AEBetako hauteskundeak

Donald Trump: «Amerikarrek berriz hartu dute herrialdearen kontrola»

Garaipena aldarrikatu du Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak, eta AEBetan «inoiz» ikusi ez den mugimendu politiko bat duela esan.

Donald Trump, West Palm Beachen (AEB), garaipena aldarrikatzen. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Donald Trump, West Palm Beachen (AEB), garaipena aldarrikatzen. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 6a
09:24
Entzun

Lee Greenwooden God Bless the USA (Jainkoak bedeinka ditzala AEBak) abestiarekin igo da oholtzara Donald Trump, ezustekorik ezean AEB Ameriketako Estatu Batuetako 47. presidentea izango dena. Atzo egin zituzten han presidentetzarako bozak, eta hautagai errepublikano eta 2017tik 2021era presidente izandakoak irabazi ditu. Boto gutxi batzuk zenbatzeko falta zirela, garaipena aldarrikatu du Alderdi Errepublikanoak Floridako West Palm Beachen, eta Trumpek «historia» egin duela esan du. «Amerikarrek berriz hartu dute herrialdearen kontrola», adierazi du presidente berriak.

2016an ez bezala, badirudi Trumpek aurtengo bozetan ordezkarien gehiengoaz gain boto gehienak lortu dituela, eta hori nabarmendu du hitzaldian: «Herritarren maitasuna nabaritu dut». Alderdi Errepublikanoak ez ditu soilik presidentetzarako hauteskundeak irabazi: Senatuan gehiengoa berreskuratu du, atzo eserlekuen herenak berritzen baitziren. Bi garaipen horien atzean «AEBek inoiz ikusi ez duten mugimendu politikorik handiena» dagoela iritzi dio Trumpek: «Gure herrialdeak ez du inoiz horrelakorik bizi izan; inork ez zuen horrelako garaipen bat espero. Eskerrik asko, MAGA [Make Amerika Great Again, Trump babesten duen mugimendua]».

Aldaketak etorriko direla iragarri du Trumpek, xehetasunik azaldu ez duen arren. «Gure herrialdeak laguntza behar du, eta nik sendatuko dut», esan du, eta erantsi du martxan jarriko dituela aurrerantzean «herrialde hobe bat» izateko neurriak: «Herrialdean gaizki dagoen dena konponduko dugu. Urrezko aroa hasiko da». Horiek horrela, haien eta haien familien alde egingo duela promestu die Trumpek bertaratutakoei: «Etorkizunean egun hau gogoratu eta emandako botoaz harro sentitzea nahi dut».

«Migratzaileak kanporatu»

Zin egindako neurri horietako zenbaitek migrazio politikekin izango dute zerikusia. Trumpek kanpainan behin baino gehiagotan ohartarazi du presidentetza berreskuratuz gero migrazio politika zorrotzagoak ezarriko dituela, migratzaile andana herrialdetik kanporatuz. Ideia hori ekarri du gogora Floridan: «Legez kontra herrialdean sartu diren migratzaileak kanporatu behar ditugu migrazio legala sustatzeko».

Migratzaileei dagokiena ez da izan iragarri duen neurri bakarra. Egungo nazioarteko gatazken testuingurua ere izan du hizpide Trumpek, eta esan du ez duela gerra gehiagorik nahi: «Ni ez noa gerrak hastera: gerrak bukatzera nator». Hori nola egingo duen, ordea, ez du zehaztu.

Trumpek bere familiarekin eta lantaldearekin batera aldarrikatu du garaipena. Garaipena baieztatzen bada haren presidenteorde izango den JD Vanceren balioa azpimarratu du, «tipo paregabea» dela esanez: «Etsaiaren lurretara joaten badaki; are gehiago, badirudi gozatu egiten duela». CNN telebista katea jarri du etsaien adibide gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.