Donetskeko frontean aurrera egiten jarraitzen du Errusiak

Kievek esan du bi herrixken kontrola hartu duela Errusiak azken orduetan, Pokrovsk hirira bidean. Ukrainako drone batek Errusiako Rostov eskualdeko erregai biltegi bati eraso dio.

Ukrainako Pokrosvk hiriari Errusiak eginiko erasoa, iragan martxoan. EFE
Ukrainako Pokrosvk hiriari Errusiak eginiko erasoa, iragan martxoan. EFE
2024ko abuztuaren 28a
17:13
Entzun

Donetskeko frontean aurrera egiten jarraitzen du Errusiako armadak: Memrik eta Kalinove herrixken kontrola hartu du azken orduetan, Deep State Ukrainako Telegrameko kate militarrak jakinarazi duenez. Horrela, Pokrovsk (Donetsk) hirira gerturatzen ari dira Errusiako soldaduak. Hiriaren kontrola hartuz gero Kieven ahalmen logistikoak murriztuko dituela adierazi du behin baino gehiagotan Moskuk, eta horregatik duela hilabete batzuetatik jomugan du. Orlivka herrixkaren kontrola ere bereganatu zuen atzo Errusiako armadak —Pokrovsketik 30 kilometrora dago—, herrialde horretako Defentsa Ministerioaren arabera.

Duela lau aste abiatu zuen Ukrainak Errusiako Kursk eskualdearen aurkako erasoaldia: 1.300 kilometro koadro inguru eta ia ehun herrixka bereganatu ditu ordutik, Ukrainako armadaren buru Oleksandr Sirskik atzo eginiko agerraldi batean jakinarazi zuenez. Gainera, agerraldi berean Sirskik aitortu zuen Errusiako eskualde horren aurkako erasoaldiaren helburuetako bat Errusiako armadak Ukrainako fronteetan dituen soldaduak Kurskera desbideratzea dela, horrela, Donetskeko frontean, esaterako, kilometro gutxiago egiteko aurrera; Errusiako soldaduak, baina, gero eta gertuago daude Pokrosvk hiritik.

Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako beste eskualde batzuen aurkako erasoak areagotu ditu Kievek: Ukrainako soldaduak Kursk hegoaldeko Belgorod eskualdean sartu nahian dabiltza azken egunetan, eskualde horretako gobernadore Viatxeslav Gladkovek atzo baieztatu zuenez, eta are hegoalderago, Krimea ekialdean dagoen Rostov eskualdeko erregai biltegi bati eraso egin dio gaur goizaldean Ukrainako drone batek. Sute bat eragin du talkak, baina ez da biktimarik egon, Rostoveko gobernadore Vasili Golubevek Telegram bidez esan duenez.

Erregai biltegiarekin talka egin duenaz gain, Golubevek jakinarazi du Rostoveko aireko defentsa sistemek Ukrainako lau drone erorarazi zituztela atzo gauean. Voronezh eskualdeko aireko defentsa sistemek ere Ukrainak jaurtitako zortzi drone suntsitu zituzten atzo, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera.

Eliza baten aurkako atentatu bat zapuztu dute Inguxetian

FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak jakinarazi du eliza baten aurkako atentatu bat zapuztu duela Inguxetiako Errepublikan, Txetxenia ondoan: hango eliza bati eta Polizia indarrei eraso egin nahi izatea egotzita, sei pertsona atxilotu dituela iragarri du bere webgunean argitaratutako ohar batean. Horretan adierazi duenez, Errusian bizi dira eta errusiar herritartasuna dute atxilotuek, eta herrialdean debekatuta dagoen «antolakunde terrorista» batekin loturak dituzte. Polizia indarren eta eraikin erlijiosoen aurka «sabotajeak eta ekintza terroristak» egiteko asmoa zuten, FSBren arabera, eta atxilotuei lehergailuak, suzko armak, arma zuriak eta «sinbolo batzuk» konfiskatu dizkiete.

«Sei akusatuek errudun direla aitortu dute», gehitu du FSBk, eta iragarri du atxilotuek zituzten asmoak argitzeko ikerketa bat abian jarri duela. Inguxetian zapuztutakoa ez da izan Errusiako Polizia jomugan zuen azken hilabeteetako «ekintza terrorista» bakarra: Txetxenia ondoan dagoen Dagestango Errepublikan 22 pertsona hil zituzten iragan ekainaren 23an, tartean 15 polizia, hango hiriburu Makhatxkalako bi eliza ortodoxotan, sinagoga batean eta polizia etxe batean izandako erasoetan. Eraso horiek ere «nazioarteko erakunde terrorista bati» egotzi zizkieten Errusiako errepublika autonomo horretako agintariek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.