Frantziako lehen ministro Elisabeth Borneren esku dago Yvan Colonna militante independentistaren heriotzari buruzko txostena. Lerro hauek idazteko ordurako, Parisek artean ere ez zuen ezagutarazi txostena. Aldiz, Bornek berak iragarri zuen diziplina espediente bana ireki dietela Arlesko espetxeko bi zaindariri, zaintza lanetan hutsak egiteagatik, eta bideozaintza behar bezala ez kudeatzeagatik.
Txostenak hainbat «aholku» biltzen ditu, eta horiek guztiei kasu egingo diela iragarri du Frantziako gobernuburuak. Jarraibide horietako sei Arlesko espetxe zuzendaritzarentzat dira. Dokumentuak eskatzen dio «kontrol neurriak eta bideozaintza» hobetu ditzala, zerbait gertatuz gero zaindariek «berehala» esku hartu ahal izan dezaten. Horrez gain, espetxe barruan «muturreko jarrerak» eragozteko politikak bultzatzeko ere aholkatzen du dokumentuak.
Colonna martxoan hil zen, beste preso batek eraso egin ostean. Erasotzaileari «hilketa ahalegin terrorista» egotzi diote. Militante nazionalista 2003tik zegoen preso, eta bizi guztiko kartzelaldi zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortu baitzuten. Gainera, DPS estatusa zuen, bereziki zainduriko presoei dagokiena, eta horrek eragotzi egiten zion Korsikako kartzela batera hurbiltzea; urteotan hainbatetan eskatu dute DPS estatusa kentzeko, baina beti ezezkoa jaso zuen. Haren hilketak zeresan handia eman zuen Korsikan eta Frantzian, eta, erasoaz geroztik, aspaldidaniko manifestaziorik eta mobilizaziorik handienak egin zituzten irlan.