Liskarrak herrialde arabiarretan

Domino efektuak Egipto eta Yemen ere harrapatu ditu

Erreforma politikoak, ekonomikoak eta sozialak eskatzeko protestek sei hildako eta 700dik gora atxilotu utzi dituzte EgiptonAljerian eta Jordanian ere liskarrak izan dira Tunisiako iraultzaz geroztik

Samara Velte - Elixabet Epelde
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Tunisian Zine El Abidine Ben Aliren agintearen amaiera eragin duen herritarren iraultza herrialde arabiarretara zabaltzen ari da. Hilaren 14an, 23 urtez erabateko boterea izan duen diktadoreak ihes egin behar izan zuen herritarren presioa ikusita. Tunisiarren garaipen horrek kalera ateratzera bultzatu ditu inguruko herrialdeetako herritarrak agintarien aurka protesta egiteko. Liskarrak Aljeriara, Egiptora eta Jordaniara zabaldu dira, eta azken egunotan, baita Yemenera ere. Libian eta Marokon, berriz, protestarik txikienak ere errepresio gogorrarekin ito dituzte.

Biztanleria gaztea, langabezia tasa altua eta elikagaien garestitzea dituzte herrialde guztiek. Baita demokrazia falta ere. Herrialde horien antzekotasunak kontuan hartuz, analista politikoek domino efektua gertatzen ari dela ohartarazi dute. Ben Aliren atzetik herrialde arabiarretako beste hainbat agintariren txanda hel daitekeela, alegia.

Kasik Tunisiarekin batera egin zuen eztanda Aljeriak. Herritarrek hiriburuan 1992tik manifestazioak egiteko debekuari aurre egin zioten, Aljerko kaleak hartuz. Dena den, egoera zertxobait baretu da azken asteotan; gobernua prezioen igoerei mugak jartzen hasi denetik, batik bat. Jordanian ere aurreko asteetan Samir Rifai lehen ministroaren kontra protesta baketsuak egin dituzte. Gaurko ere manifestazioak antolatu dituzte, eta Abdala II.a erregeak erreformak azkartzeko eskaera egin dio gobernuari. Izan ere, orain arte gobernuak herritarrak baretzeko iragarri dituen neurriak ez dira nahikoa izan normaltasunera itzultzeko.

Azken egunotan Egipton eta Yemenen dituzte liskarrik gogorrenak. Tunisian, bestalde, demokraziarako bidean liskarrekin jarraitzen dute, Ben Aliren arrastoarekin betiko amaitu nahi baitute herritarrek.

Egipto Gidaririk gabeko iraultza

Lanpostuak, biltzeko eta adierazteko askatasuna eta Hosni Mubarak presidentea kargutik kentzea; horiek dira azken egunotan Kairo, Alexandria eta Suezko kaleetan gehien entzun diren aldarrikapenak. Duela ia 30 urtetikdago Mubarak agintean.

Asteartean hasitako protestek dagoeneko sei hildako eta 700 atxilotutik gora utzi dituzte, AHNRI giza eskubideen informaziorako sare arabiarrak emandako datuen arabera. Manifestazioen debekuari aurre eginda, milaka lagun atera dira kalera, erreforma politiko, ekonomiko eta sozialak eskatzera. Borrak eta negar gasak izan dira, gehienetan, gobernuaren erantzuna.

Dena den, gaurko espero dira protestarik gogorrenak: «Haserrearen eta askatasunaren ostirala» izan dadin, kalera irteteko deia egin dute antolatzaileek.

Ikusteko dago atzo arratsaldean Mubaraken alderdiak egindako adierazpenek manifestarien itxaropenak bete dituzten: PND Alderdi Nazional Demokratikoko idazkari nagusi Safuat Sherifen arabera, «PNDk beti babestu izan ditu herritarren aldarrikapenak», eta «kontuan hartzen du gazteen iritzi eta adierazpen askatasuna». Azken egunotako protestei garrantzia kendu nahi izan die, «interes politikoekin eta kaosa sortzeko asmoz» bultzatu dituztela esanez.

Mubaraken alderdiari, besteak beste, hauteskundeak manipulatzea leporatzen diote; azken bozetan legebiltzarreko eserlekuen bi heren eskuratu zituen, oposizioa ia ezerezean utziz.

Egiptokoa herri mugimendua izan da guztiz: ikasleek, sindikatuek, banakoek eta bestelako eragileek bultzatu dute errebolta. Horretarako ezinbesteko tresna bihurtu zaie Internet; Facebook eta Twitter sare sozialetatik hedatu dituzte protestetarako deialdiak. Horren jakitun, Interneteko hainbat gune ixteko agindua eman du Egiptoko Gobernuak.

Oposizioko sinboloa, Mohamed El Baradei, Vienatik Egiptora itzuli da, «beste aukerarik ez dagoelako». Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari izandakoa eta Bakearen Nobel sariduna da El Baradei, eta, berak dioenez, trantsizioa gidatzeko itzuli da, «jendeak hala nahi badu, batez ere gazteek».

Gidari berriari, ordea, Europan, Egipton gertatzen ari zenetik urrun, denbora gehiegi pasa izana leporatzen diote askok; pentsatzekoa da zenbaitek oportunismo kutsua hartuko diotela haren itzulerari.

Amnesty Internationalek Egiptoko Gobernuaren jokabidea salatu du, protestetan negar gasa eta gomazko balak erabiltzea «arduragabea» izan dela argudiatuz, eta hildako manifestarien heriotzak argitzeko eskatu dio.

