Rodrigo Duterte Filipinetako presidente ohiaren aurkako auzia hasi da gaur NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian, Hagan (Herbehereak). Estatuburu eta gobernuburu izan zen garaian (2016-2022) Drogaren kontrako gerra deiturikoa eraman zuen aurrera, eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egozten dio auzitegi horrek. Nekatuta balego bezala mintzatu da, bideokonferentziaz, auzitegiaren egoitzatik pare bat kilometrora dagoen atxilotzeko gunetik, eta bere nortasuna eta jaiotza data kostata baieztatu ditu —formalismo bat da, prozesuari hasiera emateko—. Egoitzara ez joateko baimena eman dio auzitegiak, argudiatuta «bidaia luzea» egin behar izan duela. Duterteren abokatu Salvador Medialdeak salatu du Filipinetako estatuburu ohia «bahitua» izan dela. Auzitegiko presidente Iulia Motoc-ek erantzun dio akusazioaren frogak aztertuko dituztela, eta irailaren 23an beste saio bat egingo dutela jakinarazteko ea prozesuarekin aurrera jarraituko duten, eta, hortaz, Duterte epaitua izango den.
Ordu erdi iraun du gaurko saioak. Horren ondoren, haren alaba eta Filipinetako presidenteorde Sara Duterteren bisita izan du. Aitarekin hitz egin ondoren, alabak haren mehatxua errepikatu du prentsaren aurrean: «Iritsiko da eurek ere erantzun beharko duten eguna». Asteartean atxilotu zuten Manilan (Filipinak), eta, auzitegiak azken egunetan plazaratu duenez, «arrazoizko oinarriak» daude gizateriaren aurkako krimenak leporatzeko, abiatutako operazioan «konplize» izan zela uste baitute. Dutertek (79 urte) nabarmendu izan du bera izan zela arduraduna. Hori adierazi zuen atzo, Hagan lur hartzen ari zela zabaldutako bideo batean. Datu ofizialen arabera, narkotrafikoaren aurka aritzea argudiatuta, Poliziak 6.000 pertsona inguru hil zituen. Giza eskubideen aldeko zenbait talderen arabera, ordea, guztira 30.000 pertsona hil zituzten estatuko indarrek eta indar parapolizialek. Dutertek bere gain hartu du erantzukizuna.
Izan ere, egindakoa justifikatzen du. Filipinetako Senatuak batzorde bat osatu zuen iaz, Drogaren kontrako gerra-n zer gertatu zen ikertzeko. Iazko azaroan, Senatuak Duterte deitu zuen batzorde horretara, eta presidenteak esan zuen «herrialdea babesteko betebeharra» zuela. «Egin beharrekoa egin nuen».
NZAk zehazten duenez, 2011 eta 2019 bitartean gauzatu ziren Duterteri leporatzen dizkioten krimenak. Izan ere, presidente izan aurretik, 22 urtez izan zen Davao hiriko alkate, hiru epealditan —1988-1998, 2001-2010 eta 2013-2016—; eta, hain zuzen, bazuen nolabaiteko ospea herrialdearen hegoaldeko milioi bat inguru biztanleko hiri horretan, narkotrafikoaren kontra egitea argudiatuta izan zuen jokabidea zela eta.
2016ko maiatzean presidentetzarako hauteskundeak egitekoak ziren herrialdean. Herritarrei galdetuta, krimena eta narkotrafikoa ziren herrialdeko arazo nagusiak. Horiek horrela, presidentetzara aurkeztu zen Duterte, eta agindu zuen arazo horiei «azkar» egingo ziela aurre. «Drogekin trafikatzen duten guztiei: putakume alaenak, akabatuko zaituztet!», adierazi zuen kanpainako ekitaldi batean, apirilean. Bi hilabete geroago, ekainaren 30ean, presidente izendatu zuten, eta ahobero hutsa izateagatik nabarmendu zen. Esaterako, maiz iraintzen zituen nazioarteko agintariak, Filipinetako presidentetza hauspotzen ari zela kritikatzen zutenean, hala nola Barack Obama AEBetako presidente ohia (2009-2017) eta Frantzisko I.a aita santua.

Martxan jarri zituen sarekadak, eta agindu bat eman zuen: hiltzeko asmoz tiro egiteko buru egiten zuten guztiei. Ehun egun igaro eta gero, iragarri zuten 3.700 pertsona hil zituztela. Agintaldiko lehen urtean babesa zuen Dutertek, baina 2017 amaieran haren aurkako protestak hasi ziren, eta giza eskubideen aldeko elkarteak zera salatzen hasi ziren, estatuko indarrak ez ezik, Dutertek hauspotutako heriotza eskuadroiak ere ari zirela herritarrak hiltzen. Elkarte horien arabera, estatu indarrek eta indar parapolizialek hiltzen zituzten droga saltzaileak, drogekin mendekotasun arazoak zituztenak eta talde kriminaletako liderrak; gehienak, bazterreko auzo txiroetan. Tiroketa horietan, gainera, besterik gabe kalean zebiltzanak ere hil zituzten.
Marcostarrekin etsaituta
Giza eskubideen aldeko taldeek eskatuta, NZA 2021ean hasi zen Duterte ikertzen. Presidenteak bi urte lehenago atera zuen herrialdea auzitegiaren jurisdikziopetik, baina auzitegiak argudiatu du hura epaitzeko eskumena duela, Filipinak erakundearen barruan zeuden garaikoak direlako gertakariak. Martxoaren 7an eman zuen NZAk atxilotzeko agindua. Hong Kongen zegoen Duterte, eta bi egun geroago, han bizi diren milaka filipinarrei zuzendu zitzaien mitin batean. «Esan didate Nazioarteko Zigor Auzitegiak —edo horrelako zerbaitek— atxilotu egingo nauela. Putakume horiek aspalditik dabiltza nire atzetik». Eta galdera bat planteatu zuen: «Zer egin dut gaizki?».
Hong Kongetik etxera bueltan, ia lur hartu berritan atxilotu zuen Filipinetako Poliziak. Sara Dutertek Ferdinand Marcos Bongbong presidentea egin zuen erantzule. Marcosek erantzun zion, ordea, Interpolen agindua zela, eta ezin ziotela hori betetzeari uko egin. «Bestela ez liguke lagunduko atzerrian ihesean dabiltzan filipinarrak atxilotzen».
Bi dinastiak, marcostarrena eta dutertetarrena, aliatuak izan ziren duela hilabete gutxi arte. Dena den, lehenago, 2023an, hasi zen bien arteko harremana gaiztotzen, estatuak ikerketa bat abiatu zuelako argitzeko ea dutertetarrek beren mesedetan erabili zituzten zerbitzu sekretuentzako funtsak.
HAGAn epaituak
Slobodan Milosevic
Jugoslaviako Errepublika Sozialistako (1989-1991) eta Jugoslaviako Errepublika Federaleko (1992-2000) presidente ohia 2001ean atxilotu zuten, eta 2002an hasi ziren hura epaitzen —teknikoki, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian—, Balkanetako Gerretan (1991-1999) genozidioa eta gerra krimenak egitea leporatuta. Hagako atxilotze guneko ziega batean topatu zuten hilda, 2006ko martxoaren 11n.
Laurent Gbagbo
Boli Kostako presidente (2000-2011) ohia 2011n atxilotu zuten, eta Hagara estraditatu, gizateriaren aurkako krimenengatik. 2019an, lehen instantzian, absolbitu egin zuen Hagak, eta bi urte geroago berretsi zuen erabakia.
Charles Taylor
Liberiako presidente ohia (1997-2003) 2006an atxilotu zuten, eta Hagara eraman. Egotzi zioten Liberiako gerran (1999-2003) Sierra Leoneko matxinoei laguntzea diamanteen trukean, eta, ondorioz, gizateriaren aurkako krimenak egiterakoan konplize izatea —50.000 hildako inguru—. 50 urteko zigorra ezarri zioten 2012an.
Hashim Thaci
Kosovoko Gerran (1998-1999) gerrilla bateko buru zela gizateriaren kontrako krimenak egitea egotzita, 2016 eta 2020 bitartean herrialde hartako presidente izandakoa epaitzen hasi ziren 2023an, Hagan. 2020an atxilotu zuten.
Atxilotze agindua emanda
Emanda daude hauek atxilotzeko aginduak: Vladimir Putin Errusiako presidentea, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Omar al-Baxir Sudango presidente ohia (1993-2019).