Erguete droga mendekotasunaren arretarako fundazioaren Vigoko (Galizia) egoitzako korridore nagusiak langileen eta laguntza jasotzen ari direnen topaleku nagusia dirudi: denek agurtzen dute Carmen Avendaño fundazioaren presidentea, eta Avendañok ondotik pasatzen zaizkion guztiak agurtzen ditu. Giro ona da nagusi, eta denek dute txantxak egiteko gogoa; nork agintzen duen gehien, eztabaida horretan ere murgiltzen dira Ergueteko langileak. Azkenean, ez dute argitu Avendaño den ala ez, baina, fundazioaren presidenteak, behintzat, defendatu du bera ez dela agindu gehien ematen dituena: «Ni geroz eta gutxiago etortzen naiz. Lantalde ikaragarria dugu, eta hori nahikoa da».
Fundazioko langileek Avendañori erakusten dioten miresmena eta begirunea haren borroka luzeari egindako aitortza gisara interpreta daiteke. Izan ere, Galizian, drogaren aurkako borroka ulertzeko, ezinbesteko figura bat da Ergueteren presidentea, eta azken lau hamarkadotan egindako salaketak eta ekintzak aztertu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Avendaño, esaterako, droga trafikatzaile garrantzitsuenak seinalatzeagatik eta gizarteratzea sustatzeko programak antolatzeagatik egin da ezagun, beste hainbat emakumerekin batera. Drogaren aurkako amak, modu horretara ezagutu dituzte urteotan: «Egun, hasi ginen guztien artetik bi besterik ez gara geratzen».
Borroka herrialde osora zabaldu aurretik, emakume talde hori Vigo hiriko Lavadores auzoan hasi zen elkartzen, «ezkerreko auzo langile batean»; orduan egin zituzten lehen bilkurak, lehen borrokak, lehen aurkikuntzak drogaren inguruan. Hain justu, narkotrafikatzaileen eta drogen salaketak abiatzerakoan, emakume horiek guztiek ezaugarri komun bat zuten: euren seme-alabak drogak kontsumitzen hasi zirela. «Nire kasuan, bost seme ditut, eta bi erori ziren. Orain, ondo daude. Beste batzuek, tamalez, galdu egin dituzte. Beti ikusten duzu norbait zu baino okerrago dagoena. Berez, nik ez dut ezer sufritu, besteekin konparatuz gero. Nire semeek ez zuten gaixotasunik izan: ez hiesa, ez hepatitisa, ezer ez».
Mobilizazio horrek jarri zituen Ergueteren oinarriak, eta, 1984rako, drogaren aurkako amek erakundea sortu zuten gerora bilakatu zen fundazio, arrazoi batengatik: «Uste dut lehen aldia dela honako hau esango dudana. Familia askok sentitzen genuen ezintasunagatik sortu zen. Ikusten genuen zerbait gertatzen ari zela, baina, aldi berean, ez genekien zer zen gertatzen ari zen hura».
Garai hartan, drogaren aurkako ekintzaileak geroz eta oihartzun handiagoa lortzen ari ziren, eta horri esker lortu zuten Galiziako eta Espainiako politikari ezagun askorekin biltzea. Avendañok Manuel Fragarekin izandako bilera bat du bereziki gogoan; harentzat, «anekdota bat» da, baina era ezin hobean laburbiltzen du ekintzaileak noraino iristeko prest zeuden droga trafikoaren aurkako borrokan.
«Fragarekin izan genuen bilerak eragin handia izan zuen nigan, ulertarazi zidalako garrantzitsuena jendearen barnekoa dela, ideologiak pisu handia duen arren. Harekin elkartu ginen, eta uste dut ordu eta erdiz hitz egin nuela gelditu gabe. Une batetik aurrera, burua beherantz izan zuen; nire adiskideei begira jarri nintzen, uste bainuen lokartu egin zela. Hitz egiteaz amaitu nuenean, sorpresa bat izan genuen: burua altxatu zuen, eta ohartu ginen negarrez ari zela. Gero, bere idazkariaren bitartez, jakin nuen eskatzen genuen guztia emateko agindua eman ziela bere lankideei». Ergueteko presidentearentzat, gertakari horrek balio du frogatzeko alderdi politiko guztien artean ahobatezko jarrera egon zela fundazioaren lanari zegokionez.
Avendañoren kontakizuna gertakari berezi eta harrigarri ugariz betea dago. Fragarekin bildu zirenerako, Erguete sortu zuten emakumeek bazuten bereganatua gutxieneko ikusgarritasun bat Galiziako gizartean, eta drogaren aurkako mezuak pixkanaka herritarren artean barneratzen hasiak ziren.
Baina, hori lortzeko, ekintza deigarriak egin behar izan zituzten: «Ziur ginenean taberna batean droga saltzen zutela, taberna horren sarreran jartzen ginen, eta 'hemen droga saltzen da' oihukatzen genuen hamabost bat emakumek. Finean, konplexu asko gainditu genituen». Hori da, Avendañoren iritziz, mugimenduak izan duen arrakastetako bat, gizartea alde jartzea lortu baitzuten, eta, hortaz, salatzen zituzten tabernak ez ziren ausartu Erguetekoak salatzera. «Drogaren aurka lan egitea zaila da, baina emaitzak agerikoak dira».
Alderdien finantzaketa
Drogaren inguruko auzi gatazkatsuetako bat alderdi politikoen ustezko finantzaketa da. Horretaz galdetzean, erantzun kategorikoa eman du fundazioaren presidenteak: «Buf… Eta Euskal Herrian ere bai».
Adierazpen hori, ordea, berehalako zehaztapen batekin dator, Avendañoren ustetan, «beharrezkoa» dena. «Galizia oso marjinala zen, eta jendeak taldeak osatzen zituen Winston tabako amerikarra komertzializatzeko. Sare antolatuak zeuden, bizirik irauteko. Bestela, atzerrira joan behar ziren. Hori, sistema politiko frankistaren erruz. Hori, printzipioz, bizirik irauteko zen; baina, azkenean, beste gauza batzuetan ere normalizatu egin zen. Ez dut uste egin dutenik jakinda zer-nolako mina eragiten ari ziren. Eta, azkenean, beste horretara ere zabaldu zen; uste dut ezjakintasunagatik gertatu zela. Zerbait normala balitz bezala saltzen zen. Normaltasun politikoaren ondorengo garaian, bazegoen jendea horretan, alderdi politiko batean militatzen zuena. Kolore askotako alderdietan gertatu zen. [Alberto Nuñez] Feijoo [Galiziako presidentea] berak esaten du; gai horren inguruan oso zintzoa da, berak ere ikusi zuelako zer gertatzen zen».
Gertatzen denaren jakitun zen arren, Galiziako presidenteak harremanak izan zituen narkotrafikatzaile ezagunekin. 1990eko hamarkadan, esaterako, Marcial Doradoren laguna izan zen; Dorado tabako trafikatzailea izan zen lehenik, eta droga trafikatzailea gero. Horren harira, biak ontzi batean agertzen diren argazkia argitaratu izanak eskandalu politiko bat eragin zuen, eta Feijook gutxigatik lortu zuen bere ibilbide politikoak bizirik irautea. Auzi horren harira, Xose Manuel Beiras Galiziako nazionalismoaren buruzagiak berak haserrealdia izan zuen Galiziako Parlamentuan, eta harkere oihartzun handia izan zuen.
«Argazki hori ikustean zer pentsatu nuen? Ezer ez. Bagenekien harreman estua zutela, ez zen izan inolako berritasuna», azaldu du Avendañok.
Egungo egoera
Avendañok «arriskutsutzat» jo du iraganeko egoera egungoarekin konparatzea. Halere, iruditzen zaio orain berriz «naturaltasunez» ikusten direla «jarrera batzuk»: «Anfetamina, haxixa, kalamua… Gainera, jarrera horiek gazteengan ikusten dira. Nire ustez, beharrezkoa da kontzientziazio eta hezkuntza kanpaina bat egitea Espainian. Gazteek ez dute ikusi zer gertatu zen, eta [gizartean] kezka hori galtzen ari da. Pilulena ere. Goxokiak balira bezala irensten dituzte».
Egoera edozein dela ere, Erguetek borroka horretan zerikusia izango du aurrerantzean ere, drogaren aurkako amak inspirazio iturri izanda. Egun, besteak beste, lan formakuntzak eskaintzen dituzte; ez soilik droga mendekotasuna dutenei, baita baztertuta daudenei edo baztertuak izateko bidean direnei ere. «Kurtsoetan ditugun pertsonen egoerak kontuan hartuta, egoera anitz ditugu,eta horrek eragiten du denen artean elkartasuna izatea nagusi. Gero, praktikak enpresetan egiten dituzte, eta %60 inguruk lanera itzultzea lortzen dute».
Galiziako bozak
Drogaren aurkako amak
Galiziako emakume talde batek narkotrafikatzaileen aurkako borroka abiatu zuen duela 35 bat urte: horien artean, Carmen Avendaño bilakatu zen aurpegirik ezagunena. Egun, Erguete droga mendekotasunen arretarako fundazioaren presidentea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu