EBk dirua eskaini dio Tunisiari mugako kontrol zorrotzagoen truke

Von der Leyen, Meloni eta Rutte Tunisen izango dira gaur, Saiedekin batzartu eta, besteak beste, migrazioaren akordioa ixten saiatzeko. Europako Batzordeak bilioi bat euroko laguntza eskaini du

Mark Rutte, Ursula von der Leyen, Kais Saied eta Giorgia Meloni, Tunisen, iragan ekaineko bilkuran. FILIPPO ATTILI / EFE.
ander perez zala
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Turkia eta Grezia aritu dira EB Europako Batasunerako migrazioa gelditzeko lanetan kontinentearen hego-ekialdean, eta orain baliteke lan horretara Tunisia batzea, beste aldean, hego-mendebaldean. Hori da, behintzat, EBk proposatu duena: talde komunitarioak kontrol zorrotzagoak nahi ditu Tunisiako mugan, irteerak mugatzeko, eta, horren truke, prest dago herrialde horri dirua emateko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Mark Rutte Herbehereetako jarduneko gobernuburua gaur itzuliko dira Tunisiara afera horretaz mintzatzera hango presidente Kais Saiedekin. Bazirudien akordioa itxia zutela joan den ekainaren hasieran, baina bi aldeen desadostasunak agerian geratu ziren azken unean, eta espero baino gehiago luzatzen ari dira negoziazioak; edonola ere, badirudi Von der Leyen baikor dela, eta aurreikusten duela gaur ados jarriko direla, Dana Spinant Europako Batzordeko bozeramaileordeak atzoko agerraldi batean azaldu zuenez. «Espero dugu amaitu egingo ditugula ekainean abiatutako elkarrizketak», adierazi zuen Spinantek.

EBren hiruko ordezkaritza iragan hilabetean izan zen Tunisian, eta, hitzordu horretan, Europako Batzordeko presidenteak bilioi bat euroko laguntza eskaini zion Tunisiako presidenteari hainbat arlotarako —merkataritza, energia, digitalizazioa...—. Horren inguruko arazoa zera da: diru hori jasotzeko baldintza dela Saiedek baiezkoa ematea NDF Nazioarteko Diru Funtsaren 1.689 milioi euroko maileguari.

Tunisiako presidenteak, ordea, ez du asmorik mailegua jasotzeko NDFk exijitzen dion erreforma sorta egiteko, eta, beraz, kolokan dago talde komunitarioarekin negoziatzen ari den akordioa, nahiz eta migrazioa mugatzeko EBren diru laguntza, 105 milioi eurokoa, ez den Von der Leyenek jarri zuen baldintzaren parte. Dena den, desadostasunak harago doaz, joan den hilabetean Saiedek esan baitzuen ez duela «inoiz onartuko beste herrialde baten mugen zaindaria» izatea.

Joan den hilabeteko Europar Kontseiluaren aurretik, Europako Batzordeko presidenteak eskutitz bat bidali zien EBko 27 gobernuburu eta estatuburuei, eta zera esan zien Tunisiaz: «Gure bazkide funtsezkoetako bat izan da urte luzez. Orain, prest gaude gure harremanak berpizteko bost zutabe oinarri dituen elkartze berri baten inguruan: laguntza makrofinantzarioa, baldintzak egokiak direnean; lotura ekonomiko eta komertzialen indartzea; lankidetza energia berdean; migrazioa eta bien arteko kontaktuen sustatzea». Agintariek oniritzia eman zioten asmo horri, eta, beraz, migrazioaren inguruko asmoei ere bai.

Krisiaren kezka

Baina, oro har, talde komunitarioak kezka bat du afera horren inguruan. Uste du Tunisiako krisi ekonomikoa okertzen bada aurtengo udan migratzaile gehiago saiatuko direla Mediterraneoa gurutzatzen. Eta, beraz, diru laguntza hori irtenbide gisa ikusten du jokaleku hori eragozteko.

Aurtengo urtarriletik ekainera arteko datuen arabera, 53.800 migratzaile inguru atera dira Tunisiatik EBra bidean —gehienak,Saharaz hegoaldeko Afrikakoak—; Italiara joaten dira —gertuen dagoen herrialdea da, 150 kilometrora—, eta han geratu edo talde komunitarioko beste estatu kide batera joatea izaten dute helburu. Bidaia egin dutenen kopurua iazko urte osokoa halako bi da jada.

Joera hori gelditzea da, hortaz, EBren helburua. Kritikoek diote, ordea, talde komunitarioak ez dituela kontuan hartu Tunisian egindako giza eskubideen urraketen salaketak, ezta herritarren kontrako jazarpen geroz eta handiagoa ere. Saied «diktadoretzat» daukate, gainera; batez ere, 2021ean parlamentua desegin eta iaz konstituzioa aldatu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.