«Migratzaile irregularrak». Iazko martxoaren 20tik Greziako uharteetara Turkiatik itsasoa zeharkatuz iritsitako «migratzaile irregularrak» bueltan Turkiara kanporatu dituzte. Asiloa eskatzeko eskubidea ukatzen dietenak eta legezko prozeduretatik at migratzen dutenak hartzen dituzte «irregulartzat»; afganiarrak, esaterako.
Siriar iheslarien trukea. Siriako gerratik ihes egin eta Greziako uharteetara iritsitako errefuxiatuak ere kanporatzen ditu Bruselak. Bidalitako Siriako iheslari bakoitzeko, EBk beste bat jasoko du Turkiako kanpalekuetatik.
Eskaerak tramitatzeko bide azkarra. Greziara iritsitakoek badute, teorian behintzat, asiloa eskatzeko aukera. Horretarako, prozedura burokratikoak azkar egiteko mekanismoak jartzera konprometitu zen EB. Baina oraindik tramiteak luzeak eta nekezak dira.
Bisen liberalizazioa azkartu. EBk hitzartu zuen liberalizatu egingo zituela Turkiako 75 milioi herritarrentzako bisak. Baina oraindik ez dituzte aurrerapausoak eman, hainbat kide neurri horren aurka baitaude.
EBn sartzeko negoziazioak. Azkartu egingo dituzte Turkiaren eta EBren arteko negoziazioak, Ankara batasunean sartzeko bost atal gehiago negoziatzea hitzartu baitute. Edonola ere, bide luzea du oraindik Turkiak, herrialde ugari aurka baitaude. Oraingoz, 30 ataletatik bakarra adostu dute.
Ordainketa. Aurreko bilkuran hitzemandako 3.000 milioi euroren ordainketa azkartzera konprometitu zen EB, eta beste 3.000 milioi euro ordainduko ditu. 2018. urtera artekoa da funts hori, eta Ankarak kanpalekuetako bizi baldintzak hobetzeko erabili beharko luke.
EB-TURKIA ITUNA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu