Duterteren «kontraesana»

Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak jazarpen sexualaren kontrako lege bat sinatu du. Duterte mundu osoan egin da famatu maiz egin izan dituen adierazpen eta irain sexistengatik.

Rodrigo Duterte Filipinetako presidentea armadaren 121. urteurrenaren ekitaldian, iragan ekainean. MARK R. CRISTINO / EFE.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Emakume eder asko baldin badaude, bortxaketa asko egongo dira». Hori da Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak bortxaketen inguruan egin dituen «txantxetako» bat. Duterteren adierazpen sexistek mundu mailako oihartzuna eduki dute. Horregatik, oso deigarria izan da Filipinetako presidenteak jazarpen sexualaren kontrako lege bat sinatzea. Dutertek iragan apirilean sinatu zuen legea, baina gobernuak joan den astean eman zuenharen berri. Filipinetako mugimendu feministaren ustez, «ulertezina» da Dutertek jarrera sexisten kontrako lege hori onartu izana, emakume asko «mespretxatu» baititu urte hauetan guztietan. Filipinetako zenbait egunkari digitalen arabera, presidentearen erabakia ez zuen inork espero. Izan ere, Dutertek askotan goraipatu ditu bortxaketak eta indarkeria matxista.

2016ko maiatzean bilakatu zen Filipinetako presidente,hauteskundeak botoen %39rekin irabazita. Harrezkero, urtero biralizatu dira haren adierazpen sexistak, baina emakumeak mespretxatzeko joera hori boterera iritsi baino lehenagotik zuen: «Haserre nago gertatu zenarengatik, baina oso ederra zen. Alkatea izan beharko litzateke [emakumea bortxatzen] lehenengoa», esan zuen Davaoko alkate zenean, Jaqueline Hamilli erreferentzia eginez. Hamill misiolari australiar bat zen, eta 1989an bortxatu eta hil zuten Davaoko kartzela batean.

Duela hiru urte boterera iritsi zenean, gobernuko kargu garrantzitsuak gizonezkoek hartzeanahiago zuela onartu zuen Dutertek. Izan ere, haren ustez, hobeto egiten dute lan: «Nahiz eta agindu asko jaso, gizonezkoak ez dira kexatzen». Joan den hilabetean, polemika handia sortu zuen berriz ere: lau emakume muxukatu zituen, Japonian egindako bilera batean.

Jazarpen sexualaren kontrako legea oposizioaren ekinbide bat izan zen, eta Akbayan alderdi sozialdemokratako Risa Hontiverossenataria izan zen legearen bultzatzaile nagusia. «Lege honi esker, ez da erasotzaile sexualik egongo gure kaleetan; seguru biziko gara aurrerantzean», azalduzuen Hontiverosek. Honako hau esan zuen Filipinetako presidentearen inguruan: «Dutertek errege feudal baten antzera jokatzen du. Presidentea izateagatik edozer egiteko eskubidea duela uste du». Filipinetako Justiziak sedizioagatik hasi berri duen kausan akusatutako oposizioko politikarietako bat da Hontiveros. 36 pertsona dira akusatuak; horien artean dago Leni Robredo herrialdeko presidenteordea —presidenteordea presidentearen aparteko bozketa bidez aukeratzen da—.

Iragan otsailean, Kongresuko bi ganberek onartu zuten emakumeen aurkako jazarpenaren kontrako legea, baina hilabete honetan jakin da indarrean zegoela. Gobernuak ez du atzerapen horri buruzko azalpenik eman. Duterteren eledun Salvador Panelok esan zuen presidentea «sorpresak» ematen dituen pertsona bat dela: «Legea sinatu du, eta ados dagoela esan nahi du horrek».

Hemendik aurrera, Filipinetako leku publikoetan debekatuak egongo dira irain eta txiste matxistak, garrasiak, mehatxuak, txistuak eta piropoak. Erasotzaileei isunak ezarriko dizkiete, eta,erasoaren larritasunaren arabera, kartzela zigorrak jarriko dituzte.

Zerbitzu publikoen alde

Duterte mundu osoan egin da famatu haren adierazpen eta irain gordinengatik, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ikerketa bat agindu droga trafikoaren aurkako borrokan estatuko indarrek ehunka pertsona hil dituztelako.

Ilunetik gehiago izan du Dutertek argitik baino, baina nazioartean entzutetsuak izan ez diren zenbait politika eraman ditu aurrera: 2017. urtean, hezkuntzari buruzko lege bat onartu zuen, 112 unibertsitatetan ikastea doakoa izan zedin. Haren aholkulari ekonomikoek legea baztertzea gomendatu zioten, galera ekonomikoak ekarriko zituela iritzita. Hala ere, Filipinetako presidenteak epe luzera «onuragarria» izango dela defendatu zuen.

Urte honen hasieran, osasun zerbitzu publiko bat sortu zuen. «Neurri honek osasun laguntzak eta pentsioak hobetuko ditu, eta pertsona txiroak izango dira onuradunik handienak», esan zuen legea onartu bezain laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.