Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel (1975, Sallent, Herrialde Katalanak) Suitzara erbesteratu zenetik. Ordurako espetxean zeuden ANC Biltzar Nazional Katalaneko buru Jordi Sanchez eta Omniumeko presidente Jordi Cuixart, baita Kataluniako Generalitateko hainbat kide ere. CUPeko diputatu ohi eta UNIA sindikatuko egungo idazkari nagusia uztailean atera zen lehen aldiz Suitzatik, Espainiako Auzitegi Gorenera joateko. Gero, joan den astean, Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu zuen. Desobedientzia delitua egozten diote, baina aske da. La Directa aldizkariari eman dio elkarrizketa.
Zer da etxetik urrun bizitzearen zailena?
Pertsona atzerritar bat izatea egunerokoan paperak behar dituzun herrialde batean. Zurea ez den herrialde batean bizi zarenean, mugak argi eta garden sentitzen dituzu, gutako inork ezin dituelako gurutzatu; oso zaila izan da. Aurreikusia nuen erbestea, baina ez nuen aurreikusi pandemia batekin batera helduko zela.
Komunikabideetatik urrun mantendu zara. Zergatik?
Suitzara heldu nintzenean harrabots handia piztu zen. Nire erbesteratu egoera aldarrikatu nuen, testuinguru bat salatu nuen, eta ohartarazi genuen estradizio eskaera bat iristen bazen asilo politikoa eskatuko genuela, Europako Batasuneko herrialde batek Schengen eremuko estatu batean asiloa eskatzeak berarekin dakarren guztiarekin. Estatuak, hala ere, ez zuen estradiziorik eskatu, eta, beraz, neure burua kokatzen jardun nintzen. [CUPeko] Talde parlamentarioko eleduna nintzenean rol publiko bat nuen, baina, diputatu izateari utzi nionean, denbora hartu nahi izan nuen erabakitzeko plaza publikoan egon nahi ote nuen, eta ezetz erabaki nuen.
Erbestetik zer lan egin ahal izan duzu Kataluniako gatazka politikoari dagokionez?
Beste maila batean egin dut lan; harremanak ditut, batez ere, Suitzako jendearekin, eta eguneroko militantzia praktikak baliatu ditut gure herrialdean gertatzen ari dena salatzeko. Norbaitek pentsa dezake hori ez dela ezer, ez duela garrantzirik, benetan axola duena dela NBE Nazio Batuen Erakundean oihartzuna izango duten ekitaldietan egotea. Hori oso ongi dago, baina garrantzitsuagoa da Europako herrialdeetako mugimendu antifaxistek gure errealitatea ezagutzea, edo kaleko jendeak, langileek edo nire sindikatuko militanteek nire historia ezagutzea eta zabaltzea. Zehaztu nahiko nuke, orain arte esan denaren aurka, Suitzak ez dizkidala paperak eman plaza publikora ez irtetearen truke, lan kontratu bat aurkeztu dudalako baizik. Suitzak ez digu inolako baldintzarik jarri.
Zerk bultzatu zintuen erbestera joatera 2017an?
Ez genuen taldean eta modu zabalean eztabaidatu erbestearen aukera, normalean egin ohi dugun moduan —ezagunak dira CUPen eta ezker independentistaren batzarrak—. Ezin zen eztabaida hori egin testuinguru horretan, hau da, erreferendumaren atarian, eta gero egoera oso itogarria bilakatu zen. Argi zegoen estatua presio egiten ari zela eta berdin jarraituko zuela. Ziurtasuna genuen CUPen egoitza nazionalean izaten genituen elkarrizketa guztiak entzuten zituztela, eta entzuketa gailuak zituen ibilgailu bat ere identifikatu genuen. Beraz, erbestearen aukera pertsona gutxi batzuekin soilik eztabaidatu genuen.