Bestalde, Interneteko zenbait gune itxi eta leku batzuetan telefonia mugikorreko sareak ezgaitu izana salatu du: «Horrek erakusten du gobernuak ez duela nahi munduak jakiterik Egipton zer gertatzen ari den eta manifestariak bakartu nahi dituela».

Yemen Tunisiaren adibideari jarraiki

Sanan, Yemengo hiriburuan, milaka lagun elkartu ziren atzo lau gunetan, Ali Abdala Saleh presidentearen aurka protesta egiteko. Elkarretaratze handiena Yemengo Unibertsitatearen aurrean egin zuten; 10.000 lagun inguru bertaratu ziren, Salehri hauteskundeetara berriro ez aurkezteko eskatzeko. Unibertsitate horretan aurreko asteburuan ere izan ziren protestak; ehunka ikasle bildu ziren, batzuk Salehren dimisioa eskatuz eta beste batzuk haren alde eginez. Tawakul Karman ekintzailea asteburuan atxilotu izanak areagotu egin ditu aste honetako protestak.

Saleh 1978an izendatuzuten Yemen iparraldeko buru; 1990ean, hegoaldeak eta iparraldeak bat egin zutenean, Yemengo Errepublikako presidente izendatu zuten. Orduz geroztik bi aldiz irabazi ditu hauteskundeak.

Yemengo konstituzioaren arabera, pertsona berak bi agintaldi baino ezin ditu egin. Salehri, ordea, legea aldatu nahi izatea leporatzen diote, aurrerantzean ere gobernatzen jarraitzeko, edo agintea bere seme zaharrenari pasatzeko.

Manifestazioetan istilu nabaririk izan ez den arren, etengabeak izan dira Tunisiarekiko erreferentziak: hango presidente Ben Alik ere legediak onartu baino urte gehiago egin ditu gobernuan, eta Konstituzioa bere mesedetan aldatu izana egotzi izan diote behin baino gehiagotan. Agentzien arabera, Sanako protestetan behin eta berriz errepikatutako lelo bat da «Konstituzioak markatutako muga gainditzen duena joan dadila Jidara», Ben Aliren erbesteratzearen aipamena eginez.

Salehk gezurtatu egin zituen akusazio horiek joan den igandean: «Errepublika bat gara. Ez dugu presidentzia herentzian ematen».

Yemengo Gobernuko Barne Arazoetako ministro Motahar Rashad el-Masrirentzat, Yemengo protestek ez dute ez zerikusirik, ez eta antzekotasunik ere Tunisian eta Egipton gertatutakoekin: «Yemen ez da Tunisia bezalakoa; hemen pluraltasun politikoa eta demokrazia dago, testuinguru baketsuan». Al Jazeera hedabide arabiarrari egindako adierazpenetan esan du Poliziak ez duela indarra erabiliko «manifestariek legea errespetatzen badute».

Oposizioko Batzorde Bateratuak egin du kalera irteteko deia. Erreforma Islamiarrerako Alderdiak eta zenbait alderdi laikok osatzen dute batzorde hori; besteak beste, Baaz alderdi arabiar sozialistak.

Tunisia Iraganarekiko haustura eske

Zine El Abidine Ben Aliren garaiko ministro garrantzitsuenak kargutik kentzeko proposamena egin zuen asteazkenean Fuad Mebaza behin-behineko presidenteak. Izan ere, diktadoreak ihes egin eta egun gutxira izendatu zuten batasun nazionaleko gobernuak ez zituen herritarrak gogobete eta egunero kalera irten dira iraganarekiko etena eskatzeko.

Barne, Atzerri, Defentsa, Finantza eta Justizia ministroak ordezkatzea erabaki du Mebazak. Kamel Morjan Atzerri ministroakpresioaren aurrean dimisioa aurkeztu du, «iraultzak bere helburuak bete ditzan». Dena den, Ben Aliren zerbitzura egon ziren hainbat agintarik karguei eutsi diete, hala nola bi ministrok —industriakoak eta nazioarteko kooperaziokoak—, baita Mohamed Ganutxi lehen ministroak ere. UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatuak, hain justu, Ganutxik agintean jarraitzea onartzen duela iragarri du.

Azken egunetan egoerak baretzera egin badu ere, protestak ez dira guztiz eten. Hala, Mebazaren neurrien iragarpenaren ostean, milaka herritar atera dira kalera trantsizio gobernuaren aurka Sidi Buzik hirian. Hain justu, hiri horretan eman zion hasiera iraultzari, Mohamed Buzizik bere buruari su emanez.

Manifestariek «martiriei amaieraraino leialtasuna» erakutsiko dietela oihukatu dute behin eta berriz, protesten errepresioan hil dituzten herritarrak gogoan zituztela. Ganutxiren kargugabetzea ere eskatu dute. Hamabi urtez Ben Aliren lehen ministro izandakoa behin-behineko gobernutik kanpo ikusi nahi baitute.

Horrez gain, duela hainbat egun protesten iturburu izan den hiritik manifestarien karabana bat abiarazi zen Tuniseraino. Igandean heldu ziren lehen manifestariak eta ordutik heltzen doazen guztiak lehen ministroaren bulegoaren parean bildu dira beste gobernu bat eskatzeko.

Bestalde, Tunisiako Justiziak nazioarteko atxilotze agindua igorri du Ben Aliren, haren emazte Leila Trabelsiren eta azken horren familiako hainbat kideren aurka. Legez kanpo ondareak eskuratu izana eta atzerrira dibisak transferitu izana leporatzen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.