekoa apalduz joango dela datozen hamarkadetan.

Lurraren erabilerarekin lotuta, oso urrun dago nekazaritza organikorako landei dagokienez helburutzat jarritako portzentajea; izan ere, 2030erako helburua da nekazaritza eremu osoaren %25 izatea, eta 2022an ez ziren %10,5era iristen.

Ur eskasiagatik kaltetutako eremuak eta biztanleria ere nabarmen ugaritu dira. 2000. urtean, EBko biztanleriaren %30i eragiten zion arazo horrek, eta eremuaren %29ri. Orain, berriz, %41era eta %34ra igo dira adierazle horiek, hurrenez hurren. EIAk dio ez dela hobekuntzarik izan, eta gogorarazi du litekeena dela ura eskuratzea zailago bilakatzea klima aldaketaren eraginez.

Gorriz koloreztatutako beste afera bat kontsumo aztarnarena da. 2010etik 2022ra %8 handitu da, kontuan hartzen baititu EBn bertan eta atzerrian ekoiztutako ondasunak eta zerbitzuak. Beraz, EBn bertan emisioak gutxitzen ari badira ere, kontsumo aztarnaren norabidea alderantzizkoa da, batez ere kontsumoan ez delako aldaketa handirik gertatu, eta gero eta gehiago inportatzen delako herrialde esportatzaileetatik. Berrerabilera tasak ere gorriz ageri dira: 2010etik 2023ra, material zirkularraren erabilera tasa puntu bat igo da soilik, %10,8tik %11,8ra. 2030. urteko helburua %22,4koa da.

Bilboko portua
Bilboko portua, edukiontziz beteta. Gero eta ondasun gehiago inportatzen dira, eta horrek funtsezko bihurtu ditu portuak. ARITZ LOIOLA / FOKU

Energia kontsumoa ere beheraka ari da, baina ez helburuetan ezarri bezainbeste, eta berdin gertatzen da energia berriztagarrien ekoizpenarekin ere. Gaur egun, kontsumitzen den energiaren %24,5 dator iturri berriztagarrietatik; 2030erako, %42,5 sortu beharko litzateke iturri berriztagarrien bitartez.

Garraio publikoaren erabilera handitzea ere jarrita daukate helburu gisa, baina kontrakoa gertatu da 2005etik hona, %17,6tik %16,6ra jaitsi baita. Pandemiak eragina izan zuen horretan, baina 2005etik hona berdintsu eutsi dio beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.