Ez da aspertu Donald Trump. Ameriketako Estatu Batuetako presidente izandakoak (2017-2021) bart aurkeztu du 2024. urteko presidentetzarako hauteskundeetarako bere hautagaitza. Paradoxikoki, azken hauteskundeetan izandako porrota aitortu baino lehenago aurkeztu du hautagaitza berria.
«Berriz ere Amerika handia eta arrakastatsua egiteko, AEBetako presidente izateko nire hautagaitza aurkezten dut gaur», esan du Trumpek Mar-a-Lagoko (Florida, AEBak) bere etxean egindako agerraldian. Ordubete baina gehiago iraun du telematikoki igorritako hitzarteak. Trump hauteskundeetara aurkeztuko den hirugarren aldia da.
2020. urteko bozetako porrotaren inguruan, esan du hura ez zela amaiera izan, «amets amerikarra erreskatatzeko borrokaren hasiera baizik». «Duela bi urte, Etxe Zuria utzi nuenean, AEBak prest zeuden nire urrezko arorako», adierazi du errepublikanoak, bere agintaldian zehar hartutako hainbat neurri goraipatu eta gero. Tartean, aipatu ditu zergen jaitsiera «historikoak», «pandemia kontrolatu bat», «gizateriak sekula ikusi duen ekonomiarik handiena», edota «inoiz baino sendoagoa» izan zen Mexikoko muga.
Bere hautagaitzaren helburu nagusien artean, «ustelkeria masiboarekin amaitzea» azpimarratu du Trumpek: «Horrekin amaitzeko indar nahikoa izan dezakeen bakarra herria da. AEBetako herria munduko jenderik onena da, guztiak maite ditugu, bi aldeok maite dugu elkar. Guk gure jendea elkartu eta batuko dugu».
Primarioak
Presidente ohiak asteak zeramatzan Alderdi Errepublikanoaren primarioetarako hautagaitza aurkeztuko zuela iradokitzen. Ziurrenik, adituen arabera, Ron DeSantis Floridako gobernadorea izango du aurkari nagusi. Joan den asteko Kongresurako hauteskundeetan emaitza bikainak lortu zituen DeSantisek, eta Alderdi Errepublikanoaren zati bat behintzat badu bere alde. Trumpek, gainera, alderdikideen kritika ugari jasan behar izan zituen 2020ko bozetan galdu ostean.
Trump, ordea, ohiko moduan, ziur da bere buruaz. Bart esan du berak Alderdi Errepublikanoko militanteen %71ren babesa duela, eta DeSantisek %10ena.
Indonesian egiten ari diren G-20koen bileratik erantzun dio Joe Bidenek, AEBetako egungo presidenteak: «Amerikari huts egin zion Trumpek».
Donald Trump failed America. pic.twitter.com/fylyocYcse
— Joe Biden (@JoeBiden) November 16, 2022