Duela 13.000 urte desagertutako otso erraldoiaren itxura duen animalia lortu dute

Colossal Biosciences enpresako ikertzaileek egun bizirik dagoen otso grisaren enbrioietan hamalau gene txertatu dituzte, eta desagertutako 'Canis dirus' otso erraldoiaren ezaugarri fisikoak dituzten hiru otsokume lortu.

Sorrarazi dituzten hiru otsokumeetarik bat. COLOSSAL BIOSCIENCES
Sorrarazi dituzten hiru otsokumeetarik bat. COLOSSAL BIOSCIENCES
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 8a
09:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela 13.000 urteko otso espezie bat berreskuratu dutela iragarri du Colossal Biosciences enpresak, eta munduko hedabide guztietan lortu dute berehalako oihartzuna. Canis dirus, txakur beldurgarria edo dire wolf deitzen zaio; delako espeziea Game of Thrones telesail ospetsuan agertzen zen. Baina zenbait zientzialarik zehaztu dutenez, espeziea berreskuratu ez, baizik eta haren ezaugarriak dituen otso hibrido bat lortu dute.

Colossal Biosciences enpresako ikertzaileek fosil batzuen DNAk erabili dituzte, eta duela 13.000 urte desagertu zen Canis dirus otso erraldoiaren ezaugarri batzuk dituzten otsokumeak lortu. The New York Times egunkariaren arabera, desagertutako otsoaren DNA berreskuratzea lortu eta gero, gaur egungo hogei otso grisen geneak editatu zituzten, zehazki, desagertutako otsoaren ezaugarri nabarmenenak dituzten hamalau geneak, eta horiek txertatu zizkieten DNA gehigarriaren teknikari esker. Gero, otso grisaren zelula editatuetatik enbrioiak sortu, ordezko txakur ametan ezarri, eta erditu arte itxaron zuten.

Horren emaitza: sei hilabeteko bi ar eta bi hilabeteko eme bat; Romulus, Remus eta Khaleesi izendatu dituzte otsokumeak. Desagertutako espeziea berreskuratu dutela lau haizeetara zabaldu duten arren, zenbait zientzialarik zalantzan jarri dute: lorpena handia dela aitortu dute, bai, baina desagertutako espeziea ez dutela berreskuratu.

Nic Rawlence Otagoko Unibertsitateko Zoologiako irakaslea da baieztapen handiari ñabardura egin dion zientzialari horietako bat. Zeelanda Berriko Science Media Centre erakundeari egindako adierazpenetan esan du itxura antzekoa duen nahasketa bat lortu dela. Desagertutako espeziea berreskuratzeko, klonatu egin beharko litzatekeela azaldu du. «Desagertutako animaliak ezin dira klonatu, horrelakoetan DNA ez dagoelako behar bezala kontserbatuta. Genomaren sekuentzia egitea lortuta ere, desagertutako animalen DNA ezin da atera zatiak ez badira nahiko handiak, bizirik dauden animalietatik egin daitekeen moduan».

Duela 13.000 urte desagertutako otso baten ezaugarriak dituzten otsokumeak lortu dituzte. Ikus-entzunezkoen lantaldea

Hiru otsoak 2.000 hektareako instalazio pribatu batean gordetzen dituzte, Ameriketako Estatu Batuetan, zehaztu ez duten leku batean. Canis dirus gaur egun ezagunak diren otsoak baino handiagoa da, larru zurikoa. Ipar Amerikako historiaurreko haragijale bat da, Pleistozeno Aro Zaharrean eta Holozenoan bizi izan zena. Espeziea 1858an izendatu zuten, lau urte lehenagoko alearen ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.