Itzuli da. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente da berriz ere Donald Trump —kargu horretan izan zen 2017tik 2021era—. «Ezinezkoa zirudien, baina itzuli naiz, herritarrek hala nahi izan dute eta», esan du kargua hartu berritan emandako hitzaldian. Azaroan hauteskundeak irabazi ondoren, karguaren zina egin du gaur, eta, hala, AEBetako 47. presidentea bihurtu da ofizialki. Trumpen arabera, gaur bertan amaituko da AEBen «gainbehera», eta «urrezko aroa» hasi. Hain zuzen, esan du gaurtik hasita zenbait dekretu onartuko dituela horretarako: besteak beste, immigrazioa mugatzeko, etorkinak deportatzeko eta inflazioa geldiarazteko. Panamako kanala hartzeko asmoa berretsi du, eta bere gobernuarentzat bi genero baino ez daudela azaldu.
Etxe Zuriko giltzak berreskuratzearekin batera, Mexikoko mugako sarrailari bira gehiago eman nahi dizkio Trumpek. Nazioarteko hedabideek aurreratu dutenez eta hitzaldian presidenteak berak baieztatu duenez, larrialdi nazionaleko egoera ezarriko du AEBen hegoaldeko mugan. «Legez kanpoko etorkin oro» atxilotuko dutela agindu du, eta deportazioak hasiko dituztela. «Inbasioa» geldiarazteaz mintzatu da, eta gehitu du atzerriko «kartelak» erakunde terrorista izendatuko dituela.
Mugako larrialdi nazionalaz gainera larrialdi energetikoa deklaratuko duela ere agindu du Trumpek. Itun Berdea albo batera utzi eta, hitzeman du erregai fosilen produkzioa handituko duela. Inflazioa murrizteko neurriak ere iragarri ditu, eta atzerriko herrialdeetako produktuei muga zerga «handiak» ezarriko dizkiela baieztatu.
Neurri horiez gain beste zenbait ordena exekutibo emango dituela ere agindu du. Kongresuaren berrespenik behar ez duten aginduak dira ordena exekutiboak edo dekretuak, presidenteak zuzenean ezarri ditzakeenak. Ohikoa izaten da presidentearen agintaldiko lehen egunean zenbait dekretu onartzea, horien bidez datozen lau urteetarako bide orria irudikatzen hasteko, eta administrazio berriaren lehentasunak zein izango diren finkatzeko. Bada, woke deituriko ideologiari aurre egitea da Trumpen lehentasunetako bat. Eta lehen neurriaren berri eman du: «Gaurtik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarentzat bi genero baino ez dira izango: gizonezkoa eta emakumezkoa».
«Gaurtik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarentzat bi genero baino ez dira izango: gizonezkoa eta emakumezkoa»
DONALD TRUMPAEBetako presidentea
Hauteskunde kanpainako mitinetan erabilitako tonu bertsuan mintzatu da AEBetako presidentea: «Ezer ez da gure parean jarriko, estatubatuarrak gara eta. Etorkizuna gurea da». Ziurtatu du bera presidente kargura itzulita herrialdea berriz ere «errespetatua eta miretsia» izango dela. Eta errespetuaz eta miresmenaz gainera, Panamako kanala ere «berreskuratu» nahi du, esan duenez.
Groenlandia eta Kanada, azken asteetan hizpide izandakoak biak, ez ditu aipatu oraingoan, baina esan du astronauta estatubatuarrak bidaliko dituztela Martera. Manifest Destiny [Ageriko Patua] doktrinari ere egin dio erreferentzia: «Gure ageriko patuari izarretaraino jarraituko diogu: astronauta estatubatuarrak bidaliko ditugu Marten marrak eta izarrak jartzera». XIX. mendean du jatorria Manifest Destiny delakoak, eta, haren arabera, mendebaldera hedatzea zen AEBen patua. Historian zehar, ordea, espantsionismoa justifikatzeko erabili dute doktrina hori.
Halere, Panamako kanala hartzeko eta Martera iristeko asmoei buruz hitz egin aurretik, bakeaz aritu da: «Arrakasta ez da soilik borrokak irabaztea, baita gerrak amaitzea ere, eta, batez ere, gerretan ez sartzea». Eta «bakegile» izan nahi duela ziurtatu du.
Biden, ekitaldian
Duela lau urte, Trumpek Etxe Zuria utzi zuenean, ohartarazpen batekin esan zuen agur: «Nolabait itzuliko gara». Eta bete egin du agindutakoa. Egun hartan, 2021eko urtarrilaren 20an, Trumpek ez zion lekukoa eman Joe Bideni, Floridako bere etxetik ikusi baitzuen kargua hartzeko ekitaldia. Gaur, ordea, Washingtonen izan da Biden, eta Etxe Zurian hartu du Trump inaugurazio ekitaldiaren aurretik.
Kargua utzi aurretik, baina, zenbait neurri hartu ditu Bidenek: barkamen prebentiboa eman die bere familiako kideei, Kapitolioaren aurkako erasoaren inguruko ikerketa batzordeko kide izan ziren kongresukideei, Anthony Fauci AEBetan COVID-19 gaitzaren aurkako estrategiaren buru izan zenari, eta Mark Milley Trumpen aurkako kritikak egin izan dituen jeneral erretiratuari. Etxe Zuriak gaur goizean argitaratutako oharrean, zehaztu dute neurri hori hartu izanak ez duela esan nahi pertsona horiek delituak egin zituztenik. Barkamen prebentiboen bidez, Trumpek mendeku hartzea eragotzi nahi du Bidenen administrazioak.
Etxe Zurian tea hartu ostean, Biden eta Trump batera irten dira eraikinetik, eta auto berean joan dira Kapitoliora. Ekitaldia eraikinaren kanpoaldean zen egitekoa, baina hotzagatik barnean egitea erabaki dute; AEBetako Meteorologia Zerbitzu Nazionalaren arabera, ekitaldia hasi denean zero azpitik lau gradu zeuden Washingtonen.
Zin egitea, berandu
Trump 11:47an zen karguaren zina egitekoa —Euskal Herriko 17:47an—. Eguerdian egin ohi du zina AEBetako presidente berriak, baina Trumpek ordua aurreratzea erabaki du; AEBetako 47. presidentea delako hautatu du ordu hori. Azkenean, ordea, zin egitearen aurreko hitzaldiak luzatu egin dira, J. D. Vance presidenteordeak bere karguaren zina egin du, eta Trumpen txanda heldu denerako 12:00ak ziren [18:00ak Euskal Herrian].
Bidenez gain, AEBetako beste hiru presidente ohi ere joan dira Trumpek kargua hartzeko ekitaldira: Barack Obama (2009-2017), George W. Bush (2001-2009) eta Bill Clinton (1993-2001). Zortziehun pertsona inguru elkartu dira Kapitolioko kupularen oinarrian; 1985ean, gune horretan bertan hartu zuen kargua bigarrenez Ronald Reagan AEBetako presidente ohiak (1981-1989). Reaganek —2004an hil zen— eta Trumpek baino ez dute hartu kargua Kapitolioko gune horretan.
Ekitaldian izan dira eskuin muturreko zenbait agintari ere, hala nola Giorgia Meloni Italiako presidentea eta Javier Milei Argentinakoa. Hainbat teknologia enpresa handitako buruak ere bertaratu dira. Besteak beste, Jeff Bezos Amazonen akziodun nagusia, Mark Zuckerberg Metako burua, eta, nola ez, Elon Musk Tesla, SpaceX eta X enpresen burua. Trumpek iragarri zuen DOGE Gobernuaren Eraginkortasun Departamentuko buru izendatuko duela Musk.