Durban, «etsigarria»

Klima aldaketaren inguruko goi bilerak etorkizunean betetzeko konpromisoak hartu ditu, ezer hitzartu gabe

2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Durbanen ez dute berotegi efektua amaitzeko akordiorik lortu. NBE Nazio Batuaren Erakundeko klima aldaketaren goi bilera igandean amaitu zuten, espero baino egun eta erdi beranduago, eta 190 estatutatik joandako ordezkari askok alde egin zuten ordurako, luzapenagatik etsita. EB Europako Batasuna «pozik» azaldu da bloke bakar baten moduan jardun duelako, baina hitzarmena ez da izan espero zena. Greenpeace eta beste hainbat gobernuz kanpoko erakundek, halaber, «etsigarritzat» jo dute hitzarmena, «oso oinarrizkoa» delako eta «aberatsen interesak» defendatzen dituelako.

Erabakitakoaren arabera, 2015erako «protokolo bat, legezko instrumentu bat edo legezko indarra duen hitzartutako emaitza bat» egingo dute; dena delako hori 2020an sartuko da indarrean, eta estatu bakoitzak urtean igorri ahal izango dituen gas kutsakorren mugak zehaztuko ditu. Oraingoz, baina, Kyotoko protokoloa indarrean mantenduko dute, 2012 amaieran bukatzen baita haren epea; ez dute zehaztu 2017 ala 2020ra arte iraungo duen.

Hala ere, Kanadak, Japoniak eta Errusiak ez dute harekiko konpromisoa berritu. Txinak, AEBeketa Indiak, iragarri bezala, ukatu egin dute gas isurketak mugatuko dituen legezko protokoloa estatu guztiei ezartzea, eta horrek erabat mugatu du estatuen arteko eztabaida.

Aliantza berriak

Klimaren Funts Berdearen egiturari buruz ere ez dute berritasunik lortu. Horren bidez, urtean ia 75.000 milioi euroko ekarpenak egingo dizkiete herrialde garatuek garapen bidean daudenei. Oraingoz, baina, ez dago dirurik, eta laguntzok biltzeko bideak ere ez dituzte erabaki. Txinak, bere aldetik, transferentzia horiek ahalik eta azkarren egin daitezen eskatu du, eta estatuek goi bileran hartutako konpromisoak bete ditzaten.

Klima aldaketaren inguruan herrialdeek hartutako jarrerek haien arteko aliantza berriak eratu dituzte. Estaturik behartsuenek EBrekin egin dute bat, eta garapen bidean dauden hiru herrialderik boteretsuenek— Indiak, Txinak eta Brasilek —, aldiz, erabakien aurrean atzera egin duen talde pisutsua osatu dute. «Mundua zuria eta beltza ez dela erakusten du horrek, ez dela aberatsena eta behartsuena», adierazi dute EBko ordezkariek. Oinarrian lortu duten emaitza bakarra elkarrizketekin jarraitzeko asmoa izan da.

Aditu askoren arabera, NBEren goi bileren sistema ez da eraginkorra helburu zehatzak lortzeko. Milaka ordezkarik parte hartu dute ordu luzeetako bileretan, eta herrialde orok du testuari buruz iritzia emateko aukera. Orain arte NBEk klimari buruz egin dituen hamazazpi goi bileretan ez dute erabateko adostasunik lortu: hala ere, ekologistek nahiago dute erakunde horren barnean egin dadin, G20koan balitz herrialde gehienak kanpoan geratuko liratekeelako. 2012an Qatarren egingo dute Kyotoko protokoloari buruzko hurrengo bilkura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.