Italia

Draghi prest dago karguan jarraitzeko, gobernu barruko liskarrak konpontzeko baldintzarekin

Italiako lehen ministroak azaldu du beharrezkoa dela gobernu «sendo eta bateratu bat» sortzea, eta «konfiantzazko paktu zintzo eta konkretu bat egitea» proposatu die legebiltzarkide eta alderdiei.

Mario Draghi Senatuan egindako agerraldian gaur. FABIO FRUSTACI / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 20a
14:00
Entzun

Mario Draghi Italiako lehen ministroa bere karguan jarraitzeko prest agertu da, gobernu koalizioaren barruan dauden gatazkak konpontzeko baldintzarekin. Joan den astean aurkeztu zuen dimisioa Draghik, baina Italiako presidenteak ez zion onartu. M5S 5 Izar Mugimenduarekin eta haren buruzagi Giuseppe Conterekin izandako desadostasunen ondorioz hartu zuen erabaki hori lehen ministroak. M5S ez zen azaldu uztailaren 14an egin zuten Senatuko bozketara, eta hori gabe kargua utziko zuela iragarria zuen lehendik Draghik. Hala ere, gaur goizean jakinarazi du karguan jarraituko duela Italiako gobernua indartzeko asmoz.

Ikusi gehiago: Italiako presidenteak ez du onartu Draghiren dimisioa

Draghik gobernu «sendo eta bateratu bat» sortzea beharrezkoa dela azaldu du gaur Senatuan egindako agerraldian. Legebiltzarkideei eta alderdiei ere mintzatu zaie, proposamen batekin. «Beharrezkoa da konfiantzazko paktu zintzo eta konkretu bat egitea, herrialdea hobetzen lagundu zigunaren parekoa; prest al zaudete?». Horrela, adierazi du «batasun nazionalaren porrotaren ondorioz» erabaki zuela kargua uztea. Esan du konfiantza mozioaren bozketa «ezin dela albo batera utzi», eta «paktu bateratu, ausart eta sinesgarri bat» egitea dela «batera jarraitzeko aukera bakarra».

Italiako herritarren nahiei entzutea beharrezkotzat jo du lehen ministroak, eta azken egunetako mobilizazioei «kasu ez egitea» ezinezkoa dela azaldu du. Horrez gain, iragan hilabeteetan «gobernu honen zilegitasun demokratikoaren eta eraginkortasunaren bermerik onena» batasun nazionala izan dela esan du. Hizketaldia amaitu du esanez boto emaileen aurrean inoiz aurkeztu ez den lehen ministro batek «ahalik eta babesik handiena izan behar duela parlamentuan», eta italiar guztiei erantzun bat eman behar zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.