EBk erregai fosilak baztertzeko itun bat bultzatuko du COP28an

Talde komunitarioaren iritziz, ezin daiteke emaitza nabarmen bat espero karbonoa biltegiratuta. Erregai kutsatzaileenak «2050a baino dezente lehenago» alboratzearen alde egin du

Neurath-eko zentral elektrikoak, Alemaniaren mendebaldean, ikatza baliatzen du energia sortzeko. RONALD WITTEK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Erregai fosilak «2050a baino dezente lehenago» baztertzea lortu nahi du EB Europako Batasunak COP28 NBE Nazio Batuen Erakundearen klimari buruzko goi bileran. Batasunak bilkurarako negoziazioak prestatzeko zenbait bilera egin zituen uztailean, blokeko estatu kideetako gobernuekin eta nazioarteko hainbat herrialderekin. Orain arteko adierazpenei erreparatuta, ondorio argi bat atera daiteke: COP28ko eztabaida nagusietako bat izango dela erregai fosilek energia trantsizioan jokatu behar duten rola.

Estatu batzuek, EBkoek barne, uste dute energia iturri horren erabilera hutsaren hurrengoramurriztu behar dela; petrolio eta gas ekoizle handiek, berriz, erabakiak bideratu nahi dituzte erregai fosilek eragiten dituzten berotegi gasak murriztera, energia iturri horien erabilera baztertu gabe. Horretarako, karbono dioxidoa atzemateko eta biltegiratzeko teknologien alde egiteko eskatu dute, nahiz eta teknologia horiek ez dauden nahikoa garatuta eraginkorrak izateko eskala handibatean.

Frans Timmermansek, azken lau urteotan EBren klima politiken arduradun izandakoak—dimisioa eman zuen aurreko asteartean, Herbehereetako lehen ministro bilakatzeko hautagai izateko—, azaldu zuen zein izango den batasunaren jarrera gai horretan. Akordio bat bultzatuko du COP28an, estatu guztiek konpromisoa har dezaten 2050era iritsi aurretik ikatz bidezko energia desagerrarazteko eta, aldi berean, petrolio eta gas bidezko energiaren isuriak ezabatzeko —erabilera baztertzeko konpromisorik gabe—. Hori bai, Timmermansen arabera, karbonoa hautemateko eta biltegiratzeko teknologiek hondarreko ekarpena egingo dute, egitekotan, eta erregai fosiletatik askatzeko zailak diren sektoreetara mugatua egon beharko du.

Europako Batzordeko presidenteorde ere bazenak gaineratu zuen erregai fosilen sektorearen ardura izango dela karbono biltegiratzea lorgarria dela frogatzea eta inbertsio sinesgarriakproposatzea. Timmermansek EBren Ingurumen kontseiluan aurkeztu zituen oinarri horiek, uztailaren 11n. Bilkuran gonbidatu gisa izan zen Sultan al-Jaber, azaroan hastekoa den COP28ko burua. NBEren klima goi bilera Dubain da egitekoa, Arabiar Emirerri Batuetan, eta herrialde horretako Industria ministro da Al-Jaber, baita Abu Dhabi petrolio konpainiako zuzendaria ere. Harena izaten ari da ahotsik garrantzitsuena karbono isuriak biltegiratzeko teknologiak sustatzearen alde, COP28aren prestaketa bileretan.

Eztabaida gehien eragingo duten auzietako bat izango da karbonoa biltegiratzeari zer ekarpen egokituko zaion, eta, hari lotuta, definitzea zer diren «isuri murriztuko erregai fosilak». Agintariek sarri erabiltzen baitute kontzeptu hori erregai fosil jakin batzuk izendatzeko: isuriak murrizteko neurriak ezarri zaizkienak. Baina kontzeptua oso zehaztugabea da oraindik, ez baitu argitzen berotegi gasak zenbat gutxitzea den onargarri erregai fosilen ustiapen bat isuri murriztukoa dela esan ahal izateko.Gai hori ere hizpide izango dute COPen izango diren ordezkaritzek.

Oraingoz, bilkura prestatzeko izan diren saioei erreparatuta, ez da akordiorako agertoki errazik antzematen. Uztailean zenbait elkarrizketa foro garrantzitsu izan ziren: Ekintza Klimatikorako Ministerio Arteko Bilera —30 estatu baino gehiago elkartu zituena— eta G20koen ministro arteko goi bilera. Azken horren emaitzarekin «atsekabetuta» agertu zen EBko Ingurumen komisario Virginijus Sinkevicius, estatuak ez zirelako gai izan energia berriztagarriei eta energia fosilei buruzko hizkuntza argi bat adosteko. «Ezin dugu onartu aldaketaren bidea aretoko motelenen araberakoa izatea».

Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministro Christophe Bechuk aitortu zuen elkarrizketak bereziki «zailak» izan zirela Txinarekin, Errusiarekin eta Saudi Arabiarekin. Alemaniako Nazioarteko Klima Politiketarako ordezkariak «herrialde talde txiki bati» egotzi zion aurrerapausoak «blokeatzea».

Ministroen arteko bilkuraren emaitza urria dela eta, G20koen iraileko goi bilerak erakarri du orain arreta. Taldea osatzen duten estatuetako liderrak elkartuko dira New Delhin, eta ikusi beharko da gobernuburu eta estatuburuak elkarrizketa horietan urratsen bat zehazteko gai diren.

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, 2050ean karbono neutraltasuna lortzeko, beharrezkoa izango da ikatzetik, petroliotik eta gasetik lortutako energia eskaria, hurrenez hurren, %90, %80 eta %70 murriztea ordurako.

Akordiorako bide leunagoa

EBk Dubaira eramango duen proposamenaren beste bi oinarri ere argitu zituen Timmermansek joan den hilean: energia efizientziaren urteko hobekuntza tasa bikoiztea eta energia berriztagarrien ekoizpena hirukoiztea 2030erako. Azken helburu hori IEAk zehaztutako erronketan dago oinarrituta. Agentziaren arabera, Lurraren berotzea mende amaierarako 1,5 gradutik beherakoa izan dadin —industriaurreko tenperaturarekin alderatuta—, energia berriztagarrien ekoizpenak 1.000 gigawatt handitu beharko du urtero, 2030era arte, 10.000 gigawatt-eko langa gainditzeraino, egungo ekoizpena ia hirukoiztuta —3.300 gigawatt—.

Al-Jaberrek begi onez hartu ditu hasieratik EBren azken proposamen horiek, eta Bruselak AEBen, Txileren, Kolonbiaren eta uharte txikiz osatutako estatuen babesa ere lortu du dagoeneko. Beraz, gai horietan akordiorako bide leunagoa egongo dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.