Bagenekien CUPeko jendea deituko zutela [deklaratzera], eta nik, bereziki, uste nuen haietako bat izango nintzela. Neure buruari galdetu nion zer egin nezakeen errepresioari aurre egiteko, eta hauxe esan nuen: «Irtengo direnetako bat izango naiz», prest nagoelako irteteko, eta prest nagoelako estatuaren errepresioa salatzeko. Eztabaida sakon batek lagundutako erabakia ez denean, lausoa eta zalantzazkoa bilakatzen da erbesterako bide hori.
Zer aldatu da orain?
Bazirudien une egokia izan zitekeela itzulera planteatzeko, ulertzen genuen bazegoela aurrekari bat nolabait ere bermatzen zuena leporatuko zidaten delitua desobedientzia izango zela, eta hori izan da gerora gertatu dena.
Faktore guztiak elkartuta heldu zen erabakia. Ez da erraza izan, irteten zarelako esanez: «Ez naiz joango Gorenera, han ez didatelako justiziarik egingo», eta hori ez da aldatu; oraindik indarrean den errepresiozko egoera bat salatzeko irteten zara. Erbesteak izan behar du esanahi politiko bat; gainontzean, oso gogorra da horri eustea, bai norberarentzat, baita haren gertukoentzat ere. Min handia eragiten du erbesteko zure kideekin batera itzuli ezin izateak; hori da gogorrena, baina orain eman dezakegun erantzun bakarra da borrokan jarraitzea guztiek askatasuna berreskura dezaten.
Zure aurkako akusazioa kontuan izanda, ez zenuen zertan espetxera sartu. Zerk pentsarazi zizun aurkakoa?
Orain, distantziatik, errazagoa da dena aztertzea. Garai hartan talde kontzientziak eta egoera pertsonalak bultzatuta egin nuen urratsa, eta orain ere testuinguruarengatik eta arrazoi pertsonalak direla medio itzuli naiz.
Errepresaliatu guztiek ez dute izan laguntza juridikoa, politikoa eta soziala. Lehen eta bigarren mailakoak daude?
Duzun ikusgaitasuna ez da beti zuk aukeratutakoa, eta nik inolaz ere ez dut nahi zenbait errepresaliatu ahaztuak izatea, baliabide gutxiago edukitzea, babes gutxiago jasotzea edota laguntza gutxiago izatea. Horregatik, sustatuko nuke babes sareak osatzea errepresio egoeran gauden banako guztion artean, modu horretan baliabideak, bizipenak eta ahalmenak partekatzeko.
Urriaren 1eko erreferendum hark bide ematen du independentzia aldarrikatzeko? Edo berriz bozkatu behar da?
DUIak [aldebakarreko independentzia deklarazioa] ez digu independentzia ekarriko, ezta negoziazio mahaiak autodeterminazio eskubidea ere, eta mahai gainean beste erreferendum bat jartzea ere ez da azken aukera. Aukera horiek guztiak hartu behar dira kontuan, baina ez haren alde ez dagoenaren aurkako jaurtigai gisa; aukera guztiak aztertu behar dira hausnarketa osatu bat egin ahal izateko. Zer irabazi genuen urriaren 1ean? Irabazi genuen baiezko botoak gehiago izan zirela ezezkoak baino; baina ez genuen independentzia irabazi. Hori ez da nahikoa arrazoi urriaren 1a zakarrontzira botatzeko. Zertarako balio du DUI bat onartzeak? Bihar independete izateko? Ez, noski, baina segur aski une jakin batean tresna baliagarria izan liteke tentsio politikoa handitzeko. Beste erreferendum bat? Eta zergatik ez? Ikusten badugu egoera egokia dela eta jendea tresna hori erabiltzeko eta bere egiteko prest badago.
Anna Gabriel. CUPeko diputatu ohia
«DUIak ez digu independentzia ekarriko, ezta negoziazio mahaiak autodeterminazio eskubidea ere»
Gogorra egin zaio Gabrieli erbesteko kideekin batera itzuli ezin izatea Kataluniara, baina argi du guztien askatasuna lortzeko borrokan jarraitzea dela orain bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu