Donetskek orain dela urtebete ekin zion herri altxamenduari, eta ordutik gauza asko aldatu dira hirian. Guda dela eta, jende andanak alde egin du Donetsketik: batzuk ukrainar aldera, eta, gehienek, Errusiar Federaziora. Milioi bat pasa biztanle zituen hiriak, eta erdiek alde egin dute. Fabrikak geldirik eta ekoizpena etenda, diru eta jaki faltan, Donetskeko herritarrak guda noiz amaituko zain daude, bizitza berri bati ekiteko asmoz.
Donetskeko azokan erosketak eginez hasten du jendeak eguneroko bizitza. Astelehena da, eta jende gutxi dabil, gerra hasi zenetik ohikoa den bezala; lehen baino jende gutxiago mugitzen baita Donetskeko kaleetan. Merkatua termometro eta ispilu bikaina da hiriaren argazki gisa. Itxuraz, jendea pozik eta umorez dago. Gerra baten ez dago besterik, barre egin edo hil.
Saltzen diren produktuen inguruan nobedade gutxi; Ukrainako ekialdean ohikoak diren opilak, arropa eta bestelako gauza tipikoak. Baina Donetsk jada ez da Ukraina; hori diote, behintzat,tokikoek bertakoek. Erreferendum baten bidez herrialde berri bat eratzea erabaki zuten orain dela urtebete: Novorossiya edo Donetskeko Herri Errepublika. Merkatuan milizien arropa eta bestelako gaiak dira salgai, azken urtean zer edo zer aldatu den seinale.
Donetskeko erdigunean dago azoka, baita gunerik famatuena ere, Lenin plaza. Hiri erdian ez da nabari inolako guda egoerarik. Eraikin gutxi batzuk baino ez ditu hondatu gerra zibilak. Gobernuaren egoitza, Parlamentua eta normal-normal funtzionatzen duten luxuzko hotelak nahiz negozioak daude bertan. Denda batzuk itxita egon arren, asko zabalik daude. McDonalds izan da «hiri matxinatuan» ateak itxi dituen negozioetako bat. Taberna batzuk ere badaude, Mendebaldeko Europako pub modernoen antzekoak. Estilo horretan bizi dira Donetskeko gazteak, askok herri milizietan izena eman eta borroka egiteko hautua egin badute ere.
Bizitza, egun-argitan
Halakoxea da Artiom hiribidean bilduta dauden milizianoen kasua. Ordu batzuetarako gerra albo batera utzi, eta sisha arabiarra erretzen ari dira, Donetskeko arabiar eta mendebaldar kultura uztartzen saiatzen den pub new age batean. Beste gazte asko, bizimodua irabazteko asmoarekin itzuli dira jaioterrira. Hori da Eugeniren kasua, Valladoliden (Espainia) txikitatik bizi izandakoa. Donetskera itzuli eta gudaren inguruko «negozioa» abian jarri du, errusiar-espainiar itzultzaile gisa. Kalean dabilen joan etorria ohi baino txikiagoa ez balitz, inork ez luke esango hiri hau gerran dagoenik. Donetsk, ordea, egunez soilik bizi da; gaueko hamarretatik aurrerako etxeratze aginduak eta hiri kanpoan jauzten diren bonbek, izan ere, gerra hor dagoela ohartarazten dute.
Hiriaren iparraldera, luxuzko beste eraikin batzuk nabarmentzen dira. 2012ko Eurokoparako eraiki zuten Donbass Arena futbol zelaia, esaterako: bost izarreko estadio modernoa. Bonbardaketa batek estadioaren zati txiki bat kaltetu zuen, eta, horren ondorioz, Xakhtarrek, Donbasseko meatzarien taldeak, hiria utzi eta Kiev edo Lviv-en jokatzen du.
Xakhtarren jabea Rinat Akhmetov da, Ukrainako enpresaririk aberatsena. Taldea Donetsketik eraman eta bere burua maidanzaleen alde jarri zuen. Halere, eta paradoxikoa bada ere, oligarkaren itzala ez da inola ere hiritik desagertu. Donbass Arena giza laguntza banatzeko egoitza bilakatu da, eta Akhmetoven jendeak banatzen du laguntza hori. Donbassen dauzkan enpresak martxan edukitzearen truke, giza laguntza bere gain hartu du Akhmetovek. Eskuzabaltasunetik haragoko erabakia da, inondik ere, oligarkak Krimean zeuzkan elektrizitate enpresak nazionalizatu egin baitzituzten penintsula horrek Errusian sartzeko erabakia hartu zuenetik.
Gero eta iparralderago, hiriaren paisaiak itxura apokaliptikoa hartzen du. Halakoa da Kievski barrutia. Kaleak hutsik daude, eta bizitza soziala eskasa da. Gerrak auzoko egunerokotasuna desagerrarazi du. Kievski, Oktoberski edo Petrovski, aireportuaren inguruetan dauden auzo «ilunak» dira. Biztanle gehienek ihes egin dute, baina badaude auzoetara bueltatu direnak ere, edo bonbardatutako ospitaleetako zein ikastetxeetako lanpostua utzi nahi ez dutenak. Halaxe dio Oktoberski auzoan andre batek: «Ez gara hemendik joango, Kieveko juntako faxistek ez gaituzte izutzen».
Periferia, ia bizitzarik gabe
Erdiguneko normaltasunaren kontrastea da periferiako langile auzoetan bizi den egoera. Bizitza ekonomiko eskasa dago hemen. Denda gehienak itxita daude, eta jendeak kalean tabakoa eta jatekoak saltzen ditu. Garraioak ia ez dabiltza hiri kanpoan, eta oraindik martxan dabiltzanak beldurrez sartzen dira. Halaxe dio Oktoberskiko ospitalera eraman gaituen taxi gidariak: beldurtuta dagoela onartu, eta ahalik eta azkarren alde egin du erdigunera. Auzoek, gau eta egun, etengabe pairatzen dituzte aireportuko eremutik datozen bonbardaketak. Bi kale harago misil batek eztanda egin arren, jendeak normal-normal hartzen du erasoa.
Lantegi askok eten egin behar izan dute ekoizpena, eta gelditu egin da Donbassen bihotz industrial eta ekonomikoa. Hiri langilea eta meatzari tradiziozkoa da Donetsk, eta, martxan dauden fabrikak normal lan egiten saiatu arren, gerrak guztiz suntsitu du industrialdea hiri kanpoaldean. Bizitza ekonomikoa berrabiatzea erronka handia izango da etorkizunean.
Ukrainako txanpona pairatzen ari den debaluazioa ere arazo larria da Donetsken. Oinarrizko beharrizanak asko garestitu dira, hala Donbassen nola Ukrainako txoko guztietan. Hori dela eta, krisi sakon batetik irteten ari den Errusiako errubloaren erabilpena ezarri dute Donetsken. Eta ez da Errusiatik datorren bakarra, giza laguntza ere Made in Russia da.
Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran
Donetsk, kontrasteen hiria
Ukraina ekialdean duela urtebete hasi zuten «herri altxamendua».Fabriketako ekoizpena ia erabat etenda, jaki eta diru falta nabarmena da.Oinarrizko gaiak asko garestitu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu