Manifestari errusiazaleek berriz ere eraikin ofizialak okupatu dituzte Ukraina ekialdeko hiri nagusietan. Oraingoan, ordea, Kievi egindako desafioa urrutirago eraman dute, eta Donetsken, adibidez, eskualdeko gobernuaren egoitza okupatu ondoren, helburu argiak finkatu dituzte: legebiltzar bat osatu dute, horrek eskualdearen burujabetza aldarrikatu du eta maiatzaren 11rako erreferendum bat egitea du helburu, errepublika bat sortzeko. Kievek erreferenduma onartu ezean, Donetskeko kontseilu horrek laguntza militarra eskatuko dio Errusiari. Ukrainako presidenteak erantzun du «terrorismoaren aurkako neurriak» hartuko dituztela, eta Errusiari leporatu dio «Ukrainaren aurkako operazioaren bigarren olatua» gauzatzea.
Igandean errusiazaleek manifestazio jendetsuak egin zituzten Donetsken, Luhansken eta Kharkiven —Ukrainako hiri handietan bigarrena—. Kharkiven manifestariek barrikadak jarri zituzten zenbait eraikin ofizialen inguruan, eta liskarrak ere izan ziren errusiazaleen eta ukrainar nazionalisten artean. Luhansken, errusiazaleek SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza okupatu zuten, eta, Barne Ministerioaren arabera, bertan zeuden armak hartzea lortu zuten. Baina arrakasta gehien Donetsken izan dute. Eskualdeko gobernuaren egoitza ez ezik, SBUrena ere hartu dute, eta barrikadak jarri dituzte karriketan.
Galdeketa, maiatzaren 11rako
Gobernuaren egoitza hartu ondoren, manifestariek botere burujabe berri bat aldarrikatu dute: Donetskeko Herri Kontseilua. Erakunde horrek, era berean, Donetskeko Herri Errepublikaren sorrera aldarrikatu du. Egungo eskualdearen mugak edukiko ditu errepublika horrek, eta ez du Kieveko agintea onartuko. Gehien jota maiatzaren 11rako deitu nahi du erreferendumera herri kontseilu horrek. Herritarrei galdetu nahi die ea errepublika sortu nahi duten, eta, Donetskeko gobernuaren egoitzatik erran dutenez, asmoa da Kharkiven eta Luhansken ere egun berean egitea erreferendumak. Kievek debekatuko balitu, Vladimir Putin Errusiako presidenteari zuzenean eskatu liokete «bakea segurtatzeko tropak» bidaltzeko.
Ukrainako bandera kendu eta Errusiakoa paratu zuten gobernuaren egoitza hartu zutenek. Kyiv Post egunkariaren arabera, talde hauek antolatu dituzte Donetsken igandean hasi ziren protestak: Donbasseko Herriaren Miliziak —Pavel Gubarov buruzagia martxoaren hasieratik preso daukate Kieven—, Herria Askatzeko Mugimenduak, Bloke Errusiarrak eta Sergei Kurginian pentsalari errusiarrak sortutako Denboraren Esentzia izeneko ezkerreko mugimenduak.
Hala ere, Ukrainako Gobernuak eta AEBek ere, Kremlini leporatu diote ekialdeko protesta olatu hori sortzea. Oleksandr Turtxinov Ukrainako presidenteak zigor neurriak iragarri ditu ekialdeko manifestarientzat. Polizia gehiago bidali dituzte mendebaldetik, eta Radak (parlamentuak) zenbait legeren inguruan bozkatuko du gaur: «Separatismoagatik eta estatuaren aurkako bertze krimenengatik erantzukizun penalak gogortzea, eta jarrera separatisten eta norbere estatuaren aurka jarduten duten alderdi politikoak eta erakunde zibilak debekatzea». Ekialdean larrialdi legea ezartzeko proposamen bat ere erregistratu dute Radan.
Gerra hitza ere ahotan erabili dute Ukrainako ordezkariek. Andri Destxitsia Atzerri ministroak Moskuko Ekho agentziari erran dionez, Errusiak Ukraina ekialdera soldaduak bidaliz gero, Kiev «gerrara joanen da».
AEBen erretorika ere parametro horietan kokatu da. «Errusia gehiago barneratzen bada Ukraina ekialdean, bai era irekian, bai ezkutuan, tentsioaren igoera hagitz larria litzateke», adierazi du Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak. Ukrainako agintarientzat bezala, Carneyren ustez ere, ekialdeko manifestariek «probokazioak sortu» nahi dituzte, Errusiaren esku hartze bat bultzatzeko.
Errusiako Federazioaren Kontseiluak (Senatuak) martxoaren 1ean eman zion baimena Putini Ukrainara soldaduak bidaltzeko. Ukrainako errusiarren segurtasuna arriskuan egotea eta haiek laguntza eskatzea da Putinek agindu hori betetzeko paratutako baldintza. Kieven eta Mendebaldearen ustez, Krimeako eredua errepikatu nahi du Putinek. Sergei Lavrov Errusiako Atzerriministroaren arabera, ordea, Mendebaldearen jarrerak «larriagotu» egin ditu Ukrainako eskualdeen arteko ezberdintasunak, Kievi «mendebaldearen eta ekialdearen artean hautatzeko exijitu» ziolako. Irtenbidea Ukrainaren federalizazioa izanen dela defendatu du Lavrovek. Ukrainaren ekialdea errusiera hiztuna da, eta lotura historiko eta kultural estua dauka Errusiarekin. Viktor Janukovitx boteretik kendutako presidenteak babes zabala zeukan ekialdean.
Eskuin Sektorea, Kieven
Kieven bertan ere karrikako gatazka ez da desagertu, ordea. Eskuin Sektorea taldeak Auzitegi Gorena inguratu zuen atzo. Ukrainako epaileen konbentzioa egitekoa zen, eta neonaziek bilkura blokeatu zuten, Eskualdeen Alderdiaren agintepean lan egin duten epaileei jardunean jarraitzea debeka diezaietela exijitzeko.
Donetsken burujabetza aldarrikatu, eta babesa eskatu diote Errusiari
Ukraina ekialdeko hiri nagusietan eraikin ofizialak okupatu dituzte errusiazaleek, eta Donetsken erreferendum batera deitu duteKievek eta Washingtonek Moskuri egotzi diote ekialdean manifestazioak antolatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu