Osasun arazoak tarteko, Dominique Pelicoten deklarazioa atzeratuz joan da, harik eta gaur epailearen aurrean hitz egin zuen arte. Gisele Pelicot emaztearen aurka egindako guztia aitortu du: 2011tik 2020ra emaztea konortea galdu arte drogatzea, eta Internet bidez gizon batzuekin harremana egin eta emaztea bortxatzera eramatea.
Guztira, 70 bat gizon eta ehun bat bortxaketa zenbatu ditu Poliziak, baina horietarik 50 baizik ez dituzte auzipetu ahal izan. Hala, Pelicot eta beste 50 gizon epaitzen hasi ziren irailaren 2an, Avignongo Zigor Auzitegian (Okzitania), eta abenduaren 20ra arte iraun beharko luke auziak. Akusatuak 24 eta 74 urte artekoak dira.
2020ko udazkenean atxilotu zuten Dominique Pelicot, denda bateko aldageletan neska batzuk filmatzeagatik. Orduan, haren sakelako telefonoa miatu zuen Poliziak, eta 20.000tik iruditik gora atzeman zituzten, zeinetan gizonak agertzen ziren Gisele Pelicot bortxatzen, emakumea konorterik gabe zelarik.
Beste akusatuak
Akusatu nagusiaren deklarazioa funtsezkoa izan da epaiketak aurrera egin eta beste akusatuak ere deklaratzen hasteko. «Bortxatzaile bat naiz; egindako guztia egin dudala aitortzen dut», esan dio epaileari. 71 urteko gizonezkoak argi aitortu du egozten diotena hala dela. Haren defentsak adierazi zuen aitortza hori egingo zuela, eta haren asmoa dela erakustea «munstroenen pareko ekintzak» egin daitezkeela «munstro bat izan gabe ere». Baliteke Pelicoten abokatua ahalegintzea beste akusatuek egindako bortxaketekiko loturari izkin egiten; izan ere, akusatu nagusiak ñabardura bat egin du aitortza egitean: «Bortxatzaile bat naiz, areto honetan dauden gizon akusatu guztiak bezala».
«Niretzat zaila da Pelicot jaunak esan berri duena entzutea; bazekien ekintza basa horiek egin zituela nire aurka»
GISELE PELICOTBiktima
Akusatu nagusiak bide beretik jarraitu du epailearen aurrean: «Ez gara maltzur jaiotzen: maltzur bihurtzen gara». Jakinarazi du haurra zenean bortxatu egin zutela, eta horrek «eragin handia» izan duela bere izaeran. «Giselek ez zuen merezi haren aurrean aitortzen ari naizen hau egitea». Amaitu aurretik ukatu du emazte «objektu gisara» ikusten zuela: «Paradoxikoa bada ere, emaztea ez dut objektu gisa ikusi, bideoetan bestela dirudien arren».
Nor zen gizon hori?
Emazteak, Gisele Pelicotek, adi entzun du haren deklarazioa. Ondoren, hitza hartu du: «Niretzat zaila da Pelicot jaunak esan berri duena entzutea. 50 urtez gizon batekin bizi izan naiz... segundo batez ere ez nuen pentsatu bortxaketa ekintza horiek egin zituenik». Eta berretsi du senarra ohartzen zela zertan ari zen: «Bazekien bortxaketa eta basakeria ekintza horiek egin zituela nire aurka».
«Paradoxikoa bada ere, ez dut nire emaztea objektu gisa ikusi, bideoetan bestela dirudien arren»
DOMINIQUE PELICOTAkusatua
Dominique Pelicotek hartu du gero berriz hitza, Vaucluseko epailearen galderei erantzuteko: «Egin nuen horren erruduna naiz. Emazteari, seme-alabei, bilobei eskatzen diet, mesedez, onar dezatela barkamena. Sentitzen dut egin nuena egin izana, barkamena eskatu nahi dut, nahiz eta barkatzeko modukoa izan ez».
Gisele Pelicoten abokatu Antoine Camusek uste du epaia idatzirik dagoela jadanik. «Nire bezeroek zera soilik nahi dute, ulertu zein zen hezi zituen gizon hori, zein zen 50 urtez haiekin bizi izan zena, zeren eta egun batez ohartu ziren ez zutela ezagutzen. Seme-alabentzat, 40 urte inguru dituzten honetan, garrantzitsua da hori jakitea, beren bizitzaren bizkarrezurra hautsi egin baita».
«Ez zaudete bakarrik»
Epaiketa hasi aurretik, auzitegiko atarian, hedabideentzat hitz egin zuen atzo Gisele Pelicotek, eta mezu argia igorri zien sexu indarkeriaren biktimei: «Ez zaudete bakarrik». Jasotako babes guztia eskertu zuen, eta, zehazki, hiri askotan haren alde egin diren manifestazioak. «Zuei esker indarra daukat borroka hau bururaino eramateko. Borroka hau sexu indarkeriaren biktima izan diren guztientzat da, gizon eta emakume. Begiratu zuen ingurura: ez zaudete bakarrik».
Euskal Herrian ere jaso du babesa Gisele Pelicotek. Baionako Auzitegiaren aitzinean bildu ziren herritar anitz larunbatean. Sutan kolektibo transfeministako eledun Elaia Hegik esan zuen Dominique Pelicot ez dela munstro bat, «gizon bat baizik». Erantsi zuen «edozein gizon» izan zitekeela: «Zure bizilaguna, medikua, irakaslea, elektrikaria, postaria; familia perfektu bateko aita, etxeko jaun jatorra, zure senarra...».
Sutan kolektiboko kideak adierazi zuen erasotzaileak ez direla baitezpada ipuinetan edo telebistan ikusten diren mamuak eta gaiztoak bezalakoak, gizon arruntak baizik. «Ez dira gizon guziak» esaldia behin eta berriz entzuten dela azpimarratu zuen Hegik, eta, alta, Gisele Pelicoten kasuan, adibidez, «gizonak baizik» ez direla izan: «Gizon aberatsak, gizon langileak, adin guzietakoak, eta jatorri guzietakoak».