Tunisiak inoiz izan duen migrazio krisirik handiena du. Irteera portu nagusia bihurtu da Saharaz hegoaldeko Afrikako gatazketatik eta pobreziatik ihesi Europara iristea amets duten migratzaileentzat. Libiari aurrea hartu dio horretan. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek (GKE) salatu dute migratzaileek eraso arrazistak, atxiloketa arbitrarioak eta legez kanpoko deportazioak jasaten dituztela Tunisian, baina kritikak ez dira eragozpen izan EB Europako Batasunak Tunisiarekin migrazioaren inguruko hitzarmen bat sinatzeko, haren mugak gogortze aldera.
Azken asteetan, Tunisiaren migrazio politiken aurkako gaitzespenak ugaritu dira berriz, ehunka migratzaile desertura kanporatu zituelako hilaren hasieran. EBren eta Kais Saied Tunisiako presidentearen arteko ituna sinatu baino bi aste lehenago, Tunisiako Poliziak zortziehun migratzaile baino gehiago eraman zituen autobusetan kostaldeko Sfax hiritik Libiako eta Aljeriako mugen ondoko desertu inguruetara, eta han utzi zituen botata, bizirauteko baliabiderik gabe. Ez urik, ez janaririk, ezta komunikatzeko modurik ere; Poliziak telefonoak suntsitu baitzizkien bertan behera utzi aurretik, zenbait migratzailek azaldu dutenez. Tartean ziren haurrak, emakume haurdunak eta adinekoak.
Ia astebete geroago hasi ziren haiek erreskatatzen. Human Rights Watchek azaldu zuenez, seiehun migratzaile inguru lekualdatu zituzten Libiatik gertuko desertuetatik Tunisia hegoaldeko zenbait hiritara, nora bideratuko dituzten argitu gabe. Baina, ordutik, Libiako indarrek beste dozenaka migratzaile atzeman dituzte desertuan; batzuk, ahituta eta deshidratatuta. Al-Jazeeraren arabera, 190etik gora izan dira Libiak erreskatatutakoak. Aljeriako mugatik gertu, berriz, desertuan botata utzitako 160 migratzaile baino gehiago aurkitu zituzten; horietako bi, hilik.
Tunisiak hilaren hasieran ekin zion migratzaileak Sfaxetik kanporatzeko operazioari. Aurreko egunetan, istilu larriak izan ziren kostaldeko hiri hartan. Sfax Afrikako azken geralekua bihurtu da Italiara iristeko Mediterraneoan itsasoratzen diren migratzaile gehienentzat —100 kilometro inguru daude Italiako Lampedusa uhartera—.
Askok aldi bat ematen dute han lanean, tokiko herritarrek baino soldata apalagoen truke, patera bidaia ordaintzeko adina aurreztu arte. Azken hilabeteetan, tunisiar talde batzuek gero eta eraso gehiago egin dizkiete migratzaileei.
Tentsioak goia jo zuen liskar horietako batean, uztailaren 3an, Sfaxeko herritar bat labankadaz hil zuenean, ustez, Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaile batek. Estatu indarrek segidan esku hartu zuten, eta migratzaileak atxilotzeari ekin zioten, masiboki. Askok tratu txarrak salatu zituzten. Poliziak ehunka kanporatu zituen hiritik, mugaldeko desertu inguruetara. Beste batzuk kalean utzi zituen, etxegabetuta. Ez da lehen aldia Tunisiak halako kanporatzeak egiten dituena, nahiz eta gehienetan talde askoz ere txikiagoak izan diren desertuan utzi dituenak.
Migratzaileen kopurua nabarmen handitzearekin batera, gora egin dute horien kontrako jarrera arrazistek Tunisian, sare sozialetan azkar hedatu diren gorroto kanpainek hauspotuta. Tunisiako estatu gidaritzak ere elikatu ditu migratzaileak jopuntuan jarri dituzten diskurtsoak. Hainbat GKEk mugarritzat dauzkate Saiedek joan den otsailean migratzaileen kontra esandakoak.
Tunisiako presidenteak indarkeriarekin lotu zituen, eta ziurtatu zuen «plan kriminal baten» ondorioz iristen ari direla, zeinen helburua den Tunisiaren estruktura demografikoa eraldatzea, herrialde «afrikarra» izan dadin, «arabiar-musulmana» izan beharrean. Halaber, mehatxu egin zien «legez kanpoko migratzaileei» etxebizitza bat alokatu edo lan bat eskaintzen dieten herritarrei. Giza eskubideen aldeko elkarteek salatu dute migratzaileak «kriminalizatzea» dela helburua, eta ez direla zigortzen horien aurkako erasoak.
Tunisian dauden migratzaileek arriskuan ikusi dute beren burua, eta ehunka asilo bilatzailek protestak egin zituzten aurreko hilabeteetan. Kanpalekuak altxatu zituzten Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Nazioarteko Migrazio Erakundeak dituzten egoitzen aurrean, Tunisiatik ateratzeko laguntza eskatzeko. Poliziak indarrez desegin zituen kanpalekuak.
EBren kezka iturri
Europarako migrazio bideek inbutu baten antza dute, segurtasun bila etxea utzita bidaia hasten dutenek aurrera egiteko eragozpen gero eta handiagoak aurkitu baitituzte Turkian, Balkanetan eta Marokon. Gaur-gaurkoz, Tunisia da inbutuko lepoa, Libiarekin batera. Horren adierazgarri, datu hau: aurtengo urtarriletik ekainera, 53.800 migratzaile atera dira herrialde hartatik EBra, hots, iazko urte osoan bidaia egin zutenak halako bi jadanik.
Europara iristeko bide hori ere itxi egin nahi du talde komunitarioak. «Migratzaileen etsipenaz elikatzen diren trafikatzaileen sareak eten behar ditugu. Tunisiarekin batera lan egingo dugu, nazioarteko zuzenbidearen arabera», adierazi zuen Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek uztailaren 16an, Tunisen, Italiako lehen ministro Giorgia Melonirekin eta Herbehereetako jarduneko gobernuburu Mark Rutterekin egin zuen bidaian. EBk migrazio kontrola zorrozteko akordioa sinatu zuen egun hartan Tunisiako presidentearekin, beste zenbait akordio ekonomikorekin batera; horien artean, merkataritza sustatzeari eta energia trantsizioari begirakoak.
Migrazioari dagokionez, akordioak 105 milioi euroko laguntza bat aurreikusten du aurten, «giza trafikoaren aurkako operazioetarako», mugak indartzeko eta EBn asilo eskaria ukatzen zaien migratzaileak azkarrago itzul daitezen. Kopuru horrekin, Bruselak hirukoiztu egingo du Tunisiarako azken bi urteetan osatu duen migrazio funtsa.
EB kezkatuta dago gora egin duelako Tunisiatik Europara iristeko ahalegina egiten duten migratzaileen kopuruak. Baina kezka iturri da Tunisiako ezegonkortasuna ere, blokearentzat izan ditzakeen ondorioengatik; gero eta gehiago baitira krisi ekonomikoak, langabezia handiak eta herrialdearen joera autoritarioak bultzatuta Italiarantz ontziratzen diren Tunisiako herritarrak. Tunisia krisi sakon batean murgilduta dago, bere barne produktu gordinaren %80 besteko zorrarekin eta nazioarteko finantza iturriak itxita.
Saied mailegu bat negoziatzen ari da NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin —1,7 milioi eurokoa—, baina oraingoz ez da prest agertu hark jarri dizkion baldintzak onartzeko: besteak beste, oinarrizko produktuetarako laguntzak murriztea, eta monopolio gisa jarduten duten sektore publikoko enpresak pribatizatzea. Saiedek ziurtatu du neurri horiek «pobrezia handiagoa» eragingo dutela.
Bruselak 150 milioi euroko ekarpena egingo dio Tunisiako Gobernuari, bere kontu publikoak orekatzen laguntzeko, eta Von der Leyenek gaineratu zuen herrialdeak babes handiagoa jaso dezakeela NDFrekin kreditu bat adosten badu. EB prest legoke 700 milioi euroko mailegu bat emateko, «beharrezko baldintzak betetzen diren bezain laster», Batzordeko presidentearen esanetan.
AI Amnesty Internationaleko abokatuen zuzendari Eve Geddiek salatu egin du EBren eta Tunisiaren arteko akordioa, «porrot egin duten migrazio politikak» hedatuko dituela iritzita. «EBko agintariek berriz egin dute giza eskubideak mespretxatzen dituzten neurri okerren alde, mugak modu seguruan gurutzatzeko bide legalak bermatu beharrean, politikak mugak gogortzera eta azpikontratatzera bideratuta». Bestalde, Geddiek gaitzetsi du EB «onarpen keinu bat» egin diola Saieden gobernuari, zeina «gero eta errepresio handiagoa» ezartzen ari den. «Horrek konplize bihurtzen du EB: halabeharrez ekarriko duen sufrimenduaren konplize». Saiedek estatu boterea pilatu du, 2021eko uztailean parlamentua desegin zuenetik. Amnesty Internationalek kritikatu du akordioak ez duela jaso giza eskubideen errespetua bermatzeko inolako klausularik.
Ohartarazpen bera egin du Europako Kontseiluak ere. Haren esanetan, EBk Tunisiarekin egin duen akordioak bermatu behar du ez duela giza eskubiderik urratuko, ez zuzenean eta ez zeharka. «Tunisian migratzaileek jasan dituzten eskubide urraketek are beharrezkoagoa egiten dute berme horiek ezartzea».
Bestalde, hainbat GKEk kezka agertu dute EBk Tunisia erabiliko ote duen bloketik kanporatutako migratzaileak hartzeko, hura estatu seguru izendatuta. EBko estatuek Tunisia estatu segurutzat hartuko balute, aukera izango lukete baztertzen dituen asilo eskatzaileak hara bidaltzeko, Europara iristeko bidean handik igaro badira.
Harrera gunerik ez
Saiedek ohartarazi du Tunisia ez dela bihurtuko kanporatutako migratzaileen harrera gune, EBren diru laguntza onartzearen truke. Presidenteak azaldu du soilik Tunisiako herritarrak hartuko dituela bueltan, batasunak itzultzera behartzen dituenean. Akordioan jasota dago Tunisiako herritar kanporatuak beren jatorrizko estatuan hartzeko Saieden konpromiso hori, eta, aldi berean, legezko migrazio bide batzuk zabaltzen ditu EBn lan egin edo ikasi nahi dutenentzat.
Baina giza eskubideen aldeko elkarte batzuek uste dute akordioak baduela arrisku nabarmen bat: Tunisia herrialde seguru izendatzeko lehen urrats bat izatea. Hala eginez gero, harrera estatu izan ahalko litzateke handik pasatu diren eta EBk kanporatu nahi dituen migratzaileentzat.
Asilo sistema erreformatzeko negoziatzen ari da talde komunitarioa. Europar Kontseiluak, europarlamentuak eta Europako Batzordeak zehaztu behar dute blokearen migrazio politikarentzako esparru berria.
Batzordetik, EBko Barne Auzietarako komisario Ylva Johanssonek uste du blokeak definizio bakar bat adostu beharko lukeela, migratzaileentzako estatu seguru bat zer den zehazteko. Kontseiluak, berriz, gaitasuna aitortu nahi dio estatukide bakoitzari estatu seguruen zerrenda propio bat osatzeko. Azken aukera horrek errazagoa egingo luke zenbait estatu kidek Tunisia estatu segurutzat jotzea.
Migrazioa
EBk mugak gogortu nahi ditu Tunisian, eraso arrazistek gora egin duten arren
Poliziak Saharaz hegoaldeko ehunka migratzaile utzi ditu basamortuan, bizirauteko baliabiderik gabe. AIren iritziz, Bruselak «onarpen keinu bat» egin dio Saieden «errepresioari»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu