UKRAINA

Donetskek eta Luhanskek iragarri dute hasi direla herritarrak modu masiboan Errusiara eramaten

Ukraina ekialdeko errepublika autoizendatu errusiazaleen arabera, Kiev eraso bat hasteko pronto da. Zelenskik ukatu egin du hori.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, atzo, Donetsken. EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 18a
16:44
Entzun

Ukrainako armada Donbass eskualdeko Donetsk eta Luhansk errepublikei eraso egiteko pronto da. Laster emango du agindu hori Volodimir Zelenski presidenteak. Hori uste dute herrialdearen ekialdeko herri errepublika autoizendatu errusiazaleetako agintariek. Beraz, hasi dira, TASS Errusiako berri agentziak dioenez, herritarrak modu masiboan Errusiara eramaten. Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren liderraren esanetan, Moskurekin adostu dute herritar horiei harrera egingo dietela Rostov (Errusia) eskualdean. «Aurrena» emakumezkoak, adingabeak eta zaharrak aterako dituzte. Leonid Pasetxnik Luhanskeko Herri Errepublikako buruak «zeregin zibil eta sozial ezinbestekoak» ez dituzten herritarrei eskatu die «ahalik eta azkarren» abiatzeko Errusiarantz.

Kievek, baina, ukatu egin du eskualdeari eraso egiteko asmorik dutenik. Oleksii Reznikov Defentsa ministroak hori adierazi du gaur parlamentuan. Eta azken orduetan eskualdean gertatutako erasoak gogorarazi ditu. 2014an milizia errusiazaleen eta Ukrainako armadaren arteko gerra piztu zen eskualdean. Urtebete geroago Minskeko Akordioak sinatu zituzten su-eten iraunkor bat ezartzeko, baina ez batzuek, ez besteek ez dituzte errespetatu. Kieven arabera, atzo gertatutako erasoetan Errusiak militarki babestutako miliziek 45 aldiz urratu zuten akordioan jasotakoa. Miliziek, berriz, Ukrainako armadaren 30 eraso zenbatu zituzten. Lau zauritu izan ziren borroketan: bi soldadu eta bi militar. Gaur ere erasoak egotzi dizkiote bi aldeek elkarri.

Gatazkaren «areagotze bat»

Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur nabarmendu duenez, Donbassko gatazkaren «areagotze bat» gertatu da. Haren ustez, Minskeko Akordioak dira Ukrainan «bakea berrezartzeko» eta herrialde horren bueltan sortutako tentsioak bukatzeko «bermea», baina Zelenskiri leporatzen dio horiek ez betetzea. «Kievek egin behar duena da Donbassko ordezkariekin eseri, eta gatazka amaitzeko neurri politikoak, militarrak, humanitarioak eta ekonomikoak adostu», zehaztu du Putinek, prentsaren aurrean, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearekin batzartu eta gero. Guztira 31.000 pertsona hil dituzte Donbassko gerran, eta 2,5 milioi inguru desplazatu eragin ditu.

Errusiak esan du aste honetan tropak erretiratzen hasi dela Ukrainako mugatik, baina Mendebaldea ez da fio. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur adierazi du ez dutela «frogarik», eta Errusiari eskatu dio tentsioa baretzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.