Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldiak areagotu izanak haserrea eragin du nazioartean. Moskuk Ukrainako Sumi hiriaren aurka egin zuen eraso atzo, eta, Kievek salatu duenez, 34 herritar hil eta 120 baino gehiago zauritu zituen. EB Europako Batasunak erasoa gaitzetsi du, eta Errusiaren aurkako presioa areagotzeko eskatu, «hark ez baitu bakerik nahi».
EBko diplomaziaburu Kaja Kallasek gaur esan duenez, Errusiak «gerra» nahi du, eta Ukrainarako bakea lortu nahi duen herrialde orok «Errusiari ahalik eta presiorik handiena» egin behar dio: «Presio egin behar diogu benetan gerra hau amai dezan, gerrarako ez bezala bakerako bi behar baitira». EBko atzerri ministroekin elkartu aurretik hitz egin du kazetariekin Kallasek. Luxenburgon egin dute bilera 27 atzerri ministroek, taldearen nazioarteko erronkak identifikatu eta erantzun bat prestatzeko xedez.
Errusiak atzo Ukrainako Sumi hiriari egindako erasoa izan du mintzagai EBko diplomaziaburuak. Kallasek nabarmendu duenez, Sumikoaren gisako erasoek agerian uzten dute Moskuren jarrera «hilgarria», eta Errusia zibilen aurka ari dela.
«Errusiaren aurkako zigor gogorrak ezarri behar ditugu haren ekonomia itotzeko eta gerra elikatzen jarrai dezan eragozteko»
JEAN-NOEL BARROTFrantziako Atzerri ministroa
Sumi Ukrainako eta Errusiako mugatik 30 kilometrora dago, Errusiako Kursk eskualdetik gertu. Bada, atzo, Errusiak bi misil balistiko jaurti zituen hiriaren aurka: 34 herritar hil ziren, eta gutxienez 126 zauritu. Misiletako batek autobus baten aurka egin zuen, herritarrak elizara zihoazela, Erramu Igandea baitzen. Ukrainako gerran aurten herritar gehien hil diren erasoa izan zen atzokoa.
Horiek horrela, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Errusiaren erasoa salatu zuen, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Errusiari «ekintza terroristak» egitea leporatu zion, eta esan zuen Sumiko erasoari «erantzun gogorra» eman behar dietela AEB Ameriketako Estatu Batuek, Europak eta munduko gainerako herrialdeek.
Eta Europa Zelenskiren laguntza eskariari erantzuteko prest agertu da. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, esaterako, Errusiaren aurkako zigorrak areagotu behar direla adierazi du Luxenburgon: «Errusiaren aurkako zigor gogorrak ezarri behar ditugu haren ekonomia itotzeko, eta gerra elikatzen jarrai dezan eragozteko». Antzera mintzatu da Herbehereetako Atzerri ministro Caspar Veldkamp. Hark iritzi dio Errusiaren aurka egin behar dutela Ukraina ez dadin joan negoziazioetara «labana lepoan duela».
Atzerri ministroek esandakoa kontuan hartuz, eta Efe albiste agentziak talde komunitarioko barne iturriak aipatuz kaleratu duenaren arabera, EBk Moskuren aurkako zigorrak areagotuko ditu. Hala bada, 2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik Bruselak Kremlinen aurka ezartzen duen hamazazpigarren zigor sorta izango da.
AEBentzako deia
EBk Moskuren aurka jo eta presioa areagotzeko dei egin izana ez da ezusteko bat. Izan ere, gerra hasi zenetik Kieven alde agertu da talde komunitarioa; eta are gehiago azpimarratu du babes hori urtarriletik, Donald Trumpek AEBetako presidente gisa kargua hartu zuenetik. Izan ere, Trumpek ezbaian jarri du Washingtonen laguntza, eta Errusiarekin ari da Ukrainarako bake akordio bat negoziatzen, Kiev gabe.
Jarrera hori aldatu eta EBrekin lerratzeko eskatu diote Etxe Zuriko maizterrari talde komunitarioko hainbat ministrok. Barrotek, adibidez, EBk hartuko dituen zigorrekin bat egiteko eskatu die AEBei, Errusiako presidente Vladimir Putin negoziazio mahaian «esertzera behartzeko».
Zelenskik ere Errusiaren eta AEBen arteko negoziazioak aipatu zituen atzo, eta, bilera gehiago egin aurretik, Ukrainara joateko eskatu zion Trumpi, «Putinek zer egin duen ulertzeko». AEBetako telebista kate CBSn bart eskaini zuen elkarrizketan, Ukrainako presidenteak Ukrainara joateko gonbita egin zion AEBetako estatuburuari, «herritarrekin, soldaduekin, haurrekin eta ospitaleetako langileekin» hitz egin dezan.
62Errusiak zenbat drone jaurti dituen Ukrainara Ukrainako armadak gaur goizean salatu duenez, Moskuk ez ditu eten erasoak, eta gauean 62 drone jaurti ditu. Herrialdeko hainbat leku izan dituzte jomugan Errusiaren erasoek; Zaporizhian, adibidez, gutxienez zortzi lagun zauritu dituzte droneek.