EBk CO2 isuriak %90 murriztea xede

Europako Batzordeak gaur aurkeztuko du 2040rako berotegi efektuko gasen isuriak are gehiago gutxitzeko proposamena. Klima Aldaketari Buruzko Europako Aholkularitza Batzorde Zientifikoak egindako txostena dago haren oinarrian.

kutsadura atmosferikoa
Bartzelona, CO2 eta bestelako gasek eragindako kutsadura atmosferikoaz estalia, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCIA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 6a
05:10
Entzun

Berotegi efektuaz eta klima aldaketak egun duen eraginaz jakitun, hamaika politika onartu ditu EB Europako Batasunak azken urteetan. Adibidez, 2030erako CO2 emisioak gutxienez %55 murriztea 1990ekoen aldean, eta 2050erako karbono neutraltasuna lortzea. 26 urte barru berotegi efektuko gasen isuriak amaitzeko bidean, beste helburu bat proposatuko du gaur Europako Batzordeak: 2040rako emisioak %90 gutxitzea 1990ekoen aldean.

Klima Aldaketari Buruzko Europako Aholkularitza Batzorde Zientifikoak egindako txostena dago proposamenaren oinarrian. 2021eko Europako Klimaren Legea dela-eta sortu zuten batzordea, klima larrialdiari aurre egiteko aholkularitza emateko eta EBrentzako erreferente zientifiko izateko.

Iazko ekainean argitaratu zuen ikerketa aholkularitza batzordeak. Hartan, «beharrezkotzat» daukate 2040an beste muga bat ezartzea, 2030erako eta 2050erako ezarrita dauden helburuak bete ahal izateko. Are gehiago: espero da gasen emisioa %90 murrizteko helburua jasotzea Europako Batzordera gaur helduko den proposamenean, baina aholkularitza batzordeak eskatu du langa hori %95ekoa izatea.

Klima neutraltasuna lortzeko hainbat politikaren arteko hautaketa «erabakigarria» egin beharko dela ohartarazi du aholkularitza batzordeak. Hori dela eta, zenbait gidalerro proposatu ditu legeen arteko hautaketa hori errazteko asmoz. Esan dutenez, 2040an EBko estatuen «ia erabateko deskarbonizazioa» lortzeko, 2030erako utzi egin beharko zaio ikatzetik eratorritako elektrizitatea erabiltzeari, baita 2040rako gas naturala erabiltzeari ere. Gainera, erregai fosilen inportazioetan behera egitea «nahitaezkoa» dela adierazi du aholkularitza batzordeak.

Horri lotuta, aholkularitza batzordeak iritzi dio energia kontsumoa gutxitu behar dela, batez ere «teknologia elektriko eraginkorragoen» aldeko apustua eginez; garraioan, esaterako. Gainera, «alor guztietan» deskarbonizazioa «azkartu» behar dela uste dute.

EBko kide denak, baina, ez daude guztiz ados 2040rako planarekin. Izan ere, zenbait herrialdek zalantzan jarri dituzte aholkularitza batzordearen gomendioak. Aniko Raisz Hungariako Ingurumen ministroak urtarril hasieran argi utzi zuen «lortu daitezkeen eta errealistak diren helburuak» jarri behar dizkiola EBk bere buruari. Hori dela eta, helburu orokor bat jartzea ez zaio «zentzuzkoa» iruditzen Raiszi: «Deskarbonizazioari dagokionez, herrialde bakoitzaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan». Poloniak eta Bulgariak ere jarri dituzte ezbaian gomendioak.

Txostenak, halere, herrialdeen arteko ezberdintasunei erreparatzen die: «Ekitatea eta justizia bermatze aldera, trantsizioa gauzatzeko egin behar diren politikek testuinguru zehatzak hartu behar dituzte kontuan». Alemaniari dagokionez, adibidez, bat egiten dute aholkularitza batzordearen gomendioek eta herrialdearen iritziak. Izan ere, Alemaniako Auzitegi Gorenak 2021ean ebatzi zuenaren arabera, herrialdeak bere isurien %91 murriztu beharko lituzke 2040rako —1990eko kopuruekin alderatuta—.

Kezkak industrian

Gomendio horiek, baina, hautsak harrotu dituzte hainbat sektoretan. Eurofer Europako Burdinaren Elkartea, adibidez, kezkatuta agertu da: «EBn %90eko helburua lortzeko, energia intentsiboko industrietan —burdinarena, kasurako— ia erabateko deskarbonizazioa beharko da». Deskarbonizazio hori lortzeko, ordea, «inoiz ikusi ez den energia garbi eta lehiakorra» beharko luke industriak. Izan ere, Euroferren datuen arabera, «Alemanian egun kontsumitzen den adina elektrizitate» beharko da EBko burdinaren industria deskarbonizatzeko.

Sektore ekonomikoaren kezkak kontuan hartuta, aholkularitza batzordearen txostenak, barne neurriak ezartzeaz gain, kanpora begiratzea ere gomendatzen dio talde komunitarioari. EBtik kanpoko herrialdeei «laguntzak eman beharra» eta haiekin «lankidetzan aritzea eta aliantzak sortzea» gomendatzen du txostenean. Akordio horiei esker, EBren helburu eta esfortzuak munduko beste hainbat eskualdetara ere zabalduko lirateke.

Esfortzu horien artean dago, besteak beste, trantsizio politikek «arreta berezia» jartzea eguzkia, haizea eta hidrogenoa lehengaitzat dituzten energietan. Aholkularitza batzordeak esan du horiek garatuz gero bioenergiaren «iraunkortasuna» berma daitekeela, eta karbono isuriak murriztu. Ideia horri lotuta, energia nuklearra eta antzeko iturriak alde batera uztea gomendatu dute, «arriskutsuagoak» baitira.

Nolanahi ere, ez dirudi Frantzia ideia horrekin konforme dagoenik, eta azpimarratu du energia nuklearra energia berdetzat hartzen dela Europako Klima Legean. Are gehiago, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak argi utzi du, behin baino gehiagotan, Frantziako energiaren etorkizuna energia nuklearrean dagoela.

Europako Batzordeak gaur egingo duen proposamenak Europako Klima Legea aldatzea ekarriko luke; halere, ez dago argi noiz hartu beharko dituzten neurriak EBko kideek. Izan ere, batzordeak bere proposamena plazaratutakoan, EBk legeak egiteko prozedura hasiko luke; hau da, Europako Parlamentuaren oniritzia beharko luke gaur aurkeztutako planak martxan jartzeko. Prozesu horrek bi urte inguru irauten du normalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